Pedro Alberdi: "Baserrien gainbeherak ekarri du elikagaien kalitatearen beherakada"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko urr. 18a, 12:44

Baserriak bizi duen krisia dela-eta, horri irtenbidea eman guran kontsumo taldeak sortu dira azkenaldian. Gurean, hiru kontsumo talde daude dagoeneko: Arrasaten bi eta Aramaion oraintxe sortu berria dena. Aurrera begira, Bergaran eta Oñatin ere kontsumo taldeak sortzeko lanean dihardute. Talde horiek egiten duten lana azaldu digu Pedro Alberdik. Kontsumo taldeko kideek, astero, garaiko produktuez osatutako saskia jasotzen dute etxean. Baserritarren eskutik zuzenean, bitartekari barik.

Nekazaritzak bizi duen egoerari erantzuna emateko sortu dira elkarte horiek?
Azkeneko hamarkadetan baserri mundua beheraka joan da. Nekazaritza-enpresa handiak hasi dira baserritarren merkatuan sartzen eta baserritarrak jokoz kanpo geratu dira merkatu global horretan. Gainbehera horrek ekarri du baserritarren beherakada eta baita elikagaien kalitatearen beherakada ere.
Oso zaila da kalitatezko produktuak bilatzea gaur egun. Hortaz, horren aurrean jendea erantzuten hasi da. Talde hauen bitartez kontsumitzaileak zuzenean erosten dio baserritarrari. Azken finean, bitartekariak merkatua kontrolatzen du eta baita ekoizleen lana ere. 

Nekazarien egoerari irtenbidea emateko modua da kontsumo talde horien lana?
Bai, noski. Gaur egun, esan daiteke, ez dagoela baserritarrik, %90 galdu da. Geratzen direnak dira industriak, elikagai jakin bat sortzen duten industriak. Hortaz, geratzen diren baserritar gutxiak mantentzeko balio dute elkarte hauek eta baita baserritar berriak sortzeko ere. Merkatuan ezin daitekeenez lehiatu, era bakarra da aliantza bat sortzea herritarren eta baserritarren artean. Otarrearen formularen bitartez lortzen duguna da aukera bat ematea gazte bati baserrian jarri eta baserritik bizi ahal izateko.

Bergaran, Udalaren ekimen baten bitartez azoka biziberritzea eta bertako produktuak sustatzea nahi da.
Bai, datorren astean dago bilera bat –urriaren 21ean–, herritarrei adierazteko nola funtzionatzen duen horrelako talde batek. Bergarako kasuan, kontsumitzaile taldea badaukagu eta orain bilatu gura duguna da baserritarra. Eskaera horri erantzun ahal izateko baserritar bat edo bi bilatu beharko lirateke.

Zein da nekazaritzaren egoera gurean?
Egoera da oso larria; baserritarrak desagertzear daude. Gainera, bailara honetan potentzia handia dago industria arloan baina nekazaritzan oso gutxi bizi dira honetatik. Eta, bizi direnak, beste aukerarik ez dutelako izan, eredu oso intentsibo eta industriala ezarri dute nekazaritzatik bizi ahal izateko.
Adibidez, lur bariko nekazariak daude; hau da, hidroponiko deitzen dena da. Tomateak edo letxugak ekoizten dituzte sakotan. Baserritar gutxi daude eta daudenak modu intentsiboan ekoizten dute kalitate eskaseko produktuak. Bi edo hiru produktu ekoizten dituzte kantitate oso handietan baina kalitate txikian.

Elkarrizketa osoa gaurko Asteleheneko Goienkarian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak