Luis Mari Azkargortari 2018. urtera arte luzatu diote zigorra

Goiena 2007ko urr. 8a, 18:11
Aurtengo urriaren 8a, gaurko eguna, zuen Luis Mari Azkargorta preso aramaioarrak aske geratzeko eguna. Baina Espainiako Auzitegi Nazionalak jakinarazi berri dio aske geratzeko data berria dela 2018. urteko apirilaren 8a. Hori dela eta, Azkargorta aske lagatzea eskatzeko helburuarekin kale agerraldiak egin dituzte kooperatibetako sarreretan, 13:45etik 14:15era, Kooperatibetako Plataformak deituta.

Bestalde, urriaren 11n, eguena, manifestazioa egingo dute Bergaran. San Martin plazan hasiko da manifestazioa, 19:00etan.

Espetxean 1988a ezkero

Luis Mari Azkargorta aramaioarra da jaiotzez, baina Bergaran bizi zen. Atxilotu zuten 1988ko apirilean. 2003ko urtarrilean aske geratu zen eta azaroan berriro atxilotu zuten. Martutenen egon zen 2004ko abendura arte eta ordutik hona Zaragozako Zuera espetxean dago.

Kooperatiben Plataformak Azkargortaren kasua salatu nahi izan du eta aske lagatzea eskatu du: "Bazkide kooperatibistok preso politikoekin elkartasun lotura sendoa izan dugu historikoki. Gure lankide eta bazkide den Kanto-k gurekin lanean orain egon behar du", diote plataformako kideek. Kontuan hartu behar dugu Fagor Etxetresnetan lanean zebilela Azkargorta 1988. urtean atxilotu zuten arte; 2003an aske geratu zenean ere berriro hasi zen kooperatiba horretan lanean.

Parot doktrina

Zigorra luzatzearen arrazoia da Espainiako Auzitegi Gorenak 2006an onartutako 197/2006 sententzia aplikatu diotela, Parot Doktrina izenarekin ezagunagoa. Azkargorta epaitu zuten 1973. urteko Kode Penalarekin. Kode horren arabera, presoak gehienez bete ahal du 30 urteko zigorra eta aukera dauka zigor murrizketak izateko. Murrizketa horiek aplikatzen zitzaizkien gehienezko 30 urte horiei. Iaztik indarrean dagoen 197/2006 sententziaren ondorioz, baina, murrizketak aplikatzen zaizkie zigor guztien batuketari. Adibidez, preso batek 60 urte batzen dituzten zigorrak jaso baldin baditu, murrizketak egingo zaizkio zigor bakoitzari eta ez gehienezko 30 urteei. Horrela, osorik bete behar dituzte 30 urteak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak