Musikak eta jendeak bete dute orain arteko Mundumirarik arrakastatsuena

Jon Berezibar 2008ko eka. 8a, 20:11
Egin diren lau edizioetatik, aurtengoa jendetsuena izan dela diote antolatzaileek. Ekintza guztietan izan da jendetza eta jaialdia handitzeko garaia izan daitekeela uste dute Mundumirakoek. Begibistakoa izan da erantzun bikaina San Martingo kontzertuetan, goraino bete zuten-eta egubakoitz eta zapatuko taldeek. Baina bisitari kopuru handia ere baieztatu zitekeen janari postuetan egon diren ilara luzeetan.


Egubakoitzean dagoeneko igerri zitekeen berezia izan behar zela  aurtengo Mundumira. Alpha Blondyren deiari erantzunez agian, edota aspaldiko partez euririk egin zuela beharbada baina arratsaldean giroa poliki baina etengabe joan zen berotzen. Kaleek gainezka egin barik etengabe zebilen jendea hara eta hona eta egun osoan eta egun guztietan egon da giroa.
Etxean geratzeko aitzakia gutxi utzi ditu aurten egitarauak. Kale animazioaz gozatzeko besterik ez bazen ere, merezi izan zuen Bergarara gerturatzea. Tandarica Orkestarreko zirku dibertigarriak egubakoitzean zur eta lur utzi zituzten bistariak. Nagusiendako bakarrik ez, umeendako oso ongi pentsatutako egitaraua izan da aurtengoa Aranzadi ikastolan entretenimendu nahikoa izan zuten-eta txikienek.

Ikuskizunak

Oreka TXkoak izan ziren lehenak. Proposamen berri batekin etorri ziren Bergarara txalapartariak iglu eta guzti. 50 lagunendako emanaldi bereziak eskaini zituzten pilotalekuan ipinitako denda puzgarri baten. Egubakoitzean izan zen hori baina lehen eguneko protagonista Jamaicatik etorri zen. Lan nekeza izan zuen zapatu gauean San Martin plazatik pasatu gura izan zuenak. Jendez lepo bete zen plaza Alpha Blondy ikusteko: jarraitzailerik sutsuenak lehen lerroan – Bob Marleyren eta Jamaikako banderak haizatuz – eta kasualitatez bertatik pasatu eta gustura entzuten geratu ziren asko ere – norberak ahal zuen moduan karibeko erritmoak jarraituz, gerriarekin ala buruarekin. Bai lehen lerroan zein azkenean, nagusi zena belar usaina zen. Zapatuko izarra Tasha's World izan zen baina ezustekoa eman zutenak 08001 taldekoak  izan ziren. Musikarik mestizoena izan zen haiek egin zutena eta baita entzundako proposamenik interesgarrienetakoa ere.
Hala ere, denak ez ziren izan urrundik ekarritako doinu eta zaporeak. Jaialdia Bergarako trikitixa eskolako neska-mutikoek itxi zuten. Trikitixak eta Taupada batukadaren perkusio indartsuek itxi zuten Mundumira jaialdirik arrakastatsuena atzo.

Balorazioa

Datorren urterako jaialdia handitzeko asmoa planteatzen amaitu zuten atzo Mundumirako antolatzaileek. Pozarren daude egondako jendetzarekin eta bisitariek izandako parte hartzearekin. Begibistakoa izan zen erantzun bikaina San Martingo kontzertuetan, goraino bete zuten-eta egubakoitz eta zapatuko taldeek. Baina bisitari kopuru handia ere baieztatu zitekeen janari postuetan zeuden ilara luzeetan. Bisitaldiak eta irteerak ere arrakastatsuak izan dira. Esaterako Gorla eta Soraluze inguruetara egindako mountain bike irteeran 140 lagunek hartu zuten parte eta ibilbidea hasieratik amaierara arte  egin zuten txirrinduzaleek, 44 kilometrokoa izanda ere .

Alpha Blondyren kontzertua izan zen jendetsuena zalantza barik. Hala baieztatu digu Kike Zinkunegik baina zehaztuz gainontzekoetan ere jende asko egon dela "nahiz eta talde ezezagunak izan". Zinkunegik azaltzen duenez, "horrek erakusten du jendeak gugan konfiantza daukala eta oso erantzun ona eman dutela". Jarduera denek izan dutela harrera paregabea dio prentsa arduradunak. Gune denak jendez beteta zeudela ikusita "datorren urtean jaialdia handitzea pentsatzen" dabiltzala aurreratu du. "Diru iturriak handitu eta jaialdia handiagoa egin daitekeela iruditzen zaigu", dio arduradunak, "Mundumira dagoeneko Debagoienean finkatu egin den jaialdia da eta orain handitu daitekeelakoan gaude".

Giro bizi honen aurrean bake apur bat ekartzera etorri zirenak Tibeteko monjeak izan ziren. Jende askoren arreta piztu dute hauek. Batetik Aroztegin manadala bat eta kantu saioak egin dituzte eta, bestetik, haien herrialderako laguntza materiala saltzeko postua ipini zuten. Jende gainezka egon ziren biak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak