Amaia Gabilondo: "Ingurumena zainduz, eraldatuz eta biziberrituz, XXI. mendeko baserritarrak izan nahi dugu"

Lander Muñagorri 2011ko urt. 2a, 01:00

Orain dela bi urtetik hona, Garaion Natuartea elkartean buru-belarri dabil Amaia Gabilondo bertako lantalde osoarekin batera. Otatzan (Araba) daukate egoitza nagusia, utzitako eraikin batean. Inguruko landa biziberritzen dihardute, eta artea egiten dute naturarekin.

Hainbat interbentzio egin dituzte, hala deitzen diete naturarekin egiten dituzten artelanei, baina hori baino gehiago ere bada euren egitasmoa. Orain proposamena gizarteratu nahi dute, eta Debagoieneko gazteei egin die eskaintza.

Nolatan sortu zenuten Garaion Natuartea elkartea?
Land Art mugimendua AEBetan sortu zen 60ko hamarkadan, eta haren helburua naturako kontzeptuekin artelanak egitea zen. Korronte horretan oinarrituta, orain dela lau urte hasi ginen landa guneak garatzeko ideia honi bueltak ematen, azkenean hona etortzeko aukera suertatu zitzaigun arte. Duela bi urtetik 12 bat pertsona ibili gara urte guztian zehar lanean. Hemen gaudenetatik asko aisialdi taldeetatik gatoz, eta konkretuki elkartearen sustraiak Txatxilipurdin garatu zirela esan daiteke.
Auzolanaren kontzeptua garrantzitsua da zuentzat, ala?
Bai, kontzeptu hori berreskuratzea eta biziaraztea ere bazen gure helburuetako bat. Sekulako giroa sortzen da hemen, elkar ezagutzen ez duten 40 bat lagun batzen gara, eta lan egiten dugu, ongi pasatuz.
Eta zer da zehazki egiten duzuena?
Hasteko eta behin, jendearen heziketa garrantzitsua da guretzat. Paisajismoa, proiektugintza, proiektu parte hartzaileak nola garatzen diren... da garrantzitsua guretzat. Gaur egun Otazan hainbat bidelagun dago eta horiek proiektuak egingo dituzte, baina lekuan lekuko jendearekin. Horretarako, urtebeteko ikastaroa jasoko dute, Besteak beste, Aguraingo eskualdean hainbat interbentzio egingo dira. Horrez gain, auzolandegi internazionalak ere egiten ditugu; gazteekin Gazteartean programa, hau da, gazteak artistak direla sinestarazi; jubilatuekin hainbat tailer ere egiten ditugu...
Eta zein da elkarteak duen helburua?
Aisialdiari beste zentzu bat ematea. Oso ongi pasa daiteke herriarentzako gauzak egiten. Horrez gain, ingurunea biziberritzea eta berarekin bizitzea ere lortu nahi dugu. Era horretan, Otazari bizia ematea lortu dugu, kanpoko jendea etorriz, espazioak sortuz... Gure ingurua zaintzen ari gara bizitzeko aukera berriak sortuz. Hainbat gauza egiten ikasi dugu, azken finean baserritik bizi zarenean denetik egin behar izaten baita. Kalekumeak baserrira ekartzen ari gara, eta euren jakintza baserriak eskatzen duen bizitzara bat egiten. Horrekin guztiarekin, ingurugiroa zainduz, eraldatuz eta biziberrituz XXI. mendeko baserritarrak izatera iritsi nahi dugu.
Eta filosofia hau noraino zabaldu nahi duzue?
Hasiera batean gizarte osorako izatea nahi genuen, eta auzolanaren kontzeptua garatuz, programa bat sortu genuen hori sustatzeko. Horrela sortu zen Auzolanartean. Adinen arteko programak egin genituen, baina adinak nahastuta. Ideologikoki gizarte guztia lanean jarri nahi dugu, herriarentzat gauza politak egiteko. Aurten pentsatu genuen gure esperientzia hau zabaltzeko proba egin behar genuela. Hala, Gipuzkoako Diputaziora joan ginen gure proposamenarekin, eta asko gustatu zitzaien. Orduan, probako esperientzia bat egiteko esan ziguten bertatik.
Eta Debagoienera zatozte.
Halaxe da, bai. Bailarako ikastetxe eta udaletxe guztiak dira partaide egitasmo berri honetan. 16-18 urte arteko gazteekin egingo dugu probako esperientzia hau, eta orotara ikasleek Debagoiena osoan hamabost bat interbentzio egingo dituztela aurreikusten dugu.
Interbentzio horiek ikasleek aukeratuko dituzte?
Bai. Une honetan gurekin bidelagun dauden pertsona hauek bailarako ikastetxeetara joango dira, eta pentsatzen lagunduko die, erabakiak hartzen. Ideologoak eurak izango dira, eta herrian bertan non egin, zer eta nola euren esku egongo da. Guk hori guztia bideratzen lagunduko diegu.
Zergatik aukeratu duzue adin talde hau?
Gizarteak gazteekiko pertzepzio txarra dauka, ez dutela ezer egiten, pasiboak direla. Guk ez dugu hala uste, eta mito hori apurtzera etorri gara. Iruditzen zaigu sekulako gaitasunak dauzkatela, eta oso ongi prestatutako gazteak dauzkagula.
Eta zer dela eta Debagoienako gazteak?
Guk Debagoienean eta Arabako lautadan egiten dugu lan. Ustez banatzen gaituen mendikate hau bilgune bat izan da betidanik guretzako. Elgeako mendikateak bildu ditu bere baitan Deba bailara, Arabako lautada eta ia Zeraineraino ere iristen da. Guk horri ondare soziala deitzen diogu, eta hori balorean jartzea da gure beste gogoetako bat. Hemen dauzkagun bidelagunak, gehienak, Arabako lautadakoak dira, eta hauek ikasleen bidelagun izango dira era berean. Era horretan, batzen gaituen zerbait izatera iritsi ahal izango gara. Hau guztia sinbolismo apur bat da.
Eta etorkizunean, zer?
Etorkizunerako hainbat proposamen dauzkagu buruan. Adin talde gehiagorengana iritsi eta zerbitzua eskaini, adin taldeak nahastu, ikastetxeak elkarren artean nahastuta taldeak sortu... Hori guztia Debagoieneko gazteek elkar ezagutzeko helburu garbiarekin egiten dugu. Baina horiek guztiak oraingoz ideiak besterik ez dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak