Maialen Lujanbiori txapela, itzela

Asier Alkorta 2009ko abe. 13a, 23:39
Maialen Lujanbiok irabazi du, BECen jokatutako final handian, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Giro itzela BECekoa eta saio ederraren ondoren, buruz burukoa Amets Arzallusekin jokatu ondoren, hernaniarrak jantzi du txapela Andoni Egañari lekukoa hartuz. Joxe Agirre bertsolariak jantzi dio txapela.

Domeka, Barakaldo, erakustazokako sarreran jendea zer gerta. Lagun askoren topaleku izan da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa; eta finalera iritsi diren zortzi bertsolarien meta.

Autobusez zein autoan, guretik ere makina bat bertsozale zen joan. Kinielarik ez dakit inork asmatuko zuen atzokoan. Baina   ziur gustura bueltatu zirela finala amaitutakoan.
Betekadan barrena, bertsolariek pausoa, Iturriaga lehena, eta ostean, Sarriegi, Arzallus, Kolina, Egaña, Maia, Lujanbio eta Mendiluze, zortzikote dena. Txalo zaparrada entzuleek eman zietena, eta bueltan bertsolariengandik jaso zutena.

Handian serio, txikian umorez

Agurretan jende asko aipatuak; entzuleak, txapelketan jardun duten bertsolariak, Egunkariko auzipetuak... 

Zortziko nagusian serio ekin zieten bertsolariek. Aipatzekoa Lujanbioketa Mendiluzeri hiltzorian zegoen aitak etxeko pagopean Gerra Zibileko bi gorpu zeudela aitortu zienekoa. Pagoa bera oinarri hartuta irudi politak osatu zituzten biek ala biek.

Zortziko txikiak eragin zituen algarak eta txaloak; ordura arte lasai antzean ziren entzuleak bizituz. Iturriaga eta Colina telebistako aurkezleak mahai azpitik elkarri zirika; Maia eta Lujanbio ezkontzan dantzan; baina txalotuena Mendiluze semeari Egaña ama lehen lan egunean termoarekin joan zitzaion saioa. Semeak serbilleta lepoan ez jartzeko eskatu eta honek bazkalostean muturra garbitzen uzteko esan zion, entzule denak, aurrez jadanik barrez zirenak algaraka ipiniz.

Kazetariak kartzelan

Seiko motzean hitz joko politak. Andoni Egañak eta Maialen Lujanbiok batek besteari giltzurruna emandakoan botatakoak hunkigarriak.

Ofiziokako lanak eginda kartzelara. Azken artikulua idazten ari den kazetariaren paperean Egunkaria auzia, Aminetu, filtrazioak, torturak; gai beraren bueltan bide asko. Aipatzekoa Amets Arzallusen hiru bertsoak. Horrela amaitu zuen azkena: "Idatz dezadan muga urtu da, Euskal herria libro da; ez da egia baina egia, bihurtuko da gerora". 

Arratsaldean giroa bero; denak bazkal orduko eta goizeko bertsoen BECtekadaren bezero; jendeak egindako olatu era ko mugimenduen bidez bertsoetan erraz murgiltzen ziren seinale-edo. Txapelketako sintonia egin duen Zura taldea taula gainean, eta Orioko txaranga txikia gero.

Hamarreko txikian hasi zuten arratsaldeko saio puntuagarria. Maialen eta Ametsek Gabonetako eszena irudikatu zuten; amari mahaitik ez jaikitzeko esan eta hala ere jaiki zen Maialen zera esanez: "Beti ez jaikitzeko, dabiltza esaten; platera sukaldera, ez da oinez joaten". Umoretik heldu eta asmatu egin zuten biek ala biek.

Puntutan ere saio biziak, elkarri zirika eta elkarri erantzunez, jendearen barreak eraginez. 

Bakarkako lanak etorri ziren ondoren. Hiru bertso borobil Maialenen ahotik, minbizidun bi umeri begira dagoen sendagileak kantatuak. Arrazoi politak bezain hunkigarriak, lehen bertsoa horrela amaitu zuen: "Eurengan minak badu indarra, baina bizitzak gehiago". Gainontzekoak ere txukun ibili ziren bakarka.

Maialen eta Amets buruz buru

Iritsi zen buruz burukorako bi izen esateko garaia eta txalo eta oihu artean aurrera egin zutenak Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus.

Ama anorexikoa zuten seme-alaben ahotik gaitzari fin eusten asmatu zuten eta Maialenek horrela amaitu zuen bigarren bertsoa : "Gu bioi jaten eman zigunak; ez duela jan nahi". Bigarren ofizioan ere txukun eta zer esanik ez bakarka; puntuetan berdindu egin zuten gainera. Sua ipini zieten hitza eta Lujanbiok begien suari kantatu zion, Ametsek bertsolaritzaren garrari. 

Saioa amaitzeko barrua biluztu zuten biek kartzerara bisitan joan eta biluztu zituztenean.
Eta saio borobilaren ostean,  Maialen Lujanbio lehen emakume txapelduna sari handiaren  jabe. Malko, txalo, txistu baina denak Joxe Agirrek txapela nola janzten zionaren mirabe. 

Amets Arzallus bigarrena eta Jon Maia hurrena; Egaña laugarren, eta lekukoa bera taula gainean zela emanik gustura etxeratu zena. Bertsoak batu zituen denak, eta bete zuen dena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak