Zaborra atez ate batzea gomendatzen du txostenak

Mankomunitateak jaso berri du atez ateko sistemaren gaineko txosten bat, eta oso interesgarritzat jotzen du hark aurten Ingurumen batzordeburu Lasagabasterrek dioenez, adostasuna dago Mankomunitatean, eta "aurten" hasteko asmoa dago

Atez ateko zabor bilketa ekonomikoki eta ekologikoki bideragarria da Debagoienean; gaur egun zabor-tasen bidez Mankomunitateak dituen diru-sarrerekin ia guztiz ordaintzeko modukoa, eta epe ertain-luzean aurrezteko bidea ematen duena. Horixe da Mankomunitateak jaso berri duen bideragarritasun txostenak ematen duen ondorioa. Mankomunitatearendako are interesgarriagoa da, diru aldetik, atez ateko sistemari autokonpostajearena gehitzen bazaio ahal den etxebizitzetan, hori ere gomendatzen baitu txostenak: bi aukera horiek batuta, 2010-2016 tartean 930.000 eurotik gora aurreztuko lituzke Mankomunitateak.

Bada, hori guztia laster errealitate iraultzaile bihur daiteke Debagoienean. Izan ere, Mankomunitateko Ingurumen batzordeburu Pedro Lasagabasterrek gura du erakundeak "datozen bi edo hiru hilabeteotan erabaki bat" har dezan. Lasagabaster berak argi dauka atez ateko bilketa dela "hondakinak kudeatzeko gaur egun dagoen sistema onena", eta ez dago bakarrik: "Mankomunitateko batzordeko kide gehienak ados daude", esaten digu. Txostena eskuartean dute orain batzordeko kideek, eta seguruenik maiatzean landuko dute batzarrean, erabakiak hartzen hasteko asmoz.

Autokonpostajearen alde

Jon Kortabarria Mantzizidor eta Jordi Colomer i Misse teknikariek egindako ikerketak hainbat arlo jorratzen ditu, eta hainbat proposamen botatzen ditu. Adibidez, atez ateko bilketaren osagarri ezinbesteko moduan, norberak egiteko konpostajea planteatzen du, eta ez bakarrik baserrietan edo lorategia duten etxeetan, baizik eta bideragarri ikusten du ere terrazak edo lorategi komunalak dituzten etxebizitzetarako. Bestalde, industriaguneak ere atez atekoan sartzeko beharra aipatzen du. Horrekin guztiarekin batera, ordenantza fiskalen aldaketa planteatzen du, zabor gehiago sortzen duenak gehiago ordain dezan filosofia jarraituz, eta, horren beste alde gisa, autokonpostatzen dutenek hobariak jasotzeko aukera: eurek %10 eta %40 arteko hobaria proposatzen dute.

Ikerketak ondorioztatzen duenez, "edukiontzi sistemaren kostu osoa, hondakin organikoak batu barik, 4.050.000 euro eskasekoa da, eta atez ateko alternatibarekin, urteko kopurua 4.300.000 euro baino zertxobait gutxiago da. Baloratu beharko litzateke, hortaz, 250.000 eurorekin hondakin organikoak edukiontzietan batzea planteatu daitekeen atez ateko bilketaren adineko eraginkortasunarekin".

Ingurumenari dagokionez, egileek azpimarratzen dute atez ateko bilketak etxeetan baztertzen diren hondakinak (hau da, birziklatu edo berrerabili ezin daitekeen zatia) %25 murrizten dela. Baztertzen den zabor hori da kudeaketa gastu handienak dituena; horregatik, egileen ondorioa da atez ateko bilketa "bideragarria eta oso interesgarria" dela.

Azkenik, sistemaren diseinu hipotetiko bat eta guzti proposatzen dute, eta finantzaketa plan hipotetiko bat egin ere bai. Aurrekontu horren arabera, hiru milioiko kostu garbia izango luke etxebizitzetako atez ateko bilketak lehenengo urtean (48,55 euro biztanleko), baina horri gehitzen  dizkiote zerbitzu osagarri batzuk: industriaguneetako edukiontziak batzea eta pilak, bolumen handiko elementuak, eta komertzio eta industrietako papera eta kartoia batzea. Horrenbestez, 4,3 milioi euro izango litzateke atez atekoa eta zerbitzu osagarri horiek, gaur egungo zabor-tasekin batzen dena baino 145.000 euro garestiagoa (edukiontzi sistema 4.050.000 euro kostatzen da).

Kontzientziatu egiten du

Horiek guztiak proposamenak dira, eta orain Mankomunitatearen eginbeharra da horiek mamitzea. Atez ateko sistema aurrera eramaten bada –eta badirudi Mankomunitatea hortik doala modu erabakigarrian–, txostenak proposatzen du komunikazio kanpaina bat martxan jartzea, atez ateko sistemaz informatzeko eta autokonpostajea orain baino gehiago bultzatzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.