Gaur egin duten urteko batzar arruntean langileen %75aren aldeko botoekin erabaki du Irizar enpresak Mondragon Taldetik irtetea. Batzarraren ostean enpresak atera duen oharrean adierazi dute, behin zuzendaritza kontseiluak proposatuta analisi eta gogoeta epe luze baten ondorio dela botazioen emaitza. Gauzak horrela, azken astean Mondragon Taldea uztea erabaki duen bigarren enpresa bihurtu da Irizar.
Arrazoien artean, Irizarretik esan dute azken 17 urtetan kudeaketa eredu propioa garatu dutela; Mondragon Taldean ohikoa denaz bestelako kudeaketa eredua daukana eta pertsonak protagonista direna. Eredu horrek bere eraginkortasuna erakutsi duela gaineratu dute.
Aipatu dute era berean, hartu duten erabakiak nazioarteko koiuntura sozio-ekonomiko dinamiko eta aldakorrera egokitzeko antolaketa eraketa eraginkorra lortzen lagunduko duela.
Agertutako hainbat albisteren aurrean argitu nahi izan dute hartu duten erabakiaren oinarrian ez dela egon desadostasunik Mondragon Taldeak berezkoak dituen lankidetza, elkartasun edo ordainketa irizpideekiko. Kooperatibaren printzipio eta baloreak are eta gehiago bultzatzen jarraituko dutela baieztatu dute Irizarretik.
Behin erabakia hartuta, Irizar kooperatibak Mondragon Taldean baja emateko beharrezko pausuak emango dituela iragarri du. 1889an sortu zen Irizar enpresa, eta Ormaiztegin du egoitza nagusia. Autobusaren sektorean garatzen du bere jarduera, eta Mondragon taldearen kide izan da 1963az geroztik. 3.100 langile ditu, iazko ekitaldian 435 milioi eurotik gorako negozio bolumena lortu zuten eta 3.900 unitate fabrikatu zituzten. Bost kontinentetako 7 herrialdetan ditu produkzio instalazioak, eta euren jarduera komertziala 80 herrialdetara zabaltzen da. Gaur egun, Mondragon Taldearen salmenta guztietatik %3,6 dira Ampo eta Irizar, eta Industria atalekoetatik, %7.