Emendakin txiki batekin, 'Sinde legeak' aurrera egin dezake Senatuan

Jon Berezibar 2011ko urt. 25a, 12:22

PSOE, PP eta CiUk adostutako emendakin berriak salaketaren ostean epailearen figura sartzen du, hark eman beharko baitizkio Jabetza Intelektualaren Batzordeari egileak salatutako webgunearen identifikazio datuak. Funtsezko bestelako aldaketa gutxi dago ze González-Sinde ministroak berak baieztatu du "azaleko erreforma" dela. Honenbestez, Senatuan onartuko dutena Sinde legea bera da, modifikazio txiki batekin. Urraketa egiten duten loturak ezabatzeko epeak ere laburtu egin dituzte: 48 ordukoa izango da. Kontuak kontu, aurreko bertsioan bezala, lege honetan batzorde batek hartuko luke webgune bat ixteko erabakia eta epaile batek betearazi. Legearen aurka daudenek diote epaileari gatazkan sakontzea ekiditen zaiola ezinbestean.

CiUren azken orduko atxikipenarekin, emendakinak aurkezteko epearen amaieraren azken orduetan, Sinde legeari bultzada berria emateko hitzarmena lortu dute PSOEk eta PPk. Hortaz, emendakin batekin Espainiako Senatuan aurrera egitekoa da ziber-kalapitaren legea. Aldekoek diotenez, berme judizialak indartuko dira eta berme berriarekin.

Salaketa prozesua

Hain zuzen, aldaketarik nabarmenena alor horretan egin dute, izan ere, testu berrian zehazten da webgune bat ixteko prozesuaren lehen fasean epaile batek hartuko duela esku. Hortaz, legearen arabera, honako hau izango litzateke garapena: Egile eskubideen titularrak Jabetza Intelektualaren Batzordeko Bigarren Sekzioan salatuko luke bere obra baimenik gabe estekatzen duen webgunea. Une horretan sartuko litzateke modifikazioak dakarren epailearen lana ze aipatutako batzordeak epaile horren baimena beharko du webgunearen identifikazio datuak jakiteko.

Epeak ere laburtu dituzte

Epaileak batzordearen eskaera horri 24 orduko epean erantzun beharko dio eta behin baimena jaso eta webgunearen kudeatzaileak ohartarazita, hauek 48 orduko epea izango dute lotura horiek borondatez ezabatu ala beharrezko jotzen dituzten alegazioak aurkezteko. Estekak ez badira erretiratzen, hiru egunetako epean argitaratuko da epaia eta prozesu guztiak 15 eta 17 egun bitartean iraungo du.

Gauzak horrela, alde guztiak bat datoz eta baieztatzen dute, ministroak agertu moduan, "azaleko erreforma dela" eta, honenbestez, Senatuan onartuko dutena Sinde lege zalapartatsuaren kalko hutsa dela ia. Kontuak kontu, aurreko bertsioan bezala, lege honetan batzorde batek hartuko luke webgune bat ixteko erabakia eta epaile batek  betearaziko luke. Epaileak soilik ixte hori aztertuko luke neurriak, besteak beste, Espainiar Konstituzioaren 20 artikulua urratuko balu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak