Zubillagako hiltegia kudeatuko duen elkarte publikoa sortzeko asmoa aurrera

Goiena 2010ko urr. 5a, 17:10
Zubillagako hiltegia kudeatzeko elkarte publiko bat sortzeko asmoak aurrera egingo du eta lanean hasiko da urtarrilaren 1etik aurrera. Hala adostu dute Diputazioak eta Debagoieneko udalek, Landa Ingurunearen Garapenerako departamendutik jasotako gutunak sortutako gaizki ulertuak argitu eta gero. Alde bien arteko elkar ulertzeak beste puntu bat ere jasotzen du: Gipuzkoako hiltegien kudeaketa bateratuaren gaineko azterketa-mahaia martxan jartzea.

 

Hainbat hilabetez Oñatiko hiltegiaren ibilbidea finkatzeko lanean jardun eta gero, irailaren 8an bertako kide izango diren udalek aurrerapausoak zehazteko bilera egin zuten, guztien adostasuna zuen txosten bat oinarri hartuta. Erabaki bat hartu zuten -hiltegiaren kudeaketaz arduratuko den elkarte publikoa urtarrilaren 1ean martxan ipintzea-, baina 10 bat egunera, gutun bat jaso zuten Aldunditik hiltegiaren gaineko erabakirik ez hartzeko eskatuz eta Gipuzkoa osorako kudeaketa bateratua egitea proposatuz. Kezkatuta, nahastuta eta jarrera aldaketa hori ulertu ezinik, joan zen astean bilera egin zuten Rafa Uribarren Landa Ingurunearen Garapenerako diputatuarekin eta elkar ulertze batera iritsi ziren.

 

Zatiketa gela

Gaur egun makila zerbitzua eskaintzen du Zubillagako hiltegiak, hau da, abereak hil eta garraiatu egiten ditu, baina, aurrera begira, asmoa da zatiketa gela bat ere izatea. Asmo horrek kezka eragin du, ordea, Foru Aldundian eta horixe izan da ondorengo gaizki ulertuen iturri, Pedro Iturbek kontatu digunez.

 

Udalen asmoa da, hori bai, urtarrilaren 1ean bertan izango ez bada ere, aurrerago baserritarrei eta harakinei zatiketa zerbitzua ere eskaini ahal izatea. Horrek diru sarrerak gehitzea ekarriko luke, baina izatekotan aurrerago izango da, esan moduan. Horregatik, urte hasierarekin ezer gutxi aldatuko da, elkarte publikoa martxan jarri arren, hiltegiak momentuz orain arteko zerbitzu bera eskaintzen jarraituko duelako.

 

Elkarte publikoko kide izango diren udalekin batera, beste onuradun batzuk ere konpromisoa hartzeko gertu azaldu dira Pedro Iturberen esanetan, eta hori pauso garrantzitsua bezain eredugarria dela gaineratu du.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak