Lanbidek hasi du bere ibilbidea

Txomin Madina Milikua 2011ko urt. 3a, 18:01

Iragarri legez, urte berriarekin batera jarri da martxan Lanbide, Euskal Enplegu Zerbitzua. Arduradunen esanetan SPEEtik, lehengo INEMEtik, Lanbiderako trantsizio prozesua konplexua izango den arren, asmoa da herritar zein enpresek ahalik eta gutxien nabaritzea aldaketak.

Orain arte Eusko Jaurlaritzak, Egailanek eta SPEEK, garai bateko INEMek egindako lanak hartuko ditu bere gain Lanbidek. Hala, aurrerantzean Lanbide arduratuko da enplegu-politika aktiboen inguruko plangintzaren, kontrolaren, ebaluazioaren eta preskripzioaren inguruko egiteko gehienez, nahiz eta Enplegu eta Gizarte Sailaren esku geratuko den enplegu-politikaren plangintza estrategikoak eta arauak ezartzea. Euskal Enplegu Zerbitzuaren ibilbidea baina, ez da berehalakoan osatuko; aurreikuspenen arabera, bi urte beharko ditu Lanbidek guztiz garatzeko.

Javier Ramos izango da Lanbideren zuzendari orokorra eta adierazi duenez, Euskal Enplegu Zerbitzuak bere denbora beharko du zerbitzu ona eskaini eta kolapsoa ekiditeko. Ramosen esanetan, trantsizioa konplexua izango da;  asmoa da baina, hasieran behintzat, herritarrek eta enpresek aldaketak estetika aldetik bakarrik nabaritzea. Hala, hasi dira hainbat bulegotan aldaketa estetikoekin. Debagoienean, Arrasaten izango du bere bulegoa Lanbidek; orain arte SPEEren bulegoak egon diren eraikinean. Hemen baina, momentuz behintzat ez da itxura aldetik ezer aldatu. Langileei dagokienez, asmoa da prozesu guztia amaitzean, 750 langile izatea Lanbidek.

Oinarrizko errenta

Lanbideren funtzio berriei dagokienez, oraindik ere urte erdi itxaron beharko da gutxienez oinarrizko errentaren kudeaketa guztiz bere gain hartzeko. Orain arte, udaletako gizarte zerbitzuetan eskatu behar zen errenta, aldundiek erabakitzen zuten eman ala ez, eta Jaurlaritzak ordaintzen zuen. Asmoa da, guztiaren kudeaketa Lanbideren gain geratzea, baina horretarako, Jaurlaritzak prestatu duen  Diru Sarrerak Bermatzeko Legearen aldaketa onartu behar du Eusko legebiltzarrak.

Legea onartzen bada, aurrerantzean Lanbiden eman beharko da izena oinarrizko errenta jasotzeko eta  Lanbide bera arduratuko da eskaeraren egokitasuna aztertzeaz eta dirua banatzeaz. Lanbideren arduradunen esanetan, sistema berriarekin lana bilatzea edo lana egiteko prest egotea izango da diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko baldintzetako bat.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak