"Ziklista bati ezin zaio zenbat kilometro daramatzan galdetu!"

Xabier Urtzelai 2010ko mar. 5a, 10:59
Ziklismo profesionala pauso batera dute erretratuko hiru lagunek, baina eurek onartu moduan pauso galanta da hori. Debagoienean amateur mailan lehiatuko diren Xabier Arantzeta (Debabarrena), Asier Penabad (Bidelan Kirolgi) eta Iban Caballero (Debabarrena) ditugu erretratuko lagunak, eta orain momentuan eurak dira ibarrean kategoria zorrotz horretan jarraitzera animatzen diren bakarrak.

Ondoko hiru lagunek barrutik bizi duten kirola da txirrindularitza, derrigor, adin horretan egin beharreko esfortzua itzela delako; ziklista izatea ez da zapatu gauetan etxean lasai geratzea soilik, askoz ere haratago doa. Horretaz guztiaz egin du berba GOIENKARIAk ibarreko hiru ordezkariekin. Eta, ziklistei egindako lehenengo galderaren aurrean [Zelan joan da negua? zenbat kilometrorekin hasiko dituzue lasterketak?] hiruretan gazteenak –Arantzetak– berehala bota du umorez: "Horrelakorik ezin da galdetu, emakume nagusi bati ze adin duen galdetzea modukoa da!". Barre egin dute hirurek. Caballerok proba egin nahi du aurten, kilometro-kontagailu barik ibiliko da. Penabadek, berriz, kilometro-kontagailua begiratzeko keinua egin du, baina isilik geratu da, artzainak artaldearen zenbatekoa isilpean gordetzen duen moduan.

Zaletasuna baino gehiago
Lokatza ziklismo eskolan egiten duten lan onaren hiru emaitza dira gaurko protagonistak, atzetik datozen gaztetxoendako erreferente. Baina, hirurak ez daude egoera berean: "Baliteke aurtengoa nire azken urtea izatea", adierazi du Caballerok. "Dagoeneko hiru urte daramatzat amateur mailan, eta kirol hau oso lotua da. Hemen gabiltzanok beste gauza asko utzi behar izaten ditugu alde batera, eta nekagarria ere bada. Udaberrian, Udalatxeko hasierako belardiak berde-berde ikusten ditudanean mendira joateko gogoa sartzen zait, baina ezin dut horrelakorik egin".
Azken urtea izan daitekeenaren aurrean Bergarakoak serio ibili nahi du: "Bizikleta gainean gustura ibili eta taldekideei konpromisoa erakutsi. Izan ere, helburu zorrotzegiak jartzeak ez du zentzu handiegirik, kategoria honetan aurrean dabiltzanak ia profesionalen modura bizi direlako: entrenatu, lasterketetara joan eta deskantsatu, ez dute besterik egiten. Guk, berriz, ikasketak ditugu tartean eta horrek eskatzen du egunerokoa ondo antolatzea. Baina bai, urteekin ikasi dut zelan entrenatu, eta elikadurarekin ere zorrotz nabil".
Xabier Arantzeta beste muturrean dago, kategoriara iritsi berria da-eta. Gazteena izanda, Antzuolakoak oso garbi dauka orain zerk duen lehentasuna: "Debabarrena taldea ezin aproposagoa da niretako. Lokatzan familiartean geunden, baina Debabarrenan ere berdin hartu naute. Emaitzak eskatzerako orduan ez da talde batere zorrotza, harrobi lana egitea da euren helburu nagusia eta lasai ibiltzeko esan didate, ikasketetan buru-belarri egoteko".
Caballero eta Arantzeta ingeniaritza ikasten dabiltza, eta Penabad irakasle ikasketak egiten dabil. Horrek ez du bizikleta gainean ibiltzeko nahi beste tarte uzten.


Lasaitasunarekin hartzea
Arantzetaren kasuan lehenengo urtea izanda pentsaezina da tropelean aurrealdean ibiltzea, ez du zentzurik emaitzak eskatzen ibiltzeak. Iaz, gazte mailan, tropeleko erreferenteetako bat zen, eta aurrealdean ibili eta podiumetara igotzetik lasterketak justu-justu amaitzera pasa beharko da. Garbi dauka hori: "Ezin naiz burujanekin ibili. Frantzian hasi dut denboraldia, eta dagoeneko eman didate lehenengo lepo ondokoa; jende oso ona zegoen proban, hainbat selekzio tartean, eta munduko txapeldunak izandakoak ondoan. Han garbi ikusi dut aurten non ibiliko naizen, nahikoa lan tropela ez galtzen! Ihesaldietan sartzea eta horrelakoak beste baterako utzi beharko ditugu".
Eta hori da, hain zuzen, dagoeneko kategorian beteranoa den Penabadek eman dion gomendioa: "Lehenengo urtean, lasai, gozatzen ahalegindu dadila. Eta, lasterketak amaitu ezinka baldin badabil ez larritzeko, normala delako. Egia da kategoria honetara salto egiten den lehen urtea gogorra dela, baina hau da benetako txirrindularitza. Gazte mailakoak baino lasterketa askoz politagoak dira amateur mailakoak: kilometro gehiago, mendate handiagoak... gogorragoa da, baina neurri berean politagoa".

Penabad, koska bat gorago
Asier Penabadek Bidelan-Kirolgi taldean korrituko du aurten, tropeleko talde indartsuetako bat da, Euskal Herriko eta inguruko ziklistekin osatutakoa eta hor bai eskatuko dizkiote emaitzak –dagoeneko Espainiako Kopan lehiatu da, Extremaduran–. Azken hiru denboraldiak Debabarrenan egin ditu, eta aldea igartzen duela dio: "Debabarrena ziklistak formatzeko talderik aproposena da. Entrenamenduak norberak bere kabuz egiten ditu eta urteko egutegia ere murritzagoa da. Bidelan Kirolgin, berriz, entrenamenduak askoz ere espezifikoagoak dira, [hankak askatzeko egunetan ere serieak egin  behar ditu] taldeko prestatzaileak gidatzen du gutako bakoitzaren prestakuntza, eta taldean ere medikua dugu, analisiak egiteko. Horrekin batera biomekanikoan ere egon gara... koska bat gorago dagoen taldea da, eta noski, emaitzak ere zorrotzago zaintzen dituzte. Hori guztia ikusita, norberak ere seriotasun handiagoarekin hartzen du txirrindularitza, azkenean taldeak egiten duen lan hori guztia emaitzekin bueltatzea nahi izaten dugulako". 


Profesionaletarako ilusioa?
Seguruenik, amateur maila txirrindulari baten ibilbidean kategoriarik gogorrena izango da, bai behintzat aurrealdean ibili nahi dutenendako. Profesionaltasunak ematen dituen lan baldintzak izan barik, egunerokoan ia euren parean egon behar dute bertara salto egin nahi dutenek.
Hala, Caballerok onartu du galduta duela maila gorenera salto egiteko ilusioa: "Hasierako urteotan denok izaten dugu ilusio hori, baina ni neu beste helburu batzuekin nabil. Gustuko dut bizikleta, zaletasuna da niretako eta horregatik jarraitzen dut bizikleta gainean". Penabad ere ados dago, gustuko duelako dabil bizikleta gainean: "Baina niretako zaletasuna baino gehiago ere bada. Zaletasuna bakarrik izango balitz izan seguru aurtengo neguan egin duen eguraldiarekin egun askotan etxean geratuko nintzatekeela. Batzuetan, beste aukerarik ez dagoelako eguraldi txarrarekin entrenatzera irten eta zikloturistak errepidean ikusten ditudanean...", dio barre eginez.
Penabadek ere zail ikusten du profesional izatera iristea, konpetentzia itzela dagoelako, eta txirrindularitza ez dagoelako unerik onenean. Mendian edo errepidean, bizikleta gainean ibiltzen da gustura, baina garbi adierazi ez badu ere, aurten egingo duen ahalegin bakoitzaren atzean –eta asko izango dira– gora igotzeko itxaropena gordeko du, seguru. 

Oraingo asteburuan lanera
Joan den asteburuan Soraluzeko lasterketa bertan behera utzi zuten haizetea tarteko. Arantzetaren debuta izan behar zen Euskadiko zirkuituan, baina  bihar Debabarrenakoak Ereñoko sari nagusian –Lehendakari txapelketa– ikusi ahal izango du kategoria berrian mendateak zelan igotzen dituzten: "Bai, ze Frantzian etapa guztiak platoa sartuta korritu genituen".
Penabad, berriz, domekan Espainiako kopan lehiatuko da, Aiztondoko klasikoan (Asteasu). Oraingoan, behintzat, etxe ondoan: "Gogorra da kanpora joatea. Extremaduran [Circuito del Guadiana] domekan izan genuen lasterketa. Proba amaitu eta furgonetara sartu ginen segituan, dutxatu barik, bueltan etortzeko". Eta noski, astelehenean klasera, hutsik egin barik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak