Pedro Prieto: "Gero eta petrolio gutxiago egongo da eta garestiagoa izango da"

Eneko Azkarate Laspiur 2010ko aza. 26a, 09:24

Krisien eta azpiegituren gainean Bergarako AHTren aurkako taldeak eta gaztetxeak antolatu dituzten jardunaldietan, berbaldia egin zuen eguaztenean, Aroztegi aretoan, Pedro Prieto (Madril, 60 urte) telekomunikazioetako ingeniariak. Petrolioaren eta erregai fosilen gaineko aditua eta Crisis energetica Internet atariko editorea da.

Amaitu da petrolio merkearen sasoia?
Bai. Colin Campbell eta Jean Laherrere geologoek esan zuten hori 1998an. Haiek igarri zuten 2008-2010. urterako petrolioaren goreneko produkzio mailara ailegatuko ginela. Eta hortik aurrera geroago eta erregai oinarrizko gutxiago egongo zela gure jendartearen makineriari jaten emateko, eta geroago eta jende gehiago petrolio eske.

Ze ondorio ekarriko ditu horrek?
Dramatikoak izan daitezke, eta dagoeneko badira, nahiz eta Europa mendebalean eta Ameriketako Estatu Batuetan oraindik igarri ez. Energia bada jarduera ekonomikoaren motorra eta energia hori sortzeko erregai nagusia gero eta urriagoa bada, ondorioak latzak dira. Erregai gutxiago, jarduera ekonomiko gutxiago eta irabazi gutxiago baditugu, ekonomia eta jendarte eredua, finantza sistema, krisi sakonean sartuko da kolapsora ailegatu arte.

Krisiaren gainetik beste krisi bat?
Gutako batzuek uste dugu 2008ko azken hilabeteetan hasi zen finantza krisiaren arrazoia dela krisi geologikoa. Finantza merkatuek sumatu zutenean petrolioa ondasun preziatu, garesti eta gero eta urriagoa izango zela, erregaien prezioarekin espekulatzen hasi ziren eta lortu zuten petrolio kupelaren prezioa jartzea 148 dolarretan, inoizko preziorik garestiena. Ondorioz, petrolioaren eskaera handitu egiten da, merkatuak ezin dio eskaerari aurre egin eta jendartea konturatzen hasten da ekonomiaren kolapsoa gerta daitekeela. Finantza edo ekonomia krisi guztiek lotura zuzena daukate mundu fisikoarekin.

Zein ateratzen da irabazle?
Petrolioarekin espekulatzeko informazioa eta merkatua manipulatzeko kapazitatea daukanak: petrolioaren prezioa igotzeko edota beste merkatu batzuetara desbideratzeko aukera daukanak.

Gaur eta hemen, alternatibarik bada petrolioari?
Planteatzen direnak ez dira oso egingarriak. Ez da ikusten petrolioaren gainbeheraren ordezkorik. Esaterako, petrolioa da, gaur egun, munduko oinarrizko energia osoaren %40, eta mundu mailako garraioaren %93 petrolioarekin dabil. Petrolioa hain da moldagarria, kalitatekoa, aberatsa… eta horren energia kopurua dauka hain pisu gutxian, ez da ikusten alternatibarik. Ez energia nuklearra eta ezta berriztagarriak ere ez dira alternatiba, argindarra bakarrik sortzen dutelako; bioerregaiak ere ez.

Petroliorik ez duten mendebaleko herrialde aurreratuenek energia berriztagarrien alde egin dute apustu?
Energia berriztagarriek ez diete gure jendartearen behar energetikoei erantzuten, inondik inora ere. Gaur egun, eguzki plaken bitartez argindar guztiaren %3 sortzen da eta 10 urte barru %5era igotzea da Espainiako Gobernuaren helburua. Baina energia elektrikoa da energia kontsumo osoaren %15 bakarrik; gainerako %85 energia fosiletik dator. Mundu osoko hegazkinak ez dabiltza argindarrarekin, traktoreak ere ez, erremolkeak ere ez, ezta armada ere, edo garraiobide osoak, oro har. Zelan egin aurre arazo horri?

Berotegi efektua edota klima aldaketa errealitate gordinak dira. Inork ez ditu eztabaidan jartzen, ala?
Bistan da gizakiak natura moldatzeko daukan kapazitatea. Landa-lurrak agortzen ari gara, pestizidak erabiltzen gabiltza nonahi, bailarak urtegiekin gabiltza betetzen, lurzorua industrialdeekin, eraikinekin… Gutxi geratzen zaigu kutsatzeko. Eta kutsatzen jarraituko dugu, besteak beste, 12.000 milioi tona petrolio daukagulako erretzeko eta natura horren azkar aldarazteko.

Nora eroango gaitu honek guztiak?
Ez dakigu zer izango den okerrago eta zer gertatuko den lehenago: planetaren klima aldaketa eta berotze prozesua edo, hori gertatu aurretik, lehenago agortuko diren energia fosilak eta horrek sortuko dituen jendartean eragin atzeraezinekoak. Baina, edozein modutan ere, etorkizuna beltz ikusteko moduan gaude. Erregai fosilak dira berotegi efektuaren sortzaileak eta C02 atmosferara isurtzen dutenek eta agintariek asmatu beharko lukete zelan murriztu erregai fosil horiek. Isurketak %40 murriztu nahi baditugu, erregai fosilen kontsumoa %40 murriztu behar dugu. Zelan egingo dugu?

Zelan?
Mendebaleko herrialdeetako ekonomia politikak etengabeko hazkunderako diseinatuta daude. Eta ezin dute pentsatu paradigma aldaketan: horrenbeste hazi barik ere bizi gaitezkeela.

Horren katastrofistak ez diren zientzialariak ere badira.
Nik ez dakit zer gertatuko den etorkizunean, baina badakit gizakiak badaukala natura modu bortitzean aldatzeko dohaina. Modu atzeraezinean alda dezake natura. Une honetan, planetako baso guztien erdia baino gehiago desagerrarazi ditugu. Hori ageriko eta neurgarria da. Hortaz, kontzientziatu eta kontsumo ohiturak aldatu behar ditugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak