Mondragon Unibertsitatearen 10. urtebetetze ospakizuna egin zuten atzo Donostian

Txomin Madina Milikua 2007ko uzt. 6a, 15:46
Jendez lepo bete zen atzo, uztailak 5, arratsaldean Donostiako Kursaal jauregiko kubo txikia. Izan ere, bertan egin zuten Mondragon Unibertsitatearen 10. urtebetetze ospakizuna. Erakunde publikoetako ordezkariak eta unibertsitateko errektore ohiak egon ziren bertan besteak beste.

1997an, Eusko Legebiltzarraren onarpenarekin,  Mondragon Unibertsitatea eratu zuten Arrasateko Goi Eskola Politeknikoak, Oñatiko Enpresa Zientzien Fakultateak eta Eskoriatzako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateak. Azken hamarkada honetan, alor guztietan hazi da: ikasle kopuruan, 4000 izatera iritsia arte, baina baita eskaintzen diren titulazio edota aurrekontuan ere.

Hamarkada hau ospatzeko, ekitaldia egin zuten atzo Donostian. Bertan bildu ziren unibertsitateko irakasle eta langileak, Josu zabala MUko errektorea, Juan Jose Ibarretexe lehendakaria, Rafaela Romero, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria, Euskal Herriko zein Deustuko Unibertsitateko errektoreak, edota  baita hamarkada honetan, MUko errektore izan direnak ere.

Josu Zabala egungo Mondragon Unibertsitateko errektoreak, unibertsitateek gizartearen garapenean izan behar duen papera azpimarratu zuen.

Jesus Mari Aldekoa, MCC taldeko lehendakari berriak, Mondragon Unibertsitateko lau ardatzak izan zituen mintzagai: Jose Mari Arizmendiarrieta eta bere flosofia, kooperatibak, erakunde publikoak eta baita irakasle eta langileak ere. Azken hauei, balore transmisioan duten garrantzia gogorarazi zien.

Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, bere aldetik, berrikuntzak identitatea sortzeko orduan duen garrantzia gogoratu zuen.

Ekitaldian zehar, Josu Zabalaren aurretik, Mondragon Unibertsitateko errektore izandakoak gogorarazi nahi izan zituzten, gogorarazi eta omendu. Hala, taula gainera igo ziren Inazio Lakuntza, 1997 eta 1998 artean karguan egon zena, bere ostean, 2001 arte errektore izan zen Javier Retegi, eta Josu Zabalaren aurrekoa, 2001etik 2007rarte errektore lanetan ibili izan den Iñaxio Oliveri.

Jon Sarasuaren bertsoak, Juan Mari Beltranen musika,  Kukai dantza taldeak eskainitako dantza tradizional eta abangoardisten nahasketak egon ziren ikusgai eta entzungai. Hitzaldien ostean bertaratu zirenei eskainitako koktelarekin eman zitzaion amaiera ospakizunari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak