Sinatu dituzte Arrasaten AHT egiteko lursailak desjabetzeko aktak

Txomin Madina Milikua 2009ko mar. 26a, 17:33
behin aktak sinatuta, hasi daitezke Abiadura Handiko Trenaren lanekin. Gauzak horrela, AHTk gurutzatuko dituen bost herritatik hirutan sinatu dituzte aktak: Aramaion, Eskoriatzan eta Arrasaten bertan. Bergaran eta Antzuolan oraindik ere idazteko dago behin betiko proiektua.

Abenduaren 2an saiatu ziren Sustapen Ministeriokoak Arrasaten Abiadura Handiko Trenaren lanak egin ahal izateko lursailak  desjabetzeko aktak sinatzen. Azkenean baina, bertan behera geratu zen sinatzea alkateak, baldintzak betetzen ez zirela argudiatuta, ez zituelako sinatu gura izan, AHTren kontrako zenbait herritarrekin istiluak ere egon ziren lehen saiakera hartan.

Horren ostean, otsailaren 25 eta 26an lurjabeei dei egin zieten Donostian dagoen Gipuzkoako Gobernuaren Ordezkaritzara joateko, sinadura ekitaldia han egin ahal izateko. Orduan ere ezin izan zuten egin, lurjabeetako batek sinadura lurretan bertan sinatzea eskatu zuelako. Azkenean baina, atzo sinatu zituzten Arrasateko lursailak desjabetzeko aktak, eta hortaz, hasi daitezke AHTren lanekin.

Aramaio eta Eskoriatza: iaz sinatu zituzten

Debagoieneko beste herri batzutan ere, hainbat saiakeren ostean egin zen akten sinadura. Eskoriatzan, apirilaren 15ean gerturatu ziren Sustapen Ministeriokoak udaletxera lurren desjabetze aktak sinatzeko, baina ordurako AHTren kontrako manifestariak udaletxean itxialdia egin zuten,eta egoera hori ikusita, bertan behera geratu zen sinadura. Azkenean, ekainean sinatu ziren aktak.

Aramaion, maiatza hasieran egin zuten lehen saiakera eta kasu honetan ere, alkatea izan zen sinatzeari uko egin ziona. Azkenean, uztailaren 29an lurjabeek sinatu zituzten aktak, eta abuztuaren 7an Udalak, Zabolan zuen lur eremuarena hain zuzen ere. Alkate botereak kenduta egin zen sinadura, segurtasun neurri handien artean.

Bergara eta Antzuola

Antzuolan eta Bergaran bestalde, oraindik ez dute lurrik desjabetu, izan ere, herri horietan AHTren proiektua idazteke dago. Bergaran, uztailean aurkeztu zen oinarrizko proiektua, eta jarritako alegazioak onartu ostean, abenduan aurkeztu zuten bigarren proiektua. Honi jarritako alegazioak lantzen dabiltza orain. Antzuolan bestalde, proiektua idatzi ahal izateko zundaketak egiten dabiltza orain.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak