Ivan Sverko kroaziarrak irabazi du Arrasate Hiria Nazioarteko XVIII. Lehiaketa

Iñaki Alberdi epaimahaikidearen esanetan ‘musika benetan ona egiten du’ eta alde garbia zegoen kroaziarraren eta gainerako soinujoleen artean.

25 urte ditu Sverkok eta kroaziarra izan arren Finlandian bizi da bertan ari baita akordeoi ikasketak egiten. “Oso pozik nago. Arrasateko lehiaketa oso garrantzitsua da eta soinujole oso onak etortzen dira bertara. Ez nuen batere argi lehenengo postua lortzeko gauza izango nintzen”. Finlandiara itzuliko da orain Arrasateko Hiria Nazioarteko 18. lehiaketako txapela maletan duela. “Ikasten jarraitu nahi dut. Zorte handikoa naiz izan ere Finlandia munduko soinujole onenekin ari naiz ikasten.

Nahiko erraza izan omen da aurten irabazlea aukeratzea. Horrela esan du Iñaki Alberdi epaimahaikide irundarrak. “Musika benetan ona egiten du eta nahiko erraza egin zaigu erabaki hartzea. Adostua izan da. Gauzak zailagoak izan dira 2. eta 3. sariei dagokienean”.

Gipuzkoako Lehiaketa

300 bat gaztetxok parte-hartu dute aurten Arrasateko akordeoi lehiaketan. Aipagarria izan da Zumaiako Zubimendi de la Hoz ahizpek egindako lana. Txapela bana eraman dute etxera; Amaia Zubimendik haurren mailan eta Maria Zubimendik, berriz, señor kategorian. Amaiak, gainera, 25 puntuko balorazioa jaso du. “25 puntutik 25 eman diote epaileek. Lehiaketan gertatzen den lehenengo aldia da”, azaldu zuen sariak banatzeko ekitaldian Aitor Furundarenak.

Ordu eta erdiko iraupena izan du gaur, martitzena, Arrasateko Amaia aretoan egin den ekitaldiak. Lehiaketako kategoria ezberdinetan sari nagusiak jaso dituzten soinujoleak entzun ditugu bertan, tartean Kukai dantza konpainiako formazio taldearen saioak ere bai.

Sari Nagusiak

Nazioarteko Lehiaketa

1. Ivan Sverko (Kroazia)

2. Nikola Kerkez (Serbia)

3. Janne Valkeajoki (Finlandia)

. Publikoaren saria: Nikola Kerkez (Serbia)

. Derrigorrezko obraren interpretazio onena: Grzegorz Palus (Polonia)

. Soinujole jatorrenaren saria: Tjasa Céric (Eslovenia)

Gipuzkoako Lehiaketa

. Haurrak (13 urtera arte)

1. Amaia Zubimendi

2. Eduardo Navarro

3. Carlos Valbuena

. Gazteak (14-17 urte)

1. Iñigo Mikeleitz

2. Lore Amenabar

3. Mikel Cerrada

. Seniorrak (+ 18 urte)

1. Maria Zubimendi

2. Elena Sousa

3. Ivana Mirkov

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.