Pedro Miguel Etxenike: "Zientzia epe luzeko kontua da eta laguntza ezinbestekoa da"

Eneko Azkarate Laspiur 2010ko abe. 2a, 22:19

Pedro Miguel Etxenike (Izaba, 1950) zientzialariak berbaldia egin zuen joan den egubakoitzean Bergaran, UNEDen ikasturte hasiera ekitaldian. Goienak hari egindako elkarrizketa duzue segidan.

Euskal Herriko Unibertsitateko Fisika Departamentuko katedraduna da. Donostia International Physics Centerko zuzendari; Jakiundeko presidente; Donostiako Nanoguneko bazkideen batzordeko presidente; Innobasqueko presidenteorde. Garaikoetxearen Jaurlaritzako sailburu 1980tik 1984ra. Principe de Asturias saria jaso zuen 1998an, Ikerkuntza Zientifiko eta Teknikoaren alorrean. Euskal Herriko ikerlari handienetakoa da.

 

Meritu handiagoa dauka urrutiko unibertsitateetako ikasleak?

Bai; halere, egia da, gaur egun geroago eta ezberdintasun txikiagoa dagoela modu bateko edo besteko unibertsitateen artean. Gaur egungo unibertsitate modernoaren kontzeptua gertuago dago urrutiko unibertsitatetik lehengoa baino. Teknologia berriek ahalbidetzen dute muga geografikoak gainditzea. Gaur egun ikasleen eta irakasleen artean elkar eragiteko aukera handiagoak daude. UNEDek etorkizun handia dauka.

 

Jakintzaren gainean jardun zenuen Bergaran. Ezinbestekoa da jakintzaren gaineko pasioa edukitzea?

Lehenbizi, wolframioaren gainean egin nuen berba. Wolframioa unibertsoaren historian zela sortu zen. Wolframioa existitzen da orain dela 13 mila milioi urtetik. Ez da oso ugaria. Gero, lotu nuen Bergararekin Proust-en bitartez, Proportzio definituen legearekin, Sistema periodikoarekin… Gogoratu nituen atomoak sorrarazi dituen aldaketa teknologikoak; unibertsitateetan ikertzeko eta ikasteko pasioa, askatasuna, galderak egin eta erantzuteko. Etorkizunean, lehiakorrak izango gara ezagutza produkzio sistemara eroaten asmatzen badugu. Bestalde, euskarak etorkizuna du jakintzan. Zientzia ingelesez idazten da eta idatziko da, baina horrek ez du esan nahi arbeletan, laborategietan, ikasgeletan, euskaraz eztabaidatuko ez denik. Atxagak zioen orain hurrengoan Jakiunden, euskara xaboiaren kontrakoak dela: zenbat eta gehiago erabili handiagoa da, xaboiaren kontrara.

 

Erabili egin behar da.

Bai, dena ez da zientzia eta teknologia. Ingurunea da inportantea, geure hizkuntza, ingurune naturala… Ze, gaur egun, Amerikako Estatu Batuetan bizi den batek, esaterako, kontsumitzen du europar bateak baino bi bider gehiago energia; 10 bider gehiago txinatar batek baino; 20 bider gehiago indiar batek baino eta 30 bider gehiago afrikar batek baino.

 

Pasioa ezinbestekoa da.

Bai, jakina. Donostia International Physics Center-en 10. urteurrena ospatzeko kongresu garrantzitsua egin genuen orain dela gutxi Donostian eta 10 Nobel saridun izan genituen geurekin. Ezinbestekoa da irakasleek beren ikasleei jakintzaren gaineko pasioa erakustea. Hori lortuz gero, jendeak modu esponentzialean ikasten du.

 

Wolframioa aipatu duzu eta toki egokiagorik ez horren gainean berba egiteko Bergara baino.

Bergararrek jakingo dute Elhuyar anaien berri, baina gutxik jakingo du wolframioa ez dela existitzen unibertsoaren hasieratik. Behin unibertsoan, berdin dira hemen eta Jupiterren. Materiaren egonkortasun osoa da.

 

Hainbat erakundetako buru zara. Zela ailegatzen zara denera?

Lan asko eginez, pasioa jarriz. Aitorpen asko jasotzen ditut, baina diru gutxi daukagu egin nahi dugun gauza guztietarako. 

 

Jakiunden batzen zarete Euskal Herriko pertsona jakintsuenak.

Hastapenetan gaude. Epe luzerako erakundea da. Era honetako erakundeen artean ospetsuena, The Royal Society ingelesa, 1662an sortu zen. Oinarriak jartzen eta, garrantzitsuena dena, finantzazioa bilatzen dihardugu. Bi bergararrek garrantzia handia izan dute akademia horren sorreran, Jabier Retegik eta Jesus Ugaldek.

 

Zer da Jakiunde?

Diziplina askotako akademia da. Estatutuek aurreikusten dute 80 akademiko batzea eta gaur egun gara 40. Gazte jendea, puntako ikerlariak batu nahi ditugu. Eta bultzatu nahi ditugu, besteak beste ezagutza, zientzia ezberdinek elkarren artean dituzten harremanak, hainbat gairen gainean jendartean sortzen diren galdera estrategikoei erantzunak… Bernardo Atxagak, esaterako, planteatzen zuen hezkuntza sisteman bultzatu behar dela literaturarenganako eta idazketarenganako gustua.

 

Donostia Europako hiri erreferente da berrikuntza, jakintza edo fisika alorrean?

2000. urtean Donostiako urrezko domina jaso nuenean, konpromisoa hartu nuen Donostia, hainbeste gauzarengatik ezaguna dena, zientziaren alorrean ere ezaguna izan zedin. Abangoardiazko edo goi mailako zientzia egiteaz gain, hiritarrak zientziaz zipriztinduko dituen hiri bihurtzeko konpromisoa, donostiarrek zientzia bizi eta goza dezaten. Ondo goaz.

 

Ze mailatan gaude fisika alorrean munduarekin alderatuta?

Ikerlari bikainak ditugu eta ikerlari hauek idazten dituzten artikuluak 5.000 eta 6.000 aipamen jasotzen dituzte urtero. Eta horiek aipatzen dute Donostian egindako zientzia. Hori oso garrantzitsua da. Goreneko mailan gaude. Abangoardiazko zientziaren alorrean edo zaude edo ez zaude. Eta gu bagaude. Txikiak gara eta hainbat gaitan ez gaude, baina gauden alorretan goi goian gaude. Besteak beste, erantzukizunez jokatu behar dugulako administrazioak geure esku uzten duen bitartekoei erantzun egokia emateko.

 

Herritarrengana heltzen da egiten duzuen lana?

Baietz uste dut. Donostia International Physics Center-ek antolatutako jardunaldietara jende asko hurbildu zen. 1.400 lagunek bete zuten aurten Kursaal egunero eta 6.000 lagunetik gora jarraitu dute Internet bidez.

 

Erakundeek apustu garbia egiten dute inbertsioak eginez berrikuntzaren, jakintzaren edo etorkizunaren alde?

Krisiagatik denok estutu behar izan dugu gerrikoa. Dena den, aurreko Jaurlaritzak apustu garbia egin zuen zientzia eta teknologien alde eta oraingoak ere badirudi ildo beretik diharduela. Aurrekontuei eutsi zaie orain arte, hori jakinarazi dute lehendakariak eta Hezkuntza eta Ikerkuntza sailburuak. Kutxak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalak eta beste erakunde pribatu batzuek ere laguntzen digute. Erakundeen konpromisoa ezinbestekoa da. Zientzia epe luzeko kontua da eta laguntza etengabekoa ezinbestekoa.

 

Laborategietan ikertzen dituzuen materiak eguneroko bizitzan aplikazioa dute?

Une honetan egiten dihardugun telefono bidezko elkarrizketa honek, esaterako. Edo, laserra, aurten 50 urte betetzen dituena, nonahikoa da. Unibertsoko tenperatura baxuenak laser bidez lortzen dira, gaur egun gripearen birusari aurre egin diezaiokegu laserrez, kirurgia egiten da… Erresonantzia magnetikoa begira gaur egun zenbatetan erabiltzen den. Penizilina. GPS-ak…

 

Hezkuntza, unibertsitate eta ikerkuntza sailburu izan zinen 80ko hamarkadan. Gaur egundik begiratuta, orduan baino hobeto ala okerrago gaude?

Askoz ere hobeto. Baliabide gehiago ditugu. Autogobernua eta kontzertu ekonomikoa izan dira erabakigarriak eta uskal hezkuntzaren kalitatea hobetzen lagundu du.

 

Gaur egungo belaunaldiak hobeto prestatuta daude, kultuagoak dira?

Gauza bat da bitarrekoak eta beste bat zela erabiltzen diren. Zaila da definitzea kultua zer den. Oraingo belaunaldiek daukate abilezia batzuk geuk ez geneukanak. Teknologia berriak erraztasun handiz erabiltzen dituzte eta gaur egun edozein zalantza azkar uxa daiteke Interneten, baina, era berean, informazioaren amaraunean ito gaitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak