Marian Iriondo: "Talde bakoitzak dituen helburuak lortzen lagunduko duena da liderra"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko urt. 3a, 01:00

Oñatiko Enpresagintza Fakultateko irakaslea da Marian Iriondo. Duela sei urte Garapen Pertsonal eta Talde Lidergoan Aditu Programa jarri zuten abian MUn. Iriondo graduondoko arduraduna da. Liderra izatea zer den eta ze ezaugarri behar dituen azaldu digu.

Liderra eta nagusia figura bera dira?
Ez. Nagusia izan daiteke autoritate morala ematen zaionean bati; hau da, kolokatzen da postu baten eta nagusia dela esaten zaio. Liderrak, ordea, autoritate morala dauka. Esan dezakegu nagusia izan daitekeela jarraitzailerik gabe; baina liderra dago jarraitzaileak dituelako. Ez dago liderrik jarraitzailerik gabe.

Zer da lider bat?
Liderra izango litzateke kasuan kasukoa. Hau da, talde bakoitzak behar dituen helburuak lortzen lagunduko dioena. Baina talde bakoitzak helburu ezberdinak izan ditzake. Enpresa proiektu bakoitzak ezaugarri jakin batzuk ditu, eta liderra izango litzateke helburu horiek lortzen lagunduko duen pertsona. Bestalde, beti esaten dut liderrak denon zerbait daukala; hau da, liderrari begiratu eta denok ikusten dugu gustatzen zaigun zerbait.

Lider ona izateko ze ezaugarri bete behar dira?
Orain gutxira arte ikerketa asko egiten ziren ezaugarrien gainean, baina gaur egun nahiko baztertuta dago teoria hori. Ez daude beti betetzen diren ezaugarri jakinak. Hezkuntzan lan eginda ikusi dut ikasgela bateko liderra zenak ezaugarri jakin batzuk zituela; hurrengo urtean, beste talde batekin, oso ezaugarri ezberdinak zituen beste lider bat zegoen; hortaz, esan daiteke ez daudela ezaugarri jakinak. Hala ere, badaude beti ematen diren ezaugarri batzuk: entusiasmoa, ilusioa... emozionalki konektatzen laguntzen duten ezaugarriak dira.

Elkarrizketan oinarritutako lidergoa proposatzen duzue. Zer da zehazki hori?
Denboran atzera joan behar dugu hori ulertzeko. Elkarrizketan oinarritutako lidergoaren sorrera 80ko hamarkadako krisi garaian izan zen. Foku guztiak liderrarengan jarri ziren orduan.
Ikerketak egiten hasi ziren eta konturatu ziren liderrak egiten duenaren atzean (erabakiak hartu, koordinatu, taldea gidatu...) elkarrizketa dagoela. Elkarrizketa ez berba egin zentzuan, baizik eta era zabalago batean.
80ko hamarkadan pil-pilean zegoen lengoaiaren filosofia edo psikologia; batek eskaintzen zuen besteak behar zuena.

Gaur egungo enpresa antolamenduak uzten du elkarrizketan oinarritutako lidergorako lekurik?
Gero eta garbiago dago bertikaltasunetik horizontaltasunera pasatzen dabilela antolamendua. Aldaketa horretan guk ikusten dugu atentzio berezia behar duela liderrak, gehiago sufritzen duelako. Liderra izan beharko litzateke probokatzaile eta bideratzaile horizontaltasunerako bide horretan.

Horizontaltasun horretan nolakoak izan behar du liderra eta gainerakoen arteko harremanak?
Bi berba izugarri gustatzen zaizkigu: errespetua eta konfiantza. Errespetua denok garelako pertsonak. Egia da, gero erabakiak hartu behar dituela liderrak, azken hitza harena da. Baina ez da berdina erabakiak bakarrik hartzea edo besteei entzunda. Izan ere, entzutea oso konpetentzia garrantzitsua da. Taldearen nahiak eta helburuak bideratuko duen pertsona da liderra, eta denen nahiak batzeko gauza denak eta hori azken muturreraino eramaten duenak aurrerapauso handia eman dezake.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak