Lutxi Gartzia Gil: "Gautxoria naiz, amari sarri esan izan diot saguzarra izan behar nintzela"

Mirari Altube Arrese 2011ko ots. 2a, 01:45

Lutxi Gartzia aparteko saltsa sortzailea da. Hainbat denda eta tabernatan lan egindakoa, jendearekin egotea du gustuko. Gurasoak Bastidakoak (Araba) ditu eta "odol errioxarraren" zantzuak dituela dio.

Eta non igartzen zaizu Errioxa aldeko odol hori?
Aretxabaletarrak baino irekiagoa naizela uste dut, alaiagoa, baita saltsa askotan dabilena ere.

Asko joaten zara Bastidara?
Bai, gurasoak bertan bizi dira eta sarri joaten gara.

Eta ezberdinak dira bi herriak?
Oso ezberdinak. Herriko giroak ez dauka zerikusirik, jendea askoz irekiagoa da, alaiagoa, eskuzabalagoa… Aretxabaletarrak itxiagoak gara, denbora luzeagoa behar dugu konfiantza hartu eta zabaltzeko. Bestalde, klima ere guztiz diferentea da.

Hainbat denda eta tabernatan egin duzu lan; gustuko duzu jendearekin egotea?
Bai, izugarri. Halako lanetarako jaio naizela uste dut eta 17 urte nituenetik nabil horretan: jendearekin egon, diotena entzun eta psikologo lanak egin… Kooperatiban lan egiteko aukera izan nuen, baina oso aspergarria iruditzen zait lan hori.

Eta zer gurago: herrian bertan lan egitea edo kanpoan?
Arrasaten eta Bergaran ibilita nago; gustura, gainera. Herrian bertan zailagoa dela uste dut, kontu handiagoarekin hartu behar direlako bezeroak.

Parrandazalea zara?
Bai, izugarria. Gautxoria naiz, amari txikitan esaten nion saguzarra izan behar nintzela. Gainera, gauetan askoz aktiboagoa naiz, egunez kosta egiten zait martxa hartzea.

Herriko jairik gustukoena?
Aratusteak. Gehienetan lan egitea egokitu izan zait tabernaren baten, baina barra atzetik oso gustura bizi izan ditut: mozorroak ikusi, herritarrak zaindu… Lan handia izaten da egun horretan, baina merezi izaten du.

Zeu mozorrotzen zara?
Bai; behin UDAkoekin eta gainerakoetan tabernako kideekin, lanean egoten naizelako.

Gau giroak behera egin duela gurean uste duzu?
Bai, asko jaitsi da. Pentsa, taberna bakarra geratzen da zabalik Aretxabaletan 03:00retatik aurrera. Eta bertan elkartzen dira gaztetxoak, gurasoak eta aitaita-amamak.

Eta kontu "arraroak" ikusten dira gauean?
Bai, kontu benetan "arraroak" ikusi izan ditut. Dena den, gaua lotsa galdu eta ondo pasatzeko erabiltzen dute herritarrek, giro sanoan, laneko eta asteko kontuak ahazteko dantzan eginez.

Musikazalea zara, gainera.
Bai; musika klasikoa oso gustuko dut. Klarinetea jotakoa naiz urte askoan; Bergarako orkestran 22 urte inguru eta Arrasatekoan, 10 bat. Europa eta Espainiako herri askotan izandakoa naiz klarinetearekin, baina oso sakrifikatua da halako jardunari eustea, eta semea izan nuenean utzi egin nuen.

Eta dantzatzeko zein musika?
Edozein, modan dagoen guztia. Hankak bakarrik hasten zaizkit dantzan musika entzundakoan.

Futbolzalea ere bazara, ezta?
Bai! UDAko zale amorratua naiz, Belen Estebanek esango lukeen moduan: "¡Por la UDA, mato!".

Orduan, asko berotzen zara futbol zelaietan…
Bai, oihu batzuk ateratzen ditut. Kanpora ere asko joan izan naiz eta Pasaia eta Hondarribia aldean ere ezagutzen naute.

Eta Real Madril taldeko zale zara!
Bai! Merenge peto-petoa, gainera; Bernabeun ere egonda nago partiduak ikusten.

Hala ere, Realeko jokalariak gurean izan zirenean gustura ibili zinen euren artean…
Reala ere gustuko dut-eta. Bihotza erdibituta izaten dut bi taldeek elkarren aurka jokatzen dutenean. Eta egia da, jokalarien artean argazkiak ateratzen eta sinadura eske ibili nintzen.

Zer dute, ba, futbol jokalariek halako ikusmina sortzeko?
Ez dakit, ba, ez ditugula eskura… Bizitzan behin izaten da euren alboan egoteko aukera eta aprobetxatu egin behar...

Eta euretakoren bat gustuko?
Claudio Bravorekin "maiteminduta" geratu nintzen; atzetik jarraika jardun nuen jertse eske eta bi muxu eman zizkidan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak