Taxiendako telefono bakarra: Agitaxek eta ibarreko hainbat gidarik iritzi kontrajarriak dituzte

Mirian Biteri 2008ko urt. 28a, 10:00

Hilabete eskas darama martxan taxien telefono bakarreko sistemak. Debagoieneko taxilarien artean ez du oso harrera ona izan sistema horrek. Hala, ibarreko taxilarien heren bat baino ez da sistema berrian sartu.

Agitax taxi gidarien elkarteko presidente Emilio Fernandezek azaldu duenez, sistema berria GPS bidez dabil. Hala, bezero batek 943 400 500 telefono zenbakira deitzen duenean, gertuen dagoen taxi gidaria topatuko du horrek. Udalerri horretako taxi gidaririk egon ezean, ibarreko beste udalerrietako gidariengana jotzen du. "Eskualdeka lan egitea eta komunikazioa ona izatea lortu gura izan dugu horrekin", dio.
Administrazioak eta bezeroak sistema horren alde daudela dio Agitaxeko presidenteak. Bada, onartu du ibarreko taxi gidarien artean ez duela oso harrera ona izan. "Egon daitezkeen aldaketen aurrean konfiantza eta segurtasun eza dago orain. Denborarekin lankide gehiago animatuko direlakoan nago", esan du.

Ibarrean Enpresekin lanean 

Horrez gain, batzuek interes propioak dituztela ere adierazi du, "bere eguneroko lanean eragina izan dezakeela uste dutelako". Debagoienean taxi gidariek enpresekin lan asko egiten dutela dio: "logikoa eta normala da, diru sarrera inportanteak jasotzen dira-eta horrela". Bada, zerbitzu publiko bat dela eta beraz partikularrei ere zerbitzu hori emateko betebeharra dutela azpimarratu du Agitaxeko presidenteak.
Ibarreko taxi gidariekin jarri izan gara harremanetan, sistema horren gainean duten iritzia jasotzeko. Oñatiko Javier Marquezek ez du aparatua jarri gura izan bere taxian. "Arduratuta" dago sistema horren kudeaketarekin. "Teletaxi Vallinak kudeatzen du, Donostialdea SL bidez. Beldurra dugu hori ez ote den ibarrean sartuko", aipatu du. Horrez gain, informazio gutxi jaso izan dutela dio; hala, bideragarritasun ekonomikoa ez dela ondo argitu uste du. 

Juan Moreno bergararrak beste iritzi bat du horren gainean. "Hemendik aurrera, taxi geltokiak desagertuko dira eta, beraz, hor dago etorkizuna", dio. Bada, "erritmo berri honetara ohitzea kosta egingo dela" uste du. Sistema berria oraindik hastapenean dagoela ere esan du. Hala, aparatuak ez dabiltzala behar den moduan ere adierazi du.

Debagoienean 39 taxi lizentzia daude

Taxi lizentzia gehien dituen udalerria Bergara da; 14 ditu. Jarraian, Arrasate dago, hamabirekin. Oñatik sei ditu, Aretxabaletak hiru, eta Eskoriatzak eta Antzuolak bina. Elgetan eta Leintz Gatzagan ez dago taxirik. Lizentzia bat erosteko, normalean, taxilari bat erretiratu harte itxaron behar da. Lizentzia saldu eta erosi gura duten taxi gidarien arteko adostasuna egoten da. Bada, Arrasaten lehiaketara ateratzen dira eta puntuazio altuena ateratzen duenak eskuratzen du hori.
Lizentzia kopurua herri bakoitzaren biztanle kopuruaren araberakoa izan da orain arte. Gaur egun, ordea, Eusko Jaurlaritzak beste formula bat du horiek emateko. Formula hori Euskal Autonomi Erkidegoan bakarrik aplikatzen da. Hala, biztanleez gain, enpresa, jatetxe, hotel eta ibilgailu kopurua hartzen da kontuan eta formula hori aplikatuta, udalerri batean zenbat taxi egon behar diren erabakitzen da. Bada, kopuru hori gutxi gorabeherakoa da; zerbitzu hori emateko gaitasuna dela-eta, kopuru hori alda daiteke.

Lan egiteko modu ezberdinak dituzte gurean

Taxi zerbitzuaren funtzionamendua aldatzen da herrien arabera. Bergaran, esaterako, bezeroak ez du gauean geltokian taxirik topatuko. Hala, gauerdian taxi bat gura duenak, astegunetan, Udaltzaingora deitu beharko du hori eskatzeko. Aste bukaeran, berriz, Ertzaintzara jo beharko du, taxi bat hartu nahi badu behintzat. Oñatiko taxi gidariek, berriz, ez dute horrela funtzionatzen. Zaintza duenak zerbitzuaren telefono zenbakia desbideratuta du eta modu horretan, bezeroaren deia zuzenean jasotzen du.

Oñatin bezala, Eibarren ere txandaka egiten dute lan. Egun osoko zerbitzua eskaintzen dute. Hala, gauean, hiru edo lau taxi egoten dira beti geltokian. Aspalditik funtzionatzen du zerbitzuak horrela. Garai batean, Udalak taxi gidariak derrigortu egin zituen gauean ere zerbitzua eskaintzera. Orain norberak hartzen du erabakia baina, ohituta daudenez txandakatzen dihardute. Pozik daude Eibarren duten taxi zerbitzuarekin; baita inguruko herrietan ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak