Wi-fi konexio sistema topatzea samurra da Debagoienean

Mirian Biteri 2008ko uzt. 21a, 12:14
Wi-fi bidezko konexioa modan dago gurean. Azkenaldian aditu batzuek sistema hori osasunarendako kaltegarria izan daitekeela ohartarazi eta kable bidezko konexioaren aldeko apustua egiten badute ere, gero eta samurragoa da horrelako konexioa topatzea Debagoienean.

Erakundeek eraikin publikoetan jartzen dihardute apurka eta hainbat enpresa pribatuk ere bide bera jarraitu dute, bezeroei zerbitzua dohain emanez.

Oñatiko Udala izan da zerbitzu hori jartzen azkena. Azken asteotan hainbat berrikuntza jarri dituzte abian kultura etxeko liburutegian; tartean, wi-fi konexioa jarri dute eskuko ordenagailua etxetik eraman ezkero Internetez nabigatu ahal izateko. Hango arduradun Arantzazu Ibarrondok azaldu duenez, helduen liburutegian zegoen premia handiena:  “Ikasle unibertsitarioak eta beste maila bateko ikasleek eskatzen zuten. Oso normala da horiek euren eskuko ordenagailuarekin etortzea eta beraz, eskaera handia zen”.

Gaztelekuan ere badute. Orain dela bi urte, ekipamendu berria martxan jarri zenean sarea aldatu zela aipatu du Iñigo Bianek.  Horren harira, Udalak udal eraikin denak wi-fiarekin konektatzea gura du. Ikastetxeetan ere ez da falta horrelakorik, hala nola, Eteon eta Oñatiko Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundean.

Arrasaten, tabernetan

Bestalde, Arrasateko eraikin publikoetan Kulturaten baino ez dago edozein erabiltzailearendako eskura. Baina, erdialdeko taberna askotan aurki daiteke zerbitzu hori. Esaterako, Ekaitzen, Iluntzen, Dat tabernan, Jai-Zalen, Etxosten, Kajoin, Yamain, Arrasate eta Mondragon hoteletan topa daiteke.

Bergaran ere antzeko zerbait gertatzen da. Udaletxe informatikari Ander Unzuetak azaldu duenez, kultura etxean dagoeneko konexio horren bidez nabigatzeko aukera dago, liburutegiko arduradunari pasahitza aurretik eskatu ezkero. Aroztegi aretoan ere badago: "Barrurako erabiltzen da hangoa bereziki, erakusketa eta antzeko ekintzak daudenean". Gaineratu du Udalak, oraingoz, ez duela bestelako eraikin publikoetan jartzeko asmorik.

Miguel Altuna institutuan ere badute. Hango Mertxe Laskurainek adierazi digunez, kanpotik etorritakoek erabiltzen dute bereziki. Ikasleek ere aukera duten arren, zerbitzu hori ez dutela erabiltzen dio: "Klasean daudenean ikastetxeko ordenagailuekin konektatzen dira". Horretaz aparte, hainbat tabernetan eta jatetxeetan ere badute; esaterako, Ziripoten edo Etxagin.

Arkupen oporretatik bueltan

Aretxabaletan momentuz ez dute inon. Arkupe kultura etxe berrian jartzekotan dabiltza Udala; baina, martxan noiz jarriko den zehazteke dago oraindik. Irailera arte, gutxienez, ez da abian jarriko hori. Liburutegian egongo da.

Eskoriatzan, gainontzeko herrietan bezala, liburutegian dago. Orain dela bi urte inguru jarri zuten han. Ordenagailu zerbitzuak bertan edukita wi-fia izatea “interesgarria” izan zitekeela pentsatu zuten. Harrera ona izan du, bereziki ikasleen artean. 

Aramaion ere kultura etxean dute zerbitzu hori. Konexioa gura duena liburutegira joan behar da eta sartzeko baimena eskatu behar du, Bergaran bezala. Udalak, baina, hori aldatu gura du. Internetera zuzenean sartzeko aukera izatea nahi du, pasahitza barik.

Torrebason zehazteke

Antzuolan oraingoz ez dago gunerik. Udalak Torresoroa kultura etxe berrian horrelakorik jartzea edo ez aztertzen dihardu. Antzuolako alkate Pedro Iturbek baieztatu du aukera hori sakon aztertu behar dela, "kaltegarria izan daitekeela diote eta aditu batzuek". Turismoarekin lotutako negozioak ere modara apuntatu dira. Hala, erabiltzaileek Ibarre landetxean aurkituko dute mota horretako konexioa. 

Elgetarrek, bestalde, liburutegian aurki dezakete  zerbitzu hori. Udalak esan digu oraingoz ez duela beste eraikinetan jartzeko asmorik. Horrez gain, Espaloian ere badago. Konexioa dohainekoa izateaz gain, eskuko ordenagailu bi dituzte eskura. Kafe antzokia zabaldu zutenetik eskaintzen dute: "Proba moduan jarri genuen eta pozik gaude. Gazteek nahiz nagusiek eguneroko gauzetarako erabiltzen dute: musika entzuteko, korreoa begiratzeko edo oporrak antolatzeko", diote arduradunek.   

Gatzagan, azkenik, udaletxean bakarrik dute eta hango jarduerara bakarrik mugatuta dago. Irailean zabalduko duten Soran Etxea hotelean ere egongo da.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak