Gose eta pobreziarekin amaitzea eskatuko dute

Asier Alkorta 2007ko urr. 17a, 10:50
Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna da gaur, urriak 17. Egunaren harira, ekitaldia antolatu du Pobrezia Zero ekimenak gaur arratsaldean Arrasaten. Guztiok bizitza duin bat izateko eskubidea lortzeko, gosea eta pobrezia amaitzea eskatuko dute.

Ibarreko ekitaldia

Herria: Arrasate.
Tokia: Herriko plaza.
Ordua: 18:30etik 20:00etara.
Parte-hartzaileak:

  • Arrasateko Trikitixa Eskola
  • Bertsolariak: Jexux Mari Irazu eta Unai Agirre
  • Alberto Iñurrategi
  • Goikobalu Abesbatza 
  • Arrasateko Pobrezia Zero Plataforma

Konpromisoak betetzeko eskatu

Gaurko egunean eskatu nahi dute agintari politikoek hartutako konpromisoak bete ditzatela munduko pobreziari aurre egiteko.
Pobreziarekin amaitu daitekeela diote Pobrezia Zerokoek, baina horretarako herritar guztion ahalegina ezinbestekoa dela.

Milurteko garapen helburuak

Nazio Batuen Milurteko Adierazpena sinatu zuten 2000. urtean 189 herrialdetako estatu eta gobernu buruek. Haren bitartez, zortzi garapen helburu betetzeko konpromisoa hartu zuten, gosea eta pobrezia mundutik desagerrarazteko lehenengo pauso modura.

Pobrezia larriena eta gosetea desagerrarazi
Helburua da 2015. urterako erdira jaistea eguneko dolar batetik behera irabazten dutenen kopurua; baita goseak bizi direnena ere. 1990ean, munduan 1.250 milioi lagun bizi ziren egunean dolar bat baino gutxiagorekin. 2004an, %19 jaitsi zen kopurua; baina neurriak hartu ezean, 2015ean, 800 milioi lagun izango dira, eta ez, aurreikusi bezala, 420 milioi. Pobreziaren adierazle da, esaterako, Etiopian, maila ertainean bizi den lagun bat europar ertain bat baino 35 aldiz pobreagoa dela.
Bestalde, garapen bidean dauden herrialdeetan, 2.000 milioitik gora dira oinarrizko elikadura nekazaritzatik ateratzen dutenak. Umeen gose tasarik handiena Asia Hegoaldean eta Sahara azpian dago. Ume txikien %20 komeni den pisutik beherakoa da.

Haurren heriotza tasa jaitsi
Bost urtetik beherakoen heriotza tasa bi herenera jaistea 2015erako. hori da helburua. %3 jaitsi da tasa Latinoamerikan, Karibean, Ekialdeko eta Hego-Ekialdeko Asian eta Afrikako iparraldean, baina oraindik herrialde askotan helburua ez da bete. Hiesa da arrazoi nagusia; eta uraren egoera txarra, bigarrena. Baina paludismoa, gerra eta gatazka egoerak ere kausen artean daude. Heriotzak saihesteko aukera legoke osasun zerbitzu hobeak baleude.
Munduko umeen %20 bizi da Saharatik beherako Afrikan, baina hiltzen diren bost urtetik beherako umeen erdiak han hiltzen dira; 2015erako helburua ez da beteko.

Amen osasuna hobetu
Hiru laurdenean jaitsi nahi da, 2015erako, amen heriotza tasa. Erditzeetan laguntza medikoa izateak asko jaitsi dezake tasa hori. Izan ere, gauzak hobetu arren, milioi erdi emakume hiltzen dira haurdunaldian edo erditzean, gauzak korapilatu direlako. Hori guztia saihesteko modua legoke laguntza mediku egokiarekin. Haurdunaldian edo erditzean hiltzeko arriskua du Saharaz azpiko Afrikan 16 emakumetik batek; herrialde aberatsetan, berriz, 3.800etik bat hiltzen da. Afrikan eta Asian, odoljarioa edo anemia da kausa nagusia; Latinoamerikan, hipertentsio gorabeherak.

Sexu berdintasuna eta emakumeen autonomia sustatu
Gora doa, pixkanaka, nesken eskolaratzea, baita nekazaritzarekin lotuta ez dagoen lanbide bat duten emakumeena, batik bat lan merkatuan toki txikia zuten tokietan: Hegoaldeko eta Mendebaldeko Asian eta Ozeanian. Hala ere, oraindik 60 milioi neska daude lehen hezkuntzan matrikulatu gabe, eta lan egin behar da Afrikan, Hego Asian, Latinoamerikan eta Karibean.
Irabazirik gabeko lanetan diharduten pertsonen %60 emakumeak dira; hortaz, ez dute ez lan egonkortasunik ezta babes sozialik ere. Gainera, pobrezia egoera larrienetan bizi diren 1.200 milioi pertsonen %70 emakumeak dira eta emakumeen bazterketa erabat lotuta dago sexu diskriminazioarekin.
Emakumeen parte-hartze politikoa pixkanaka indartzen ari den arren, gizonezkoen esku daude botere postu gehienak.
19 herrialdetan baino ez dira parlamentarien %30 emakumeak.

Hiesari, paludismoari eta beste gaitzei aurre egin
Gaitza irtenbideak baino azkarrago hedatzen da hiesaren kasuan. 2006 urte amaieran 39,5 milioi pertsonak zuen gaitza; gehienak, Sahara azpiko Afrikan. Hiesari aurre egiteko agindutako dirulaguntzen %60 baino ez zuten jaso, eta neurriak hartu ezean, 2025erako, 90 milioi izan daitezke gaixoak. 2006an, 2,9 milioi pertsona hil ziren Hiesak jota munduan (orain dela bost urte baino 700.000 gehiago); eta gaitza hartu zuten 4,3 milioi lagunek. Gainera, botikak beharra duten gaixoen %28k baino ez ditu hartzen.
Tuberkulosiari dagokionez, kasuak asko gutxitu dira, baina hainbat herrialdetan ez dira 2015eko helburuetara iritsiko, hau da, kutsadurak ez dira erdira jaitsiko.
Bestalde, Saharatik beherako Afrikan, umeen %5ek baino ez dute eltxo-sareekin lo egiten, eta horiek beharrezkoak dira paludismoa saihesteko.

Ingurumen iraunkorra bermatu
Gune babestuak eta ozono-geruzaren aurkako isurpenak gutxitu egin dira, eta saneamendua ere hobetuz doa. Hala ere, basoak gainbehera doaz, 6 milioi hektarea urteko. Bestalde, negutegi efektudun gasak botatzen direlako, planetaren tenperaturak gora egin du eta, neurriak hartu ezean, bi gradu igoko da, klima aldaketa gogorra eraginez.
Gainera, ezinbestekoa da 2015 urterako 1.600 milioi pertsonak saneamendu egokia lortzea. Baina, oraingo bidetik jarraituz gero, 600 milioi lagunek ez dute edateko urik izango iturrietan. Hori da, hain zuzen ere, umeen beherakoa eragin eta, ondorioz, %88 heriotza ekartzen duen arrazoia. Eguneko gutxieneko erabilera pertsonako 20 litrokoa denean, 1.100 milioi lagun ez dira bost litrora iristen, eta Europan, batez bestekoa 200 litrokoa da.

Denondako lehen hezkuntza lortu
Ume guztiek 2015ean lehen hezkuntzako ziklo bat amaitzea da helburua. Horretarako bidean, matrikulazioek gora egin dute %80tik (1990) %88ra (2005).
Eskolaratu gabe daude, gutxi gorabehera, eskolan behar luketen 72 milioi ume; erdiak, neskak. Egungo bidetik jarraituz gero, 2015erako, 75 herrialdetan ere ez lirateke helburura iritsiko. Gatazka guneetan edo nekazal inguruetan bizi diren umeek dute eskola uzteko joera nabarmenena; neskek, gehiago, eta, batik bat, isolatutako Latinoamerikako guneetan. Gainera, matrikulazio tasak kobratzen dira
89 herrialdetan, eta hori traba da askok eskolarako pausoa emateko.

Garapenerako mundu elkartea sustatu
Herrialde aberatsek pobreei emandako laguntza %25 jaitsi da azken urteotan.
60ko hamarkadakoaren erdia ematen dute. Garapenerako laguntza, batezbeste, barne produktu gordinaren %0,25 da egun. Bost herrialde (Danimarka, Luxenburgo, Herbehereak, Norvegia eta Suedia) baino ez dira %0,7ra iritsi; defentsarako edo nekazaritzako dirulaguntzen bostena. 2015erako, goseak bizi direnen kopurua jaisteko, herrialde aberatsek 73 euroko hiru zentimo baino ez lituzkete eman behar.
Gainera, Milurteko Helburuak betetzeko, 62 herrialde pobreenen kanpo-zorra barkatzea da lehen pausoa. 2007ko apirilean, zorpetutako 40 herrialdetik 22ri barkatu zitzaien zorra. Dena den, merkataritzan, herrialde aberatsek agintzen dute oraindik.
Horri guztiari aurre egiteko, mundu osoko ordezkariek osatutako elkarte bat sortu behar da, garapen bidean urrats zuzenak emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak