Ehuneko muga pasa duten 15 aitajaun eta amandre Debagoienean

Mirian Biteri 2010ko aza. 16a, 10:23

100 urtetik gorakoak gero eta gehiago dira azken urteotan. Gaur egun, muga hori pasa duten 15 aitajaun-amandre ditugu Debagoienean. Horietatik hamar Bergaran eta Eskoriatzan bizi dira; bosna ditu herri bakoitzak. Guztien artean, Eskoriatzako Bolibar elizateko Karoi baserriko Andres Agiriano da zaharrena: 104 urte egingo ditu hilaren 30ean.

Esan bezala, Eskoriatzako kasua berezia da. 4.000 biztanle pasatxo dituen udalerrian 100 urtetik gorako bost herritar daude. Andres Agirianoren seme Ignaziorekin egon gara eta azaldu digu adinak eragindako ajeak baditu ere, osasunez nahiko ondo dagoela, eta oraindik baserriko lanetan laguntzea gustuko duela; hain justu ere, animaliendako ogia zatitzen pasatzen du denbora asko.

Horrez gain, egunero zertxobait ibiltzen dela ere aipatu digu. Bisitak ere asko gustatzen zaizkio eta gustura hartzen ditu urtero, azaroaren 30ean, udal ordezkariak eta Olazar erretiratuen elkartekoak. Eskoriatzan ohitura dute 100 urte betetzen dituztenei lore sorta eta oparitxoa egitea horien urtebetetze egunean.

Sabina Artatzaren 103 urteak

Esan bezala, Eskoriatzan beste lau herritar daude: Sabina Artatzarrek 103 urte bete zituen irailaren 29an, Carmen Aranburuzabalak 101 uztailaren 16an, eta Bernabe Errastik eta Santa Abasolok mendea egin dute aurten. Gogoratzekoa da, gainera, maiatzean, 101 urterekin hil zela Rosalia Blanco; Helduen Eskolak izandako ikasle zaharrena.

Eskoriatzako Gizarte zerbitzuetako teknikari Agurtzane Altubek guztiak ezagutzen ditu, zinegotzi eta Olazarrekoekin batera urteak betetzen dituztenean euren etxeetara edo egoitzara joaten direlako zoriontzera. Gogorarazi du mendea beteta duten bost eskoriatzarretatik, lau euren etxeetan bizi direla. Horrekin batera, azpimarratu izan du inoiz ez duela horrelakorik ezagutu. Altuberen arabera, "90. hamarkadan hasi nintzen lanean eta 100 urtekorik ez zegoen; ezta lehenago ere. Txikia nintzenean 100 urtera iritsi zen inguruko baserriko bat; salbuespena zen". 

20 urtetan beste hiru egoiliar

Bergarako Mizpirualde zaharren egoitzan ere harrituta daude horren harira. Egun 100 urteko hiru egoiliar dituzte: Felisa Larrañaga, Segunda Martinez eta Teodora Ortuzar. Azken horrek joan den astean egin zituen urteak; hain justu, azaroaren 9an. Hango Alazne Irazabalek esan digu bera 1990an hasi zela han lanean eta inoiz ez dituela elkarrekin izan mendea duten egoiliarrak. Haren esanetan, "Orain hiru ditugu batera eta datorren urtean beste bi izatea espero dugu. Hori ez da inoiz gertatu. Lanean daramatzan 20 urtetan beste hiru egoiliar bete dituzte gure artean 100 urte, baina ez dira elkarrekin egon".

Hiruren artean, Segunda Martinez da osasunez ondoen dagoena. Irazabalek nabarmendu du gainerako egoiliarrei asko laguntzen diela. San Antonioko bergarar honek ez du bizitza lasaia izan. 11 urterekin lanean hasi zen ehundegi batean, eta 18 urterekin Madrilen zegoen, Primo de Rivera diktadorearen etxean lan egiten. Parisen, Argentinan eta Uruguain bizi ostean, Donostiara etorri zen eta 70 urterekin, ezkondu egin zen eta Bartzelonara joan zen bizitzera. Orain dela 10 urte alargun geratu zenean, Bergara itzuli zen. Ordutik hona Mizpirualde egoitzan bizi da. Agian, joan-etorri horretan egon daiteke hainbeste urtez bizitzeko sekretua.

Mizpirualdeko lagunez gain, beste bi emakume daude Bergaran mendea beteta dutenak.
Arrasaten eta Oñatin bina daude. Arrasaten, Hilario Uzarraga eta Alejandra Zaldunbide. Ehun urte dituzte biek. Arrasateko erroldaz arduratzen den Jose Mari Balanzategik urte asko daramatza lan horretan eta azkenaldian igarri du jendea gero eta urte gehiago bizi dela. "Bi arrasatear ditugu orain; eta datorren urtean, lauk beteko dute mendea. Nabaria da gero eta gehiago bizi garela, 90 urtetik gora asko ditugu-eta gaur egun herrian. Bizi-kalitatea hobetu den seinale. Lehen ez zeuden toki aproposak eta asistentzia ez zen egungoa bezalakoa, eta hortaz, gazteago hiltzen zen jendea".

Zorionak Rufino!

Oñatin, Rufino Arantzetak 101 urte egingo ditu gaur, eta pastelak eta lore sorta jasoko du etxean, Udalak bidalita. Gizarte zerbitzuak 101 urte edo gehiago egiterakoan hori egiteko ohitura du; 100 urte egiten dituztenek, ostera, alkate eta zinegotzien bisita jasotzen dute. Bestalde, Rosario Kortabarriak 102 urte bete ditu.

Gatzagarren omenaldia

Leintz Gatzagan ere badute aitona: Astaisolo baserriko Narciso Beitia. Urriaren 30ean 100 urte bete zituen eta hori dela-eta, herritarrek omenaldi polita egin zioten. Umore eta saio onez dago Beitia eta omenaldia merezi zuela esan zuen urtebetetze egunean, "hainbeste urte bete ditudalako, ez da-eta erraza".

Horrenbeste urte betetzeko sekretua ere esan digu: bizitza osoan lan asko egitea, "lan egin ezean, gorputza moteldu" egiten delako. Ondo jatea ere ezinbestekoa dela aipatu du. Azken horrekin bat egin du Andres Agirianok. Ignazio semearen esanetan, "beti esan du sekretua edan eta jatean dagoela".

Azkenik, Aretxabaletan, Antzuolan, Aramaion eta Elgetan ez dago ehun urtekorik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak