Javier Perez: "Testamentua egiteagatik ez dira arazo guztiak konpontzen, baina mugak zehazten dira"

Lander Muñagorri 2010ko aza. 29a, 11:00

Hitzaldia egin zuen Javier Perez abokatuak Bergarako Angiozar auzoan, egubakoitzean. Bertan, testamentuaz jardun zuen: egiteak duen garrantziaz eta ez egiteak ekar ditzakeen ondorioez. Testamentua ondo egitea ere garrantzitsua da, eta ondasunak banatzeko hainbat xehetasun eman zituen.

Nola egin behar da testamentua?
Jende asko zuzenean notarioarengana joaten da, bera izaten baita azken finean testamentua egiten dizuna. Hala ere, inoiz ez dago soberan notariara joan aurretik aholkua eskatzea. Egokiena zer litzatekeen? Zuhurra izatea eta prebentzioz jokatzea.

Noiz egin beharko litzateke?
Testamentua hil ondorengo gauza bat izango balitz bezala ulertzen dugu, eta hori dela eta bizitzaren azken uneetan egiteko gauza dela iruditzen zaigu. Hala ere, 14 urte betetzen ditugunetik, edozein unetan egin dezakegu herentzia, baina normalean adin horrekin ez da testamenturik egiten.

Orokorrean zein adinekin hasten da orduan testamentua egiten?
Orokorrean, 35-40 urtetatik aurrera testamentua egiten pentsatzen hasten da jendea. Hala eta guztiz ere, bataz beste 55-60 urte inguruko jendea inguratzen da notaria eta abokatuengana herentzia zehazteko, izan ere, garai horretan hasten da pertsona heriotzarekin kezkatzen. Une horretan hasten dira hortaz euren ondasunak heriotzaren ondorenerako ordenatzen.

Eta testamentua ez egitea zer da hortaz, axolagabekeria?
Ez, ez dauka zertan. Garbi eduki behar da, testamentua egin behar bada, ondasunak zeini utzi ongi jakitea komeni dela. Nahitaeezko oinordekoa ez den norbaiti testamentuan lekua egin nahi baldin bazaio, orduan nahitaezkoa da testamtentua egitea. Oinordeko guztiei ondasunak zati berdinetan uztea baldin bada gure nahia, orduan ez da beharrezkoa testamenturik egitea, legeak gure gurari hori ordezkatuko baitzukeen.

Zergatik?
Legeak baitio, zendu den pertsonaren ondasun guztiak nahitaezko oinordekoen artean banatu behar direla, zati berberetan. Hala egiterik nahi ez badugu, eta senideen artean baten bati ondasun gehiago utzi nahi badiogu, edo baten bat desheredatu gura izanez gero, orduan nahitaezkoa da testamentua egitea.

Zeintzuk dira nahitaezko oinordekoak, legez herentzia jaso behar duten horiek?
Seme edo bilobaren bat dagoenean, oinordekoak beti ondorengo hauek izango dira. Hauen gabezian, guraso, aiton-amonak edo goranzko senideak izango dira. Bi kasu hauetakoren bat betetzen ez denean, ezkontideak, anaiak, eta hortik zeharkako senitartekoak; lehengusuak, eta hortik beherakoak. Legeak dio, testamenturik ez dagoenean hauen artean banatu beharko dela ondasun osoa. Bestetik, testamentua egiten denean ere, zati minimo bat utzi behar zaie nahitaezko oinordekoiei, zein gradutakoa den kontuan hartuta. Esaterako, nahitaezekoak semeak baldin badira, legeak ondasunen bi herena gordetzen die; gurasoak badira bestalde, alargunik ez badago, ondasunen erdia jasoko dute hauek. Alargunak dauden unean, gurasoek herena jasoko dute.

Eta alargunak bere herentziaren zatia saldu dezake bere semeen baimenik gabe?
Alargunak ondasuna norekin elkarbanatzen duenaren arabera. Legeak alargunari usufruktua gordetzen dio, hau da ondasun horretaz gozatzeko eskubidea. Baina usufruktua alargunak baldin badauka ere, jabetza semeena edo nahitaezko oinordekoena izango zen. Horregatik, ondasun hori saltzeko garaian, denen artean erabaki batera iritsi beharko zuten, edo bestela bakoitzak bere zatia saldu. Usufruktuak esaterako, balio handiagoa dauka alarguna gazteagoa den heinean.

Herentzia familiarteko gatazka ugariren sorburua izaten da maiz...
Testamentua egiteko garaian, norberak enbidoa botatzen du ondasunak banatzeko unean. Arazoak maiz hasten dira, norbaitek kotxe hau edo etxebizitza hau nahi duenean eta tokatu ez zaionean. Herentzia egiterakoan, horrek ez du esan nahi arazo guztiak amaitzen direnik, baina muga zehatz batzuk finkatzen dira bederen. Kasurik tipikoena, senitarteko bat besteak baino hobe geratzen direnean ematen dira, askotan epaitegietara ere jotzen dute.

Baina beti hildakoaren nahia bete beharko da...
Hala da. Baina testamentua egiten duena uneren batean mehatxatuta edo derrigortuta egon zela frogatzen baldin bada, testamentua bertan behera geratzen da. Testamentua bertan behera uzteko beste kasu bat izan daiteke, testamentu-egilea egoera mental ezegonkorrean zegoela frogatzen baldin bada. Gizartea zahartzen ari da, eta zahartzarora gero eta egoera mental okerragoetan iristen gara, eta testamentua bizitzako azken unean egiten dela kontuan hartuta... Horregatik,notarioak hainbat galdera egiten dizkio testamentu-egileari. "Zenbat urte dituzu? Zein egun da gaur? Zer moduz?" eta tankerakoak.

Eta testamentu-egilea mehatxatua izan dela nola frogatzen da?
Horixe da abokatuok daukagun arazoa, frogak lortzea. Gutunak testamentu-egilea mehatxatuz, tratu txarrak ikusi izan dituzten testiguak, edo tankerako frogak izaten dira askotan, baina diodan bezala zaila da. Testamentuak halere hamaika egin daitezke, eta kontuan hartuko dena azkena izango da. Horregatik behin mehatxupean testamentua egin ostean, beste bat egin daiteke, baina hori ere zaila da mehatxutzaileak testamentu-egilea kontrolatu ohi duelako....

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak