Euskal Herriko esperientziak Hego Amerikara bidean dira

Mirian Biteri 2010ko abe. 6a, 07:00

"Zerbait nahi duzunean egin egiten duzu. Mugek ez dute inporta". Hori erakutsi dio aurtengo hizkuntza eta herrien arteko IV. truke programak Boliviako aimara komunitateko Flora Oyardori.

Beste zazpi lagunekin batera, hiru astez egon da boliviarra Debagoienean, eta eguenean amaiera borobila eman zioten programari Eskoriatzan egindako agurrarekin.

Lanpetuta eman zuten arratsalde osoa. 17:00etatik 18:45era bitartean, aurtengo programan parte hartu duten herri indigenetako partaide bi ludotekan izan ziren, umeekin jolasean. Gainerako seiak, berriz, Elizoste elkarte gastronomikoaren sukaldean zeuden, euren herrietako jaki gozoak gertatzen.

Horrekin amaitzean, udaletxera joan ziren guztiak, udal ordezkariak eta Garabide elkarteko kideak zain zituzten-eta osoko bilkuren aretoan. Pedro Lasagabaster alkateak hartu zuen lehengo hitza. Truke programako partaideak ondoan izatea "ohore handia" zela aipatu ostean, gaineratu zuen europarrok "zor handia" dugula eurekin: "Zuen kulturak eta hizkuntzak suntsitzera iritsi ginen-eta". Horren harira, herria eta kultura berreskuratzeko egiten ari diren "esfortzua" txalotu zuen. "Euskal herritarrok ere zuengandik asko ikasi dugu", esan zuen, azkenik.

Aimararendako akademia
Jarraian, Garabide elkarteko Andoni Muxikak egin zuen berba. Garapen bidean dauden herrietako hizkuntza komunitate minorizatuekin lankidetza bideratzen duen elkartea da hori. Muxikak partaideek erakutsi duten "interesa" azpimarratu zuen. Gonbidatuen artean, Boliviako aimaren helburuetako bat azpimarratu zuen: "Euren asmoa da aimararendako akademia bat sortzeko lehenengo urratsak egitea".

Ez hori bakarrik. Hilarion Chinahuanca aimararrak San Gabriel, La voz del pueblo Aimara irratian egiten du lan. Aimara hizkuntza erakusten du hor egunero 04:00etatik 22:00etara eskaintzen dituen saioen bidez. Chinahuancaren arabera, "ez da irrati komertziala, hezigarria baizik. Boliviaz gain, Peru, Txile eta Argentinako iparraldean ere entzuten naute, ez naiz bakarrik 2.000 entzulera iristen. Euskal Herrian bizi izan dudan esperientzia nire testuingurura egokitzen saiatuko naiz".

Kooperazioaren garrantzia
Egueneko ekitaldian, Garabideko kideak aurtengo programaren balorazio positiboa ere egin zuen. Horren harira, euskalgintzarako "kooperazioak" duen garrantziaz jardun zuen. Udal eta Garabideko ordezkarien ostean, programan parte hartu dutenek euren burua aurkeztu zuten; lehenengo, bakoitzaren hizkuntzan egin zuten berba, eta jarraian, gazteleraz. Ondoren, guztien izenean, bik hartu zuten hitza. Ekuadorko Manuel Pazak azaldu zuen azken egunotan Euskal Herrian bizitako esperientzia "oso aberasgarria" izan dela, eta euskal kultura eta hizkuntza gertutik ezagutzeko aukera izan dutela.

Boliviako Flora Oyardo iritzi berekoa zen. Hiru asteotan "asko" ikasi dutela esan zuen. Horren harira, hizkuntzaren estandarizazioa lortu dela azpimarratu zuen: "Dialektoak izanda ere, hizkuntzaren estandarizazioa lortu egin da hemen, eta euskarazko akademia, komunikabide eta erakunde kopurua handitu egin da". Horren harira, 70eko eta 80ko hamarkadetan euskararen alde egin zutenen lana txalotu zuen, "euskara hilzorian egotetik hobera egitea lortu zutelako".

Ekitaldia amaitu aurretik, herriko hiru dantzarik aurreskua dantzatu zieten, eta oparien elkartrukea egin zuten. Udalak txapel bana eman zien eta indigenek, trukean, zapi bana. Azkenik, arratsaldean gertatutako jakiekin merienda ederra egin zuten guztiek tokian bertan.

Hiru aste gurean
Azaroaren 15ean hasi zen aurtengo programa, eta hiru aste iraun du. Hego Amerikako zortzi lagun izan dira: Guatemalako Edna Patricia Delgado, Rudy Camposeco eta Romelia Isem Mo maiak; Ekuadorko Manuel Paza eta Ileana Soto kitxuak; eta Boliviako Eulogio Chavez, Hilarion Chinahuanca eta Flora Oyardo aimarak. Zortzi lagun guztira, hizkuntzalari, irakasle eta ikertzaile profiletakoak.

Hizkuntza eta herrien arteko truke programa Garabide elkarteak hegoaldeko herriekin hizkuntzen garapen esperientzien trukaketa bultzatzeko asmoz urtero antolatzen den egitasmoa da. Hain justu ere, herri indigenek euren hizkuntza eta identitatearekiko dituzten bizipenak eta esperientzia eta Debagoienean dagoena trukatzean datza proiektua, elkarren aberasgarri.

Hizkuntza eta hezkuntza
Aurten, hizkuntzaren estandarizazioa eta hezkuntzaren garrantzia izan dituzte ardatz, eta helburu horren harira, formazioko saioak, askotariko testigantzak eta hainbat bisita egin dituzte. Euskararen errekuperaziorako esanguratsuak izan diren esperientziak ezagutzeko, Euskal Herriko hainbat bazter bisitatu dituzte hiru aste hauetan Ameriketatik etorri direnek. Azaroaren 24an, esaterako, Bilbon izan ziren. Goizean Euskaltzaindiaren egoitza bisitatu zuten eta erakundearen gaineko informazio asko jaso zuten, hala nola historia, osaera, gizartean duen eragina eta babes publikoa eta erakundearen funtzionamendua. Horren ondotik, Kafe Antzokian izan ziren bazkaltzen eta horren ere historia ezagutu zuten.

Ipar Euskal Herriko egoera
Hurrengo egunean, Usurbilen izan ziren, Uzei bisitatzen; eta azaroaren 26an eta 27an, Ipar Euskal Herrian. Lehenengo egunean Baionako Elkar argitaletxea bisitatu zuten, eta Seaskakoekin ere izan ziren Euskal Lizeoan, Ipar Euskal Herriko hizkuntza eta hezkuntzaren egoeraz jarduten. Hurrengo egunean, ostera, Itsasun izan ziren egoera sozio-politiko eta ekonomikoaren berri jasotzen. Bestalde, azaroaren 28an, bueltan zetozela, Perurena museoa ezagutu zuten.

Bisitez gain, jardunaldi asko izan zituen taldeak; saio gehienak Eskoriatzako Huhezi fakultatean izan zituzten. Horrez gain, publikoari begirako hainbat ekitaldi ere izan zituzten; tartean, azaroaren 15ean, Oñatiko udaletxean izandako harrera. Ostatu, berriz, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak duen egoitzan hartu zuten; Arrasateko Biteri egoitzan, hain justu.

Guzti horrekin honako helburuak bete nahi izan dituzte: euskalgintzak hizkuntzaren corpusean eta hezkuntza mailan duen esperientzia zuzenean transmititzea; soziolinguistika, hizkuntzen estandarizatze eta bateratze prozesuen estrategia eta pausuen gaineko formazioa ematea; euskalgintzako eragileei hegoaldeko ekarpen eta hizkuntza errealitateak ezagutaraztea; eta bisitarien interesaren arabera, azken horiekin lankidetzazko harremanei hasiera eman.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak