Materia organikoa edukiontzietan jasotzeko bigarren fasea abian

Edu Mendibil 2009ko urt. 19a, 13:34
Hondakinen gai organikoa aparte jasotzen eta horrekin konposta egiten hasteko esperientzia pilotua abian jarri zuen irailean Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak. Aretxabaleta izan zen aukeratutako herrietako bat; bigarren faseari ekingo diote.

Marroi koloreko 19 edukiontzi estrategikoki kokatu zituzten Aretxabaletan eta irailean abian jarritako lehen fasean 333 familia unitate parte hartzaile izan dira, Aretxabaletako etxeen %13 hain zuzen. Edukiontzi marroietara etxean sortzen dugun zabor poltsaren %40 bideratu daiteke: fruta, barazki eta otordu hondakinak; lore eta landareenak; sukaldeko papera; kafe eta infusio hondarrak; arrautza oskolak, fruitu lehorren azalak eta fruituen hezurrak; eta kortxozko tapoiak.

Bigarren fasea

Lehenengo fasean gai organiko gordina eta begetala bakarrik botatzea eskatu zieten parte hartzaileei, jasotakoarekin Azpeitiko Lapatx konpostaje plantan konposta egiteko; bigarren fasean gai organiko guztiak bota ahal izango dituzte: begetala, animalia jatorrikoa eta jakiak, prestatutakoak zein prestatu gabeak. Bestalde, lehenbiziko fasean parte hartzerik ez zutenei zuzendutako saio informatiboak izango dira otsailaren 19tik 23ra bitartean.

Balorazio positiboa

Mikel Jaio Mankomunitateko Ingurumen zerbitzuko arduraduna da. Haren arabera, orain arte egindako lana ona izan da: "Balorazioa positiboa da, bai. Kantitateari dagokionez, material kopuru altua jaso da Aretxabaletako edukiontzietan; izena eman zutenak ondo egiten ari dira lan. Edukiontzietara sartzen duten materialaren %95 kalitatekoa da; %5etik behera plastikoak eta beste gai batzuk. Kantitate eta kalitate aldetik esperientzia ona gertatzen ari da eta espero dugu bigarren fasean jende gehiagok parte hartzea eta emaitzei eustea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak