Negua tenperatura goxoagoekin eta euriaz hasiko dugu

Maider Arregi 2009ko abe. 20a, 19:50
Elurrak zorionez, aste bukaeran bere aurpegi onena erakutsi digu. Benetako protagonista, bai barikuan eta baita aste bukaeran ere, izotza izan da. Tenperaturak dezente egin du behera eta, atzo, zapatua, goizeko bostak aldera, zero azpitik bost gradu markatzen zuen merkurioak ibarreko toki askotan. Jarraian duzue astelehenerako eta martitzenerako iragarpena:

Aipatu behar da aste bukaeran, errepidean ez dela aparteko arazorik izan eta Kurtzetako mendatea egon dela itxita soilik. Elosuan kateak beharrezkoak izan dira ibilgailuendako.
Esan ere, zapatu goizean ibarreko herri asko zuri-zuri esnatu zela. Baina, zapaturako ondo prestatuta zeuden brigadetako langileak eta bezperan botatako gatzari esker, izotz plakak ez ziren horren sendoak izan. Oñatin esaterako, goizean goizetik elurra eta izotza garbitzeko lanetan aritu ziren herriko espaloi,  kale eta errepideetan. 

Elurraren eragozpenak

Botatako izotzak eta elurteak, Leintz Gatzagako zenbait baserri argi gabe utzi zituen zapatu goizean. Elektrizitateko kable batek matxura izan zuen. Arratsalderako argia bueltan zen argi gabe zeuden baserri eta etxeetara.

Bestalde, zenbait kirol ekintza ere bertan behera geratu ziren Debagoienean. Zapatu goizean eskola kirola gabe geratu ziren makina bat gaztetxo. Futbolari dagokionez, Preferente mailako eta hortik beherako partiduak jokatu gabe geratu ziren.

Barikuan kaosa

Barikuan, ordea, sorpresaz harrapatu gintuen elurrak eta baita izotzak ere. Lanera zihoazen asko  errepidean harrapatuta, orduak eman zituzten auto ilaratan zain.
Goizeko lehen orduetan arazoak izan ziren Debagoieneko errepide eta mendateetan. Istripu arinez gain, Elgeta eta Kurtzetako mendateak itxi egin zituzten eta gainontzekoetan kateak behar ziren. Elgetan Izarrako bueltan, Arantzeta auzorako bidegurutzean, kamioiak eta autobus bat gurutzatuta gelditu ziren.
Elorriorako igoeran, berriz, auto bat irauli zen eta Bergararako bidean bata bestearen segidan zihoazen hainbat autok elkar jo zuten. Eguerdira arte Elgetarako bideak itxita egon ziren. AP-1 autobidean ere elurra  mara-mara bota zuen eta elurra kentzeko makina pasa artean auto gidari bat baino gehiago geratu zen autobide hasieran bidea noiz libratuko zain.

Oñatiko irteeran kaosa bizi izan zuten gidari askok bariku goizean. Kamioak eta autobusak ez aurrera eta ez atzera geratu ziren Elorregira bidean izotz plakak mardulak zeudelako. Auto bat baino gehiago gainera, errepidetik irten egin zen. Lanera bizikletaz edota oinez joateko erabakia hartu zuenik ere izan zen barikuan.

Aretxabaleta-Arrasate ibilbidea egiteko ere arazoak izan zituzten autobusek. Norabide guztietan ikusi genituen auto ilarak bariku goizean.

Bestalde, Elgetako gaztetxoak pozik jardun zuten elurrarekin gozatzen; izan ere, Herri Eskolara ezin izan zen irakaslerik igo eta eskola gabe geratu ziren neska mutikoak.

Hotz galanta aste bukaeran

Zalantza gabe hotza izan da aste bukaeran protagonista. Pello Zabalak esan digunez, Arantzazun, Arantzazun 21:30ean -6ºC markatzen zuen merkurioak.

Hala ere, espero baino gutxiago jaitsi da termometroa. Izan ere, Pello Zabalak azaldu moduan, lainotuta zegoen zerua eta horrek frenatu egin du termometroaren jaitsiera. Gainera, mendiek ere babes funtzioa egin dutela kontatu digu.

Oñatiko herrian aldiz, gradu bateko aldea izan da domeka goizeko 05:00ak inguruan. Merkurioak bost gradu zero azpitik markatzen zuen. Esan ere, Arrasaten, zapatu iluntzean bi gradu zero azpitik zeudela.

Termometroak goraka

Gaurko, eguraldia asko aldatuko da. Hego-mendebaldeko haizea sartuko da eta merkurioak 10 gradu egingo du gora. Tarteka   haizea zakar ibiliko da gainera. Euria ere arin botako du. Elur-kota goizean goiz nahiko baxu kokatuko da, 500 metro inguruan; baina, azkar 1000 metrotik gora baino ez du zurituko.

Tenperatura maximoak 13 ºC-ren bueltan ibiliko dira kostaldean eta 6 ºC-ren inguruan barnealdean.

Martitzenean, berriz, Santamas egunean, euri-arina egingo duela iragarrita dago, batez ere arratsalde partean. Tenperaturak igotzen jarraituko du, eta jada ez du izotzik egingo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak