Udako oporretan, etxeko txikiendako bada non gozatua ibarreko herrietan

IratiA. 2008ko mai. 9a, 11:05
Ekintzak Jolasak, eskulanak, irteerak... egingo dituzte udaleku irekietan; adin bakoitzera egokitutako ekintzak antolatzen dituzte begiraleek Izenematea Udalekuak uztailean barrena egingo dituzten arren, izena emateko epea herri gehienetan zabalik dago oraindik Helburua Umeek elkarrekin jolastuz ondo pasatzea da asmo nagusia; baita euskararen erabilera bultzatzea eta beste balore batzuk lantzea ere

Udan mendiak badu bere enkantua, baita kostaldeak eta hondartzak ere, baina Debagoienean, herriko erdialdeko guneetatik asko aldendu gabe, udaleku irekietan ondo pasatzen dute umeek uztailean.
Udalak antolatzen ditu udalekuok kasu gehienetan; Arrasaten Txatxilipurdi elkarteak du ardura, Gatzagan Gurel guraso elkarteak eta Aretxabaletan Udalak Poxpolin taldearekin jarduten du elkarlanean. Antolatzaileek eman digute udalekuon berri.

Ondo pasatzea, helburu

Udaleku irekien helburuari buruz galdetuta, antolatzaile guztiak bat datoz esatean udalekuak gertatzen dituztela umeei ondo pasatzeko aukera emateko.
"Hasieran sortu ziren euskara bultzatzeko, udan euskara erabiltzeko aukerarik ez zuten umeei aukera hori emateko. Orain,  euskarak badu garrantzia, dudarik gabe, baina aisialdia eta umeek elkarrekin ondo pasatzea dira helburuak", esan digu Jone Larrañaga Antzuolako Udaleko Kultura teknikariak.
Oñatiko Udalak euskararen garrantzia azpimarratu du: "Haurrek elkar ezagutuz, jolas giroan, euren arteko harremanak sendotzea, eta behar berezia dutenei euskaraz egiteko aukera ziurtatzea dira udalekuen helburuak. Txikienentzat eta guraso erdaldunen umeentzat oso lagungarri gertatzen da udaleku hauetan ibiltzea", esan digute.
Aretxabaletako Kultura teknikari Inma Miguelek esan digunez, "gurasoak lanean dauden bitartean umeak zaintzeko zerbitzua ere betetzen dugu, nolabait, baina ez da hori asmo nagusia. Umeak joaten dira eurek nahi dutelako, beste umeekin jolas egiteko, beste ikastetxeetako umeekin ibiltzeko…"
Txatxilipurdi elkarteko Maite San Vicentek hitz gutxitan laburtu du udalekuen helburua: "Euskaraz ondo pasatzea".

Diseinu berritzailea

Helburuak betetzeko, askotariko ekintzak antolatzen dituzte begiraleek, adin bakoitzera eta umeen interesetara egokituak.
Arrasaten, txikienendako, 2 urtekoendako, bi orduko saioak antolatzen dituzte ludoteketan. Eskulanak, jolasak eta kantuak egiten dituzte, lasaitasunari eta konfiantza giroari lehentasuna emanez. Haur Hezkuntzakoekin goizez hiru orduz egoten dira. Uraren eguna, ginkana, altxorraren bila, jolasak, antzerkiak, eskulanak... egiten dituzte. "Arrakasta handien uraren egunak izaten du; puzgarriekin eta uretako jolasekin primeran pasatzen dute", esan digu Maite San Vicentek. Lehen Hezkuntzakoek daukate aukera goizez edo goiz eta arratsaldez joateko. "Gehienak goizez joaten dira, baina ia beti sortzen da talderen bat arratsaldeetarako. Arratsaldez egiten dugu lagunekin egingo luketen berbera baina dinamizatzen". Eurekin urtero egiten dituzte irteerak: Laleseko parkera, igerilekura, Getariako hondartzara… "Adinean gora doazen heinean, esparru zabalagoan mugitzen gara eta gau bat pasatzera aterpetxera ere joaten gara", dio Maite San Vicentek.
Antzuolako teknikari Jone Larrañagak esan digunez, "saiatzen gara kanpoko ekintzak antolatzen batez ere, kontuan hartuta udaleku irekiak eskolan egiten direla eta urte guztian barrena han sartuta egoten direla. Baina eguraldiak baldintzatzen ditu ekintzok. Lehen orduan eskulanak egiten dituzte. Jaietako karaokerako kantuak eta arropak gertatzen dituzte… Kanpoan zapien jolasak, olinpiadak, San Fermin eguna... egiten dituzte eta irteera bat ere egiten dute urtero".
"Umeek eskulanak eta beste ekintzak egin arren, jolastu egiten dute, batik bat", dio Aretxabaletako Inma Miguelek.

Irteerak gustuko

Ekintza gehienak herrian bertan egiten dituzten arren, irteerak ohikoak dira udalekuetan. Aramaiokoak Otxandioko igerilekura joaten dira, eta Aretxabaletakoek eta Eskoriatzakoek ere egiten dituzte txangoak. Gatzagakoak zalditegira, Gamarrako igerilekuetara eta Gaztainuzketara gaua pasatzera joaten dira.
Gatzaga herri txikia izanik, udalekuetan ere bada ezberdintzasunik, txikiak izan arren. "Umeek elkar ezagutzen dute eta ondo moldatzen dira. Nagusienek ez dute ekintza guztietan parte hartzen, batzuk ume txikiendako direlako bereziki, baina irteeretara joaten dira", esan digu Gurel elkarteak.
Antzuolan izan ezik, gainontzeko herri guztietan zabalik dago oraindik izena emateko epea. Baina iazko ume kopuruari erreparatuta guztira 1.500 ume inguruk hartuko dute parte udalekuetan. Begiraleak ere horren arabera hartzen dituzte, batez beste hamar umeko begirale bat. Begirale taldeak ere osatzen dihardute oraindik eta udalekuen aurretik beti izaten dituzte formazio saioak besteak beste programazioa prestatzeko.
Jolasak, eskulanak, txangoak, lagunak, euskara... guztiak batera eta etxetik apenas urrutira joan beharrik gabe. Udaleku irekietan izena emateko aukera badago oraindik ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak