Makina-erremintarako euskarazko eskuliburua aurkeztu dute Danobat-ek eta MUk

Leire Kortabarria 2009ko aza. 11a, 17:21
Tailerreko Eskuliburu Teknikoa delako lana aurkeztu zuten atzo, martitzena, Danobat-eko presidente Jesus Maria Astigarragak eta Mondragon Unibertsitateko errektore Josu Zabalak. Makina-erremintako sektoreko langileei zuzenduta dagoen eskuliburu teknikoa da, eta euskara hutsean dago. Elgoibarren izan zen aurkezpena.

Duela bost urte, Danobat kooperatibaren sorreraren 50. urteurrena zela eta, liburu horren lehenengo edizioa argitaratu zen. Hainbat bazkideren esperientzia eta lankidetzarekin egin zen hori. Ekimen horrek arrakasta handia izan zuenez, bigarren edizio hau "hobetuta eta eguneratuta" dago Mondragon Unibertsitatearen lankidetzarekin, arduradunek diotenez.

Eskuliburuaren edukia

Liburua tailerretan, eta zehatzago Makina-Erremintaren sektorean, aritzen direnei zuzenduta dago (adibidez, muntatzaileak, diseinatzaileak eta mekanikoak),  baita alor horretan lan egin nahi duten egungo unibertsitateko edo lanbide heziketako ikasle direnei ere.

Arduradunek honela aurkezten dute liburua: "Alde batetik, diseinatzaileendako oso erabilgarria den informazioa jasotzen du (oinarrizko kalkulua, trigonometria, materialen ezaugarriak, transmisioen kalkulua, ergonomia, e.a.) eta bestetik, muntatzaile eta mekanizatzaileendako baliagarriak diren hainbat taula (hari ezberdinen neurriak, errakore mota ezberdinak, unitate aldaketak eta makinen osagai ezberdinak eta plakatxo, harri edota zerrei buruzko datuak ere). Horrez gain, eskuliburuak elektrizitatea eta elektronikako oinarrizko formulario bat eta hiztegi txiki bat jasotzen ditu. 

Argitaratutako 1.500 aleak Danobateko langile, bezero, hornitzaile eta Mondragon Unibertsitateko ikasle eta irakasleek eskuragarri izango dute. Era berean, Mondragon Unibertsitateak eskuliburua bere prestakuntza zentroei eskainiko die. Liburua abenduaren 4tik 8ra ospatuko den Durangoko Liburu Azokan salgai egongo da Mondragon Unibertsitateko standean.

Liburuaren kontsulta errazteko asmotan, formatu digitalean aurki daiteke Danobat eta Mondragon Unibertsitateek dituzten web guneetan. Ondoko helbideetan:

www.danobat.com
www.mondragon.edu

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak