Erreminta horien bidez, unibertsitatea hasi da lehen urratsak egiten, bai edukiak eta baita ikasleekiko harremanak beste modu batean kudeatzeko, Web 2.0k eskaintzen dituen baliabideak erabilita, alegia, software sozialaren bitartez.
- Blog plataforma. Mondragon Unibertsitateko Blogak. Hori da blog plataforma berriaren izena. WordPress plataforman oinarrituta dago, "berau software librean eginda dagoenez, plataforma sendoa delako eta oso erabilia blogarien artean" egileek azaldu dutenez. Dagoeneko zortzi blog sortu dira plataforma horretan.
- Blog batzailea. MU 2.0 Mondragon Unibertsitateko Blogak. Horrela deritzo Mondragon Unibertsitatearen blogen blogari, horixe baita planeta hori, blog bat, non era automatikoan jasotzen baitira MUren blogetan argitaratutako artikuluak. Berau egiteko PlanetPlanet softwarea erabili da.
- Wiki plataforma. Aurrerantzean, MUko edozeinek eska dezake wiki bat sortzea Mondragon Unibertsitatearen wiki plataforman, DekiWiki softwarearekin egina. Dagoeneko badago bat irekita, Obea izenekoa, ikerkuntza talde batek sortua.
- Lantalde bat. MU 2.0 Mondragon Unibertsitatea. Izen hori du Facebook komunitatean sortu den taldeak. Hamabi lagunek osatzen dute, denak Mondragon Unibertsitateko irakasleak, aztertzeko zer atera daitekeen sare sozialak erabilita.
Egileak
Lau baliabide hauek bi lagunek sortu dituzte, Iñaki Arenazak eta David Sanchezek, biak Mondragon Unibertsitateko irakasleak.
Iñaki Arenaza Gasteizen jaio zen, Goi Eskola Politeknikoan lizentziatu zen Informatika Zientzietan, eta Lausanako Eskola Politekniko Federalean egin zuen masterra. Gaur egun Informatika irakasten du Goi Eskola Politeknikoan, eta HUHEZIko Zerbitzu Teknikoetan laguntzen du. Berak darama proiektu honen arlo teknikoa.
David Sanchez Zumarragan jaio zen, eta Informazio Sistemen Kudeaketa irakasten du Mondragon Unibertsitatearen Enpresa Zientzien Fakultatean, Oñatin. 2007an zortzi hilabete egin zituen AEBetan. Proiektu honen kudeaketaz arduratzen da.