Sendagile kopurua handituko du ibarreko hainbat zentrotan Osakidetzak

Irati Agirreazaldegi 2008ko uzt. 8a, 14:56
Osakidetzak 130 familia mediku eta pediatra berri ipintzen dihardu lehen mailako asistentziarako. Osakidetzatik diote, herritarren osasun arazoen %90 lehen mailako atentzio eremuan ebazten direla. Ibarrean ere izan da aldaketarik anbulatorioetan sendagileei dagokienez.

"Osasun zentroetan plaza eskuratu duten medikuak plaza horren jabe egin dira ekainean barrena eta postu horietan zeuden bitarteko sendagileek utzi egin dituzte euren lekuak. Ibarreko zentroetan plaza lortu eta sartu diren sendagileak honakoak dira: Arrasaten Elisabete Gametxogoikoetxea, Jesus Rubio, Jose Ignacio Alvarez eta Maite Conde; Bergaran Miren Iriarte, Idoia Bildosola, Oihana Ezkurra eta Ignacio Balzategi; Antzuolan Xabier Epaizabal; Oñatin Rosario Martinez, Maite Monje eta Anton Otegi; Aretxabaletan Susana Sampietro, Alfredo Etxarri eta Agirregomezkorta; eta Eskoriatzan Sinaita Navarro", esan digu Juan Manuel Sanzo Eskualdeko Zuzendari Medikoak.

Sendagile gehiago

Aldaketa horietaz gain, ibarrean laster sendagile plaza berriak sortuko dituzte: "familia mediku berri bana izango dira Arrasaten eta Bergaran seguru aski irailean hasiko direnak, eta pediatra bat Oñatin. Bestalde, datorren urtean aztertuko dute Aretxabaletan eta Oñatin beste plaza bana sortzea familia medikuendako", azaldu digu Juan Manuel Sanzok.

Medikuak gehituta Osakidetzakoen esanetan, "nabarmenki hobetuko da erabiltzaileei emango zaien asistentzia. Profesionalek lan karga gutxiago izango dutenez, kontsulta bakoitzari eskaintzen zaion denbora luzatuko da batetik, eta bestetik denbora gehiago izango dute fakultatiboek etengabeko prestakuntzarako, osasunaren sustapenerako eta prebentzio jardueretarako".

Egun familia mediku bakoitzak 1.680 erabiltzaileko kupoa du batez beste eta nahi dute 2009 urtea  amaitzerako paziente kopurua 1.500era jaistea. Ibarrean lau osasun unitate daude. Bergarakoan 10 sendagile daude eta bakoitzeko batez besteko kupoa 1.624 pazientekoa da; Arrasaten 14 dira sendagileak eta kupoa 1.628koa; Oñatin 1.629ko kupoa dute batez beste sei medikuek; eta Leintzen ere sei dira sendagileak eta kupoa, berriz, 1.563koa.

Sendagile berriak sartu dira bai anbulatorioetan, hala ere, uda sasoian izaten da arazorik mediku nahikoa ez dagoelako. Juan Manuel Sanzoren esanetan, "medikuak falta dira ez soilik gurean, oro har leku guztietako arazoa da. Hortaz, mediku batek oporrak hartuz gero, bere lana lankideek bete behar dute. Medikuak egon badaude baina baliteke gehiago behar izatea eta horretarako osasun politikaren aldaketa litzateke irtenbideetako bat".

Pazienteen banaketa

Mediku bakoitzari dagokion kopurua aldatuko denez, berrantolaketa egin beharko dute anbulatorioetan eta horrek eragina izango du erabiltzaileengan. Familia mediku batek 1.500 erabiltzailetik gorako kupoa badu, soberan dituztenak sendagile berriei pasako dizkiete. Horren helburua da aipatutako paziente kopurua baino gehiago ez izatea mediku bakoitzak. Berrantolaketa egin arren, familia bakoitzeko kide guztiek mediku bera izango dute.eta mediku berria egokituz gero, banan-banan emango diete aldaketaren gaineko informazioa pazienteei.  Jose Manuel Sanzok azaldutakoaren arabera, "aldaketak programa informatiko baten bidez egingo ditugu, baina familia unitateak errespetatuz. Eskatzen duguna da sei hilabeteko epea har dezaten pazienteek sendagilea ezagutzeko eta denbora tarte horren ostean, aztertuko litzateke aldaketa egin nahi izanez gero. Dena dela, erruren bat edo familia arazoren bat salbu ez da aldaketarik onartuko sendagile bakoitzaren kupoak eta zerbitzuaren kalitatea bermatzeko".

Medikuak ez ezik aurrerantzean asmoa du Osakidetzak erizain eta administrazioko langile gehiago hartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak