Oteizak Arantzazurekin izan zuen harremana azaltzeko, bisita gidatuak egunero

Miren Arregi Amasorrain 2008ko abu. 22a, 15:56
Jorge Oteizaren jaiotzaren mendeurrenean, Debagoieneko Mankomunitateak, Oteizak Arantzazurekin izan zuen harremana islatzen duten bisita gidatuak antolatu ditu egunero Arantzazun, abuztuan eta irailean zehar. Bisita gidatuok eguerdiko 12:30etan dira, eta bi euro balio dute.

Horiek, Oteizak Arantzazurekin izan zuen harremana erakustea dute helburu eta era berean, Arantzazuk eskulturagile ospetsuarengan izan zuen eragina zer nolakoa izan zen azaltzea.

Bisita gidatuak 45 minutu irauten ditu. Santutegian, fatxada bakarrik erakusten dute, barrura sartu barik. Fatxadan, Oteizaren apostoluak eta pietatearen historia azaltzen dute eta ondoren,  Gandiaga Topagunearen ondoan dagoen Misterioa eraikina ikusteko aukera eskaintzen dute. Hain zuzen ere, Misterioa eraikinaren aurreko aldean, Oteizaren brontzezko eskultura bat dago. Eskulturak, Ama Birjina eta haren semea besoetan dituen fraile bat irudikatzen du. Eskultura hau aurrean dutela, gidariak, Oteizaren eta Gandiagaren arteko erlazioa azaltzen du. Hain zuzen ere, Gandiagak, Elorria, bere lehen liburua argitaratu zuenean, izan zituen kritika gogorrak medio, idazteari utzi zion. Diotenez, Gandiagak Oteizari esker ekin zio berriz ere idazteari eta hori da era sakonago batetan, eta beste batzuen artean, bisita gidatuak erakusten duena. Hain zuzen ere, aipatutako eskultura, Gandiagak Oteizari eginiko eskaera baten fruitua da.

Mankomunitateak Arantzazuko Santutegian duen Debagoieneko Turismo Informazio eta interpretazio zentrotik aditzera eman digute, abuztuaren hasieran bisita gidatuoi hasiera eman zitzaienetik, egunero izan dutela jendea.

Bestetik, gogoratu behar da, Arantzazuko Santutegian bisita gidatuak egunero egiten direla goizeko 10:30ean, 11:30ean, 16:00etan eta 17:00etan. Bisita hauetan, Arantzazuko historia kontatzeaz gain, Santutegiaren, Kriptaren eta fatxadaren gaineko kontuak azaltzen dituzte.

Bi bisita gidatu horietaz gozatu gura izanez gero, deitu 943 71 89 11 telefonora.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak