Mondragon kooperatiba taldea hasi da irudi berria erabiltzen

Leire Kortabarria 2008ko api. 4a, 11:06
'Mondragon. Gizatasuna lanean' izena, leloa eta irudia estreinatu ditu taldeak. Maiatz bukaeran egingo dute aurkezpen ofiziala, iazko datuak ematearekin batera.


Orain arte Mondragon Korporazio Kooperatiboa, MCC, zenak estreinatu ditu izen, enpresa-irudi eta lelo berriak: orain, Mondragon deitzen da, eta lelo berria Gizatasuna lanean da; espainolez, Sentido humano del trabajo, eta ingelesez, Humanity at work.  Irudi berria aurkezpen modura erabiltzen hasia da talde kooperatiboa dagoeneko: hala, Arrasaten, Jose Maria Arizmendiarrieta pasealekuan duen egoitza nagusiaren sarreran muntatu dute nortasun zeinu berriak erakusten dituen panela.
Irudi berria, gainera, Mondragon taldea osatzen duten kooperatiba bakoitzaren irudian ere integratuko da; prozesu hori maiatzaren 1ean hasiko da, eta urte osoa hartuko du.

Kooperatiba guztien irudian

Mondragonen TU Lankide aldizkarian azaltzen dute ikur bakoitzaren esanahia.
Irudia hiru modulutan banantzen da. Lehenengo moduluan, izena agertzen da; Mondragon aukeratu dute "gure esperientziaren giza-identifikazioa jatorri geografikoarekin batera gordetzeko". Bigarren moduluan, M itxura duen ikur bat du irudi berriak. Elkarlanean dauden eta elkarri eskua emanda dauden bi pertsona irudikatzen ditu hizki horren irudiak. Horren azpian, modulu berean, lelo berria agertzen da. Azkenik, hirugarren modulu bat dago, eta hor, taldearen lau jarduera arloak agertzen dira: finantzak, industria, banaketa eta jakintza; laugarren horren barruan daude hezkuntza eta ikerketa.

Hori formatu orokorra da, baina, beste modu batzuetan erabili ahal izateko, beste hiru formatu sortu dituzte: oinarrizkoak M-a eta leloa erakusten ditu; bigarren batek, aurrekoa eta Mondragon hitza; eta hirugarren bat lau modulukoa da.

Irudi berria Mondragonek argitara ematen dituen komunikazio-oinarri guztietan agertuko da aurrerantzean: paper komertzialak, txartelak, diaporamak, webgunea… Azken horri dagokionez, Interneteko helbide berria du taldeak: www.mondragoncorporation.com helbidea hartu dute, eta humanityatwork.com, sentidohumanodeltrabajo.com eta gizatasunalanean.com helbideek ere hara eramango dute.

Iazko emaitzekin, pozik

Enpresa-irudi berria ofizialki aurkeztuko du Mondragonek maiatz bukaeran egingo duen prentsaurreko baten. Urtero bezala, aurreko ekitaldiko emaitzak eta balorazioa jakinarazteko egingo du prentsaurreko hori;  litekeena da maiatzaren 27an izatea.
Iazko ekitaldia, oro har, "ona" izan dela esaten dute arduradunek. Hainbat datu jakinarazi dituzte. Hala ere, kooperatiba batzuetan, auditoriak oraindik bukatzeko daude, eta baliteke datu batzuk zertxobait aldatzea.

Industria arloaren salmentak %4,4 igo ziren –7.172 milioi euroko salmentak izan zituzten–, lantaldean 876 langile sartu ziren, eta emaitzak aurreko urtekoak baino %20 baino altuagoak izan ziren. Industria eta Banaketa arloen salmenta bateratuak 16.000 milioi eurokoak izan ziren. Banaketa arloa %18 hazi zen, batik bat, Caprabo erosteagatik.
Finantza taldeak ere bilakaera ona izan zuen. Euskadiko Kutxaren zerga aurreko emaitzak 208,9 milioi eurokoak izan ziren, aurreko urtekoak baino %18 altuagoak. Lagun-Arok, errenta aldakorrean, 14,6 milioiko emaitza garbiak izan zituen. Mutualistak %1 hazi ziren, eta 30.476 izatera iritsi ziren. Lagun-Aro Aseguruetan, primak %10,1 hazi ziren, eta errentagarritasuna 24,8 milioikoa izan zen.

Horrez gain, 2007an ia 15.000 lanpostu sortu zituzten; urte bukaerarako, Mondragonek 97.000 langiletik gora zituen.
Bestalde, iaz kooperatiba berriak sortu ziren; mundu osoan, 68 filialekin bukatu zuten urtea; Txinan, Kunshan-eko industriagunea inauguratu zuten…
Dena ona ez dela ere  onartzen du taldeak. Hala, Jose Mari Aldekoa Batzorde Orokorreko presidenteak TU Lankide aldizkarian azaltzen duenez, "negozio batzuek zailtasunak dituzte; merkatua aldatu egin da, eta orain dugun ongizateari eustea oso zaila izango da. Beharrezkoa izango da aldatzea, gauzak beste modu batera egitea, denon ahaleginarekin eta konpromisoarekin; baina, nahi badugu, egin dezakegu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak