Oñatiko Enpresa Zientzien fakultateak 50 urte aurten: ospakizunak eta eraikin berria

Julen Iriondo 2010ko api. 22a, 16:24
Bihar, egubakoitza, krosa, bazkaria eta kontzertua egingo dituzte urteurrena ospatzeko. Baina ospakizunak urte osoan luzatuko dira, eta izen berriarekin batera instalazio berriak ere inauguratuko dituzte urrian: Enpresagintza fakultatea izango dena.

Biharko festa, egunotako astebeteko hitzaldi zikloa, enpresa zientzien fakultatearen 50 urteko historia jasoko duen Jose Antonio Azpiazuren liburua... orain arte ETEO izan dena eta aurrerantzean Enpresagintza fakultatea deituko dena ospakizunetan murgilduta dago jada. Eta ospakizunak urte osoan luzatuko dira gainera, urrian inauguratuko dituzten Ibarra guneko instalazio berriekin eta azaroan Donostian egingo duten ekitaldi nagusiarekin.

Historia

Eguerdian egin dute ospakizunok aurkezteko ekitaldia, eta fakultatearen historiaren errepasoa ere egin dute bertan. On Jose Maria Arizmendiarrietak sortu zuen fakultatea, bi helbururekin: Arrasateko lanbide heziketa zentroko prestakuntza kudeaketa-ezagutzez osatze, eta prestakuntza hori eskualde osora zabaltzea. 20.000 ikasle izan ditu mende erdi honetan, eta 1.500 pasatxo dira egun graduetan, graduondokoetan eta etengabeko formakuntzan ari direnak. Urteotan, bataz beste, % 96 izan da ikasleen laneratze indizea.

Fakultate berria

Azkenaldian Irunen eta Oñatin instalazio berriak egitera ahalegin handia bideratu du. Oñatin, 13 milioi euroko aurrekontua izan dute fakultate berriko lanek. Hiru alorretarako eraikina izango da.

Fakultateak 2,5 milioi euroko sarrerak izan ditu orain arte ikerketan eta garapenean egindako lanagatik, zentroaren aurrekontuaren % 35. Aurrerantzean, gainera, batera jardungo dute lanean Enpresagintza fakultateak eta MIK ikerketa zentroak.

Instalazio berriek ia 9.000 metro koadro izango dituzte. Orain arteko egoitza, berriz, Udalarena da, eta berak erabakiko du aurrerantzean ze erabilpen eman.

MUren Oñatiko campus berria

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak