Arte ekitaldia egingo du Ramon Arantzabalek eta Internet erabiliko du zabaltzeko

Maider Arregi 2010ko api. 13a, 10:50
Kooperatibista erretiratua da Ramon Arantzabal arrasatearra. Web 2.0 erremintak erabiltzen hasi da eta egingo duen arte ekitaldia zabaltzeko sarea erabiliko du hain zuzen ere. "Gau magikoak Munibeko plazan" izeneko ekitaldia, ekainaren 25ean egingo du Bergarako Munibe plazan. Bertan, pintura, musika, dantza eta kontaketa uztartuko ditu. Bloga izango du komunikazio estrategiaren ardatz, beste tresna askoren artean.

Ramon Arantzabalek bere ikuskizuna Interneten zabaltzeko, sareak eskaintzen dituen baliabideak eta tresnak erabiliko ditu. Bloga izango da komunikazioaren ardatza eta performance horren berri emateko. Bat euskaraz, Gau magikoak Munibeko plazan, eta gaztelaniaz bestea, Noches mágicas en la plaza Munibe, biak Wordpress plataforman sortuak, bakoitza bere hartzaileekin.

Web 2.0 erremintak arte ekitaldi bat bultzatzeko

Web 2.0 erremintak erabiliko ditu ekitaldiaren berri emateko. Horrek aukera emango dio jendearen feedbacka jasotzeko. Eta elementu horien guztien oinarria bloga  da, bertan uztartuko dira-eta azalpenak, argazkiak, mapak, bideoak eta audioak. Hala, ekitaldian hainbat elementu erabiliko direnez, (pintura, musika, dantza, irakurketa…), berauek kudeatzeko kontu bana sortu ditu zerbitzu hauetan:
Flickr:  aurrez egindako pinturak eta gau magikoen inguruan sortutako argazkiak erakusteko.
Blip.tv: bertara igotzeko hemendik eta San Joan biharamuna bitartean sor ditzakeen bideoak.
Euskaltube: ostatu emateko audio artxiboei.
Del.icio.us: bertan gordetzeko han eta hemen ekitaldiaz argitaratzen diren artikuluak.
Twitter:  marketin apur bat egin eta jendearen iritzi eta iradokizunak jasotzeko.

Gau magikoak

Gau magikoak Munibeko plazan oinarrituko da Jean Sibelius musikari finlandiarraren Tuonelako zisnea obran. Bertan zisnea, lamia eta heriotza izango dira kontakizuneko elementuak, ahaztu barik aurora boreala. Berau irudikatzeko, Ramon Aranzabalek kolore biziko margoak erabiliko ditu, indartsuak. Horrekin batera, Musiraka dantza taldeak, Osintxukoa bera, prestatzen dihardu koreografia ekitaldirako.

Ramon Aranzabal

Arrasaten jaio zen 1950ean, eta Bergaran bizi da emaztea eta alabarekin. Fagorren egin zuen lan (Fagor Elektronika, Fagor Industrial eta Fagor Elektratresnak), eta, 2008an, erretiroa hartu zuen. Lanean ziharduela, 1995ean, hasi zen pintatzen, horixe da-eta bere benetako zaletasuna. Pintura abstraktua egiten du, hasieran pastela erabilita, eta akrilikoa oraingo proiektu honetarako. Gogoak horixe eskatzen dio, baina baita oihalen tamainak ere, oraingoan koadro handiak egiten ari baita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak