Iñaki Nafarrate: "Gure gobernuaren helburua izan da Arabatik ekartzea ahalik eta diru gehien Aramaiora"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko urt. 28a, 11:51

Aramaio eta Arrasate arteko errepideak sortutako arazoez, Arabako EAJko kideen ustezko ustelkeriaz eta Arabako Diputazioan egindako lanez dihardu Aramaioko alkate izandakoak. Arabako Toki Administrazioko eta Lurralde Orekarako foru diputatua da.

Zelan ikusten dira Gasteiztik, Foru Aldunditik, Aramaioko kontuak?
Beste modu batera, jakina. Kontuan izan Aramaion Euzko Alderdi Jeltzalea egon dela gobernatzen urte askoan. Gure helburua izan da Arabatik ekartzea Aramaiora ahalik eta dirulaguntza gehien Aramaioko hainbat egitasmo aurrera ateratzeko.

Oraingo astean urtebete da Cuatrovientosko maldan luizia gertatu zela eta Arrasate eta Aramaio arteko errepidea itxi zela. Haserre zaudete aramaioarrak.
Bai. Oso esperientzia gogorra da. Ez dago eskubiderik 1.500 laguneko herri bat eta bertara joan-etorria egin behar dutenak urtebetez egoera horretan edukitzeko. Madrildik egiten diren lanak dira eta haien premiak ez dira Aramaio behar moduan komunikatuta edukitzea, baizik eta Lastertasun Handiko Trena egitea. Kaltea sortu duena Adif erakundea da eta hark ordaindu behar du kamino berria eginda. Zoritxarrez, Foru Aldundiak, lurraldeko errepideen konpetentzia eduki arren, kontu honetan ez dauka zartagin-kirtena eskutik. Guk esan diegu kamino berriak zelakoa behar duen izan, baina, osterantzean, dirua, epeak eta abar Adifek kudeatu ditu. Aramaioarrak oso haserre gaude.

Dena den, lanak laster amaituko dira, ezta?
Ez dago jakiterik. Aldundian, Errepideetako diputatuari galdetzen diot astero, baina azkenaldian data asko darabilgu mahaiaren gainean. Abendu amaierarako esan zuten lehenengo; urtarril amaierarako gero, eta orain otsailerako gertu egongo dela esaten dabiltza. Madrilgo agintariak ez dira batere sentiberak hemengo obrekiko.

Aldundiak ez dauka, baina, errepideen eskumena Araban?
Bai, eta, esan dudan moduan, baldintza teknikoak-eta hark jartzen ditu. Baina proiektua, Arrasatetik Aramaiora arteko errepidean, esaterako, Adif erakundeak egin du.

Zer da zehatz-mehatz Aramaion egin den obra?
Errepidearen trazatua aldatzen dabiltza luizia egon zen tokian. Errekaren eskumako ertzetik doa orain; hau da, lehengoaren beste aldean. Horretarako, bi zubi berri jarri dira eta luizia gertatu zen tokian, errekaren ezkerreko aldean, maldari eusteko, eskoilera handi bat egin dute.

Lan horien kostua?
Hasieran 12 miloi euro ziren. Obra osoa: Arrasate eta Aramaio arteko errepidea konpontzea eta Untzillara doana ere egokitzea. Baina diru aldetik zurrumurru txarrak entzuten dira, gauza onik ez.

Agintaldia amaitzera doa, hurrengo hauteskundeak bistan ditugu. Ze balorazio egiten duzu Diputazioan egindako lanaz?
Oso pozik gaude. Sentsazio onak dauzkagu eta inkestek diote gora goazela Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburu guztietan eta, batez ere, Araban. Agintaldi honetan ibili gara herriz herri, udalez udal… batzorde administratibo guztiak bisitatu ditugu, astero-astero. Araban daude 375 batzorde administratibo eta 50 udalerri. Eta denetan izan gara, bertako jendearekin, entzun egin diegu, premiak aintzat hartu… Jendeak nahi du gure aurpegia ikusi, dituzten arazoak kontatu eta guk haiek entzutea.

Toki Administrazioko eta Lurralde Orekarako foru diputatua zara. Zerk eman dizu buruhauste handien?
Diruak banatzeko daukagun arauak, 1997. urtekoa delako. Arauak dio Foru Aldundiak eman behar dituela %80ko dirulaguntzak eta gainerakoa, batzorde administratiboak, baina, kopurua handia bada, askotan, batzorde administratiboak ez dauka horri aurre egiteko adina diru. Arau berria eta finantzazio modu berria onartu gura ditugu.

Karguak eman dizu aukera lurraldea hobeto ezagutzeko, ezta?
Koadrila batetik bestera ezberdintasun handiak daude. Esaterako, Arabako Errioxa oso ondo dago azpiegitura eta ekipamenduen aldetik. Baina, beste aldean, Añana Koadrilan, batzorde administratibo asko daude eta behar itzelak dituzte. Baina horiei aurre egiteko dirurik ez dutenez, ezin dituzte obrak aurrera atera. Mantentze-lanetarako ere premia handiak dituzte. Horregatik, foru arau berria egin behar da eta dirulaguntza bereziak behar dira atzeratuta dauden koadrilak aurreratzeko eta lurraldea orekatzeko.

Aramaiok ze premia dauka eta zela erantzun ahal zaio Foru Aldunditik?
Gure nahia izan da beti Aramaiora dirua ekartzea eta, esate baterako, agintaldi honetan ekarri ditugu ia 2 milioi euro. Hori gero erabili egin behar da, gastatu egin behar da. Esaterako, 2008an, eman genion Aramaioko Udalari milioi bat euro Etxaguengo azpiegiturak berritzeko, baina oraindik ez da hasi obra hori. Bestalde, aurten ere, Aramaiori bi obra eman dizkiogu, Azkoagan eta Untzillan egiteko, bietarako ia milioi erdi euro. Baina ikusten dugu Aramaioko Udalak ez diola horri erantzuten eta beste lehentasun batzuk dituela.

Zein izan da Araban EAJk, Aralarrek eta EAk osatutako gobernu koalizioaren ekarpen garrantzitsuena?
Hiru alderdi elkartu eta gobernu abertzalea osatzea. Lan ona egin da, gainera. Pena da azkenaldian apurtu izana. Aralarrek gobernua lagatzearen inguruan ez daukat ezer esateko, bere momentuan arrazoiak eman zituzten eta kito. Baina EArena beste kontu bat da. Izan ere, diputatuen kontseiluan gauza bat onartu eta batzarretara eroaten zenean, han, euren diputatuek aurka bozkatzen zuten. Hori ez zait zuzena iruditzen. Aurrekontuak onartzerakoan ere hala jokatu dute eta horregatik joan behar izan dute gobernutik. Hauteskundeak gero eta hurbilago daude eta horrek eragina izan du EAren erabakian.

Zein da Araban EAJk daukan ahultasun nabarmenena?
Abertzaletasun aldetik lan handia daukagu egiteko. Hiriburuan abertzaletasunak ez dauka indar handirik, hor eragin behar dugu. Lurraldean bai, indar handia daukagu, baina hiriburuan ez. Gorka Urtaran da gure alkategaia Gasteizerako; harekin bai, harekin irabaziko du EAJk Gasteizen. Cuerdarekin egon zen Maria Jesus Agirreren semea da.

Arabako EAJ jomugan dago azkenaldian alderdikide batzuen ustezko irregulartasunak direla-eta. Zer deritzozu?
Inputatuta daudenetako batzuk lagun ditut. Dena bihurtu da hedabideen zirku. Batez ere sozialistek eta popularrek menderatzen dituzten hedabideek, El Pais-ek, El Correo-k eta El Mundo-k bultzatuta. 10 hilabete daroagu kontu honekin, ez dute ezer frogatu. Ez dago ezer. Frogatu egin behar da inputatuak errudun direla, baina bitartean, errudun jo dituzte hedabideek eta orriak eta orriak betetzen ari dira haien aurkako albiste interesatuekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak