Ander Ugalde: "Amezketan, 'Ehun miliak' proba uztera behartu gintuzten"

Maider Arregi 2010ko uzt. 18a, 18:25

Lehen Euskal Herriko ultratrail proba, gogorra izango zela bazekiten lasterkariek. Baina, euriak, behe lainoak eta tenperatura baxuek latzagoa egin dute 'Ehun miliak' lasterketa. 260 parte-hartzaile abiatu ziren bariku arratsaldean Beasaindik eta erdiak bertan behera utzi behar izan du proba, askok antolatzaileek behartuta. 168 kilometro eta guztira, 23 mila metroko desnibela. Bihurrituak, zaintiratuak, babak, zauriak, muskuluen gain karga, nekea eta adorea izan dira protagonista.

Jende asko batu zen bariku gauean Gorlako Altzasu elkartean  lasterkariak bertan zuten-eta  jan eta edateko lehen kontrol gunea. Xabier Lijo Debagoieneko koordinatzailearen arabera, "Gorlan nahiko fresko ikusi genituen korrikalariak. Batzuk larregiko azkar, beste asko, buruarekin, lasaiago zihoazen". 

Lehena heltzen,  Iker Karrera amezketarra, 20:55ak inguruan. Karrerak sekulako aldea atera zien bigarren eta hirugarrenari, atzetik zetozen bi suhiltzaileei, Aleson eta Albizuriri.

Gorlan, 30 minutuko aldea eta Etxegarate inguruan 2 orduko aldea ere bazeukan Karrerak. Zalantza gabe  faboritoa zen proba irabazteko. Antolatzaileen arabera, uste baino 2 ordu lehenago helmugaratzea espero zuten. Tamalez, 18 ordu lasterketan emanda, erretiratu egin behar izan zen. "Muskuluak ezin zituen luzatu, koadrizepsa guztiz kargatuta  eta muskulu-espasmoa zeukan", azaldu dute fisioterapeutek.  Hala, Imanol Aleson azkoitiarrak irabazi zuen proba (25:14:18). 

Debagoieneko lehena Gorlan, Argider Isasti oñatiarra. Eskarmentudun kirolaria da Isasti eta badaki iraupen luzeko lasterketetan primeran moldatzen. Atzerago, Xabier Iñurritegi eta Iker Agirrebalzategi oñatiarrak elkarrekin iritsi ziren. "Erritmo onean eta momentuz ondo ikusten dugu gure burua. Lasterketa hasi besterik ez da egin, orain dator gogorrena", kontatu ziguten oñatiarrek indarrak hartzen ari zirela Gorlan.  Aipatutako hiru oñatiarrek osatu dute Debagoieneko lasterkarien podiuma.

Kontrolera iristean, txalo zaparrada handiak jaso zituena Jose Inazio Balentziaga bergararra izan zen. Jendearen animo eta berotasunak, gau umela  goxatzea lortu zuen.  Gaua aurrera zioan bitartean, kataluniarrak eta portugesak ere pixkanaka iristen hasi ziren. Ikusmina sortu zuen husky  arrazako txakurraz lasterka iritsi zen kataluniarrak. 
Azkenak, portugesak;  lasai-lasai, kontroletik azken maxima egiteko 2 minutu falta zirela, goizaldeko ordu batak eta erdi inguru pasa ziren Gorlatik. 

Bigarren zatia, gogorrena

Txindokiko tontorra eta jaitsiera izan direla puntu zailenak azaldu dute lasterkariek. Inguru batzuetatik ezin zela pasa zioten. Hain zuzen ere, lasterketaren une honetan utzi dute proba gehienek.  Argider Isasti oñatiarrari, berriz, Ernio egin zaio gogorrena: "Bakarrik eta gauez pasa nuen Ernio, euria eta behe lainoaz. Ordu asko bakarrik eginda, gogorra egin zitzaidan. Bukaerako zatia, azken 10 kilometroak izan dira niretzako latzenak. Ez genekien noiz amaituko zen. Askok uste  genuen igo eta jaitsi zela, baina, buelta asko eman behar ziren, erdi mariatu gintuen pixka bat".  

Oñatiarra pozik, lehen Debagoiendarra izan baita 30 ordu eta 18 minutuko denbora eginda. Eguraldia,  erabakiorra  izan da eta hanka azpiak "xehetuta" dituela kontatu digu Isastik: "une oro hankak bustita eta egosita izan ditut proban zehar".  Orain, Isastik Mont Blanck-eko proba egingo du abuztuan Iker Agirrebazategi oñatiarrarekin batera. 

Lasterketa bertan behera

Arrasatearrek ez dute zorte onik izan. Izan ere, Amezketan lasterketa eten egin zuten antolakuntzakoek. "Txindoki oso arriskutsu zegoen eta gure segurtasuna bermatzeko lasterketa bertan behera utzi behar izan genuen goizeko 5etan". Pena handiz kontatu digu Ander Ugaldek, izan ere, bere burua oso ongi ikusten zuen: "Jendea galduta eta hipotermiaz zegoen eta bidea oso arriskutsu; zoritxarrez, uztera behartu gintuzten taldean gindoazen hiru arrasatearrak. Gure burua oso ondo ikusten geunen eta bukatzeko gai ginen, pena izan da lasterketa utzi behar izatea".
Lehen emakumea helmugaratzen Nerea Martinez madrildarra izan zen 29  ordu eta 26 minutuko denborarekin. Nereak hasieratik hartu zuen aurrera lasterketan eta Gorlara iristen ere lehen emakumezkoa  izan zen Martinez.

Sailkapena

Lehenengo gizonezkoak
Imanol Aleson 25:14:18
Iker Urizar 26:03:09
Joxelu Albizuri 26:04:54

Lehenengo emakumezkoak
Nerea Martinez 29:26:18
Jaione Sasieta 39:04:45
Jone Pelaez 41:32:44

Lehenengo debagoiendarrak
Argider Isasti 31:18:43
Iker Agirrebalzategi 36:53:28
Xabier Iñurritegi 37:20:08

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak