Udalatx ez du harrobi moduan aurreikusten Arrasateko Udalak

Ubane Madera 2010ko mar. 1a, 20:38
Arrasateko Udalak ez du ustiapen mota hori gauzatzeko aukerarik ikusten Kanpanzarren. Harrobia kudeatzen duen enpresak 2024an hasi nahi du lur azpiko ustiakuntzarekin.

Arrasateko Udalak adierazi du Udalatx barrutik ustiatzen segitzeko "hirigintza ikuspuntutik planteatutako ustiapen berriak ez duela egun udalerriko planeamenduaren estaldurarik". Horrez gain, jasotako dokumentazio guztia gainontzeko ikuspuntuetatik ere sakonki aztertu ahal izateko denbora gehiago eskatu dio Udalak Eusko Jaurlaritzari, martxoaren bukaerara arte, hain zuzen.

Ingurumen eragina

Horixe, beraz, Arrasateko Udalaren ikuspuntua Udalatx barruan harrobia egiteko eskaeraren aurrean. Udalatx mendia ustiatzeko proiektuaren ingurumen eragina aztertzeko tramiteak hasi dituzte jada. Horren gaineko ebazpena jendaurrean ipini du Jaurlaritzak, enpresa ustiatzaileak Udalatxetik harria ateratzen segitu nahi dutelako, aurkeztutako proiektuaren arabera.

Planeamendu orokorretik at

Arrasateko Udalak ez du ustiapen mota hori gauzatzeko aukerarik ikusten. Kanpanzar Harrobia S.A. enpresak ustiatu nahi duen gunea ez dago aurreikusita Arrasateko planeamendu orokorrean harrobi moduan. Gauzak horrela, zaila izango da enpresak Udalatx ustiatzeko harrobia egitea. Udalaren baimena beharko lukeela uste dute Hirigintza Sailean, Udalatx Arrasateko udalerrian dagoelako. Udal Gobernuaren arabera, Hirigintza Sailak ez du proiektu horren aldeko txostenik egin.

Lur azpiko harrobia, aginduta

Kanpanzar Harrobia Calcinor taldeko enpresa batek kudeatzen du. 1999an lur azpiko harrobi bat ikusi zuten Italian eta bide beretik jotzeko aukera ikusi zuten. Lur azpiko ustiakuntzaren proiektua Celestino Gonzalez katedratikoari agindu zioten orain zortzi urte, eta modelo berria 2024an abian jartzea da beraien asmoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak