Arrasate izan zen hori abian jartzen lehena, Arrasate Bizirik plataformako tabernen (Dublin, Irish Pub, Monte taberna, Iturriotz, Zuk Nahi, Hotel Mondragon, Hilarion eta Lora) eskutik. Kaleko giroa eta txikiteoa berreskuratu eta, bide batez, tabernetako irabaziak hobetu nahi zituzten ardo ondua eta pintxoa euro batengatik eskaintzen. 2008. urtea zen.
Bi urte pasa dira ordutik hona eta Lora tabernako Markel Goikoleak nabarmendu du bete-betean asmatu dutela horrekin; pintxo poteoarekin jendea irteten hasi delako eta "izugarrizko giroa" sortzen duelako eguenetan. Datu bat: taberna horietan eguenero 700 botila ardo ondu baino gehiago zabaltzen dira. Azken horren harira, gaineratu du arrasatearrez gain inguruko herrietakoak ere etortzen direla: "Oñatitik, esaterako, autobusak beteta etortzen dira horretarako".
Bada, horretaz jabetu dira Debagoieneko beste hainbat herritako tabernariak, eta Arrasateko eredua jarraitzea erabaki dute. Bergaran otsailean hasi ziren eta Ariznoa tabernako Juan Etxabarriren esanetan, "harrera ezin hobea izan du. Apurka joan da kopurua igotzen eta uztail amaierakoak eta irail hasierako pintxo poteoak ikusgarriak izan dira. Jendea oso pozik dago eta ondo erantzuten ari da".
Bergaran, cava
Bost taberna hasi ziren: Etxagi, Biko, Ariznoa, Euxebio eta Deportivo. Joan den eguena ezkero, baina, seigarren batek parte hartzen du: zabaldu berri duten Bule, hain justu. Ez da berrikuntza bakarra. Ardoa hartu beharrean, hemendik aurrera, cava hartu ahal izango da pintxoarekin batera Bergaran, prezio berean: 1,5 eurotan.
Asteon, bergaran, bihar
Horrekin batera, Etxabarrik aurreratu digu asteon martitzenera aurreratuko dutela pintxo poteoa, eguenean jai-eguna da-eta herrian.
Bergararen ondotik, Aretxabaleta iritsi zen. Eguaztenean egitea erabaki zuten, Iosuko Juan Gaztañagaren esanetan Arrasaterekin bat ez egiteko: "Badakigu herriko jende asko Arrasatera doala eguenetan, eta, hortaz, eguaztenean egitea erabaki genuen". Hemen ere bete-betean asmatu dute: "Eguraldiak zeresan handia baldin badu ere, jende asko dabil. Esaterako, egunero 50 pintxo saltzen baditugu, eguaztenetan 350 eta 400 pintxo artean banatzen ditugu; askotan, gainera, barik geratu gara, eta urdaiazpikoarena jarri behar izan dugu”.
Taberna Berri, Gurea, Iosu, Arlutz, Txakoli, Paulaner, Artano eta Orlyk parte hartzen dute horretan. Herri horretan Bodegas Domecq enpresako Alkorta ardoa eskaintzen dute. Gaztañagak azaldu digu enpresa horrek egiten diela eskaintza onena eta, hortaz, kontratua sinatuta dutela horren harira.
Eskoriatzan, oso harrera ona
Ondoko herrietan izandako arrakasta eta herrikoek hala eskatuta, joan den eguenean pintxo poteoa estreinatu zuten Eskoriatzan. Oso erantzun ona izan zuen lehenengo hitzorduak. Inkernu tabernako Itsaso Errastik azpimarratu du betiko bezeroez gain eguenean jende berria ere badutela. Debagoieneko gainerako herrietako tabernariak ere bat datoz Errastiren adierazpenekin.
Errastik azaldu du pintxo poteoa egiteko ideia aspaldikoa bada ere, oporren ostean animatu zirela martxan jartzera. Herriko taberna gehienak daude sartuta: Mirentxu, Inkernu, Toki Alai, Urrestilla, Zarauztarra, Akeita, Benta Motz, erretiratuen egoitzako taberna eta Azkoaga Enea hotela.
Logikoa denez, gainerako astegunetan baino lan handiagoa dute egun horietan ostalariek. Aretxabaletarrak dio eguaztenetan arratsaldeko lehen orduan sartzen direla pintxoak gertatzen joateko eta botila ardoak zabaltzeko. Bi lagun ibiltzen gara horretan eta arratsalde partean hirugarren lagun bat sartzen da, zerbitzari lanak egiteko. Bergaran ere antzera dabiltza. Ariznoan, esaterako, zazpi lagunek egiten dute lan, bost tabernari eta sukaldari bi.
Pintxo poteoan edariek garrantzi handia badute ere, jatekoak ez dira gutxiago. Pintxoei dagokienez, denetarik dago. Aretxabaletako Iosun, esaterako, hostore beteak eta txistorra ateratzen dituzte gehien; Arrasateko Loran ere txistorra ateratzeko ohitura dute; baina astero pintxoak aldatzen saiatzen dira. Goikolearen arabera, "jendeak eskertzen du aldatzen joatea. Frijituak, maziak eta txistorra ateratzen ditugu". Bergarako Ariznoan ere aldatzen joaten dira; hegaluzea maionesarekin, gazta, langostinoak edo okela gisatua, esaterako.
Bestalde, Debagoienean pintxo poteoak izan duen arrakastaz jabetuta, Gipuzkoako beste hainbat herritako ostalariak gurean izan dira ekimena ezagutzen. Beasainen, antza, gustuko izan dute, martxan jarri berri dute-eta.