Espainiako Lan Ministerioak baiezkoa eman dio Sidenor enpresak aurkeztutako behin behineko enplegu erregulazio espedienteari. Enpresak ekainaren 30era arte erabili ahalko du erregulazio espediente hau, eta eragina izango du Sidenorren barruan dagoen Elgetako Forjanor lantegian. ERE honen arabera, enpresak hilabetero eskariaren arabera egokitu ahal izango du egutegia lantegi bakoitzean, langile bakoitzaren lan jarduna %50era murriztuz. ELA sindikatutik adierazi digutenez, ez daude konforme erabakiarekin, euren esanetan, akordiorik lortu ez delako eta alderdi sozialak pisu gutxi izan duelako. ELAtik jakinarazi digute, Elgetan lanean diharduten guztiei eragingo diela enplegu erregulazio espedienteak.
Atzera bota dute Cegasaren EREa
Cegasa lantegiko arduradunek aurkeztutako enplegu erregulazio espedientea bestalde, atzera bota du Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak. Joseba Azkarraga Lan sailburuak adierazi duenez ezezkoa azterketa sakon baten ondorio da, inplikatutako alderdi guztien ikuspuntua jaso eta gero hartutakoa.
Juan Carlos Ramos enpresa batzordeko kidearekin harremanetan jarrita,adierazi digu langileak pozik daudela erabakiarekin, baina era bereanenpresak aurrera begira har ditzakeen neurrien zain. Enpresak orain arte izan duen jarrera ere kritikatu du eta gaineratu adierazi du pilen ekoizpena gasteizen geratzen den heinean, prest daudela negoziatzeko, beti ere, bajak borondatezkoak baldin badira.
Cegasatik aldiz, esan dute Eusko Jaurlaritzaren erabakia arrazoi elektoralen ondorioz hartu dela, ez lanpostuen defentsan, eta iragarri dute ezezkoak oso ondorio larriak ekarriko dituela taldeko lau lantegietara, baita Oñatikora ere. Berretsi dute era berean, enpresarentzat ez dela bideragarria pilen ekoizpena Gasteizen mantentzea.
Bergarako Orni, ixtear
Bergaran bestalde, bertako LAB sindikatutik esan digute, lan falta dela eta Orni enpresako jabeek lantegia ixteko asmoa dutela jakinarazi dietela langileei. Oraindik baina, jabeek ez dute zehaztu zein formula erabiliko duten enpresa isteko. Gaur egun, 50 langile inguru ditu Ornik.