Pinu-polena orain eta graminoena maiatzean

Iker Barandiaran 2009ko mar. 22a, 14:48
Egunotan pinu-polen asko dagoela-eta, Arrasateko Atxen Arantzabal alergoloarengana jo dugu, sasoi honetako alergien nondik-norakoak azaldu eta aholkuak eman diezaizkigun.

Ez dakit komunikabideon urteroko albistea den, baina aurten aurreko urteetan baino polen gehiago dagoela diote. Hala da?
Lehenik eta behin, bereiztu beharra dago hainbat polen mota daudela. Arruntena graminoena da; jende gehienak alergia dio horri. Oraintxe hasi eta inguru guztiak horiz utzi dituena, baina, pinu-polena da. Azken hori otsaila eta martxoa artean izaten da, eta aurten joan den urtean baino gehiago dago, zalantza barik.
Hala ere, graminoen-polena maiatza eta uztaila bitartean, San Isidrotik San Ferminetara-edo, egoten da eta oraindik ez dago jakiterik urte txarra izango den edo ez. Egia da, baina, orain arte euri asko egin izanak eragina izan dezakeela; hori bai, baldin eta aipatutako sasoian beroa eta haizea egiten baditu.
Bestalde, bada beste polen mota bat, martxoa eta apirila artean, izaten dena: urkiarena. Baina, horrek jende askoz gutxiagori eragiten dio.
 
Zer sintoma izan dezake alergia daukan batek?
Graminoen eta pinuen polenari alergia daukanak sintoma oso antzekoak izango ditu; aldatzen den gauza bakarra sasoia da. Ohikoenak honako hauek izaten dira: begietan azkura, negarra, doministikuak, sudurrean trabak, arnasestua, eztul sikua, sinusitisa eta batzutan burukomina ere bai. Hala ere, norberari desberdin eragiten dio; denetatik dago.

Zer gomendio emango zenioke alergiaren bat daukala uste duenari?
Aipatutako sintoma horietako batzuk urtero errepikatzen badira, jo dezala medikura. Hark erabakiko du espezialistara bidaltzea edo ez. Hala, espezialistak aztertuko du zer poleni dion alergia.

Alergia dutenendako honako hauek dira aholku garrantzitsuenak: aipatutako sasoietako egun eguzkitsu eta beroetan leku itxietan edo kostaldean egotea, autoan leihoak ixtea eta 19:00etatik 21:00etara bitartean ariketa fisikoak ez egitea. Horrez gain, komenigarria da betaurrekoak janztea.

Sendagaiei dagokionez, antiestaminikoak, inhalagailuak edo begietarako tantak erabil daitezke, mediku edo espezialistek agindutakoaren arabera; eta alergia handia dutenek txertoa ere hartu ohi dute.    

Egia da inor ez dela alergiko izanda jaiotzen? Gerora garatzen dela?
Bai, hala da, umetan, gaztetan zein heldua zarela bihurtu zaitezke alergiko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak