Gipuzkoako foru aldundiak ezarriko duen mugak Aizkorri-Aratz, Aiako Arria, Aralar eta Pagoetako parke naturaletarako balioko du, parkeotako baso publikoetarako. Diputazioak erabaki du eguneko eta pertsonako bost kiloko muga jartzea gehiegizko bilketak eta ingurune naturalaren hondatzea saihesteko.
Urte hasieran onartzekoa
Landa Garapenerako Departamenduak landu duen eta bilketa arautuko duen foru dekretuaren proiektua erakusketa publiko fasean dago egun, baina behin betiko onarpena bitartean ez da espero aldaketa askorik izango duenik. Datorren urte hasieran onartuko dute, eta udaberrirako indarrean egongo da, ziza denboraldiaren hasierarako. Baso publikoei eragingo die neurriak, baina pribatuen jabeek ere eskaera egin beharko dute diputazioan hauetan bost kilotik gorako kopuruak batzea baimentzea nahi badute, eta baldintza batzuk bete beharko dituzte baimen hori jasotzeko.
Diputazioak ezarriko dituen mugak errespetatzen direla zaintzeko ardura basozainek izango dute, eta horiek gainditzen dituztenei isunak jarriko dizkiete, 60 eurotik hasi eta milaka eurotarainokoak izan daitezkeen isunak. Baina Diputazioaren neurriak ez du bakarrik jaso ahal izango den gehiegizko kopurua zehaztuko, debeku batzuk ere ezarriko ditu, adibidez, lurzorua hondatzea, txapela ireki gabe duten perretxikoak batzea, batu behar ez diren perretxikoak apurtzea identifikatzeko ez baldin bada, eta gauez batzea debekatuta egongo da.
Lur azpian egoten den eta perretxikoen sorrerarako ezinbestekoa den mizelioa ere errespetatu egin beharko da beti, eta perretxikoak otarretan batu beharko dira, esporak lurrazalera erori daitezen ahalbidetzeko. Dekretuak aukera ematen du murrizteko perretxikoak batu ahal izateko egunak eta espezia jakin batzuendako neurri zorrotzagoak hartzeko, baina hau araudiaren bigarren fase baterako utzi dute.
Jendea alde; baina, perretxiko biltzaileak?
Neurri hauen gainean galdezka ibili gara goizean Antzuolan. Erantzun digutenek ondo ikusten dute perretxiko bilketari mugak jartzea, batzuek esan digute eguneko bost kilo gehiegitxo ere badela.
Dena dela, aitortu behar dugu galdekatu ditugun gehienak ez zirela ohiko biltzaileak.