Liburutegietako kanona: egile eskubideen izenean, bibliotekak diru iturri bihurtu

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko api. 7a, 17:59
Aspaldiko kontua da Europatik datorren liburutegietako kanona; hots, biblioteketan maileguan hartutako liburuengatik –eta baita CD eta DVDengatik– diru kopuru bat ordaintzea. Arrasate izango da auzi horren lekuko Liburuaren Egunaren egitarau barruan antolatu duten 'Pagar por leer en la biblioteca pública' hitzaldiaren eskutik. Bertan izango da hizlari Blanca Calvo aditua, Guadalajarako biblioteka publikoko zuzendaria eta Plataforma contra el canon taldeko kidea.

Pentsa bazkide zaren zure herriko bibliotekara joan eta lagun batek gomendatu dizun liburu bat maileguan hartzeagatik ordaindu egin behar duzula. Lasai, ez zara nahastu: liburutegian zaude, eta ez liburu dendan. Baina biblioteketan ezarri gura duten kanonarekin egin duzu topo, eta, hortaz, liburu, disko edota film bat maileguan hartzeagatik ordaintzera behartuta zaude, nahiz eta, hasiera baten, ez den diru askorik izango; 20 zentimo inguru dela esaten da, baina ez dago zehaztuta.
Halako egoerak biziko dira biblioteketako kanona aplikatzen bada. Auzia 1992ko azaroan hasi zen, Europako Batasunak kanona aurreikusten zuen zuzentaraua onartu zuenean. Zuzentaraua onartzeak eztabaida sakona zabaldu zuen: jabetza intelektuala eta egileen eskubideak  noraino diren jabetza eta noraino diren eskubide. Espainiako Estatuan, 2007ko Biblioteken Legeak oihartzun mediatiko handia eragin zuen, kanona aplikagarri egiten zuelako. Espainiako Estatuan kontaezinak dira kanonaren aurka agertu diren elkarte, bibliotekari, idazle eta liburutegietako erabiltzaileak. 


Europan ia onartuta dago
Egun, Europako zenbait herrialdetan kanona ordaindu egiten dute –euro bat-edo–, herrialde garatuenenetan batez ere (Britainia Handia, Frantzia, Norvegia, Suedia...). Herrialde horietan liburutegi publikoek askoz erabiltzaile gehiago dituzte: hemen herritarren %20; herrialde garatuenetan, berriz, %50.
Horretaz aparte, badago kanonarekin irakurketa sustatzea lortu duen herrialderik. Hori bai, oso bestelako testuinguru batean eroan da aurrera. Danimarka da kasua. II. Mundu Gerraren ostean, kanonak lur jota zeuden argitaletxeei laguntzeko eta bertako hizkuntza sustatzeko balio izan zuen. Nola egin zuten? Bada, danieraz idazten zuten idazleen maileguengatik bakarrik kobratzen. Beste guztiak, doan.

Kanonak, 'oinarri faltsuak'
Biblioteketako kanonak egileen eskubideak bermatzea eta euren lana konpentsatzea ei du helburu. Hala ere, Blanca Calvo Guadalajarako biblioteka publikoko zuzendari eta Plataforma contra el canon elkarteko kideak bestelako iritzia dauka.
Gaian aditua da Calvo, eta apirilaren 29an Kulturaten izango da Pagar por leer en la biblioteca pública izenburua duen hitzaldia egiten –19:00etan–. Hitzaldian kanona zer den eta egun egoera nola dagoen izango du hizpide, besteak beste. Kanonari buruz galdetuta, Calvok hauxe adierazi du: "Egun inposatu nahi diguten kanona faltsukerian oinarrituta dago". Gaineratu duenez, "Europan uste da liburuak maileguan utziz idazleei kalte egiten zaiela, baina errealitatea alderantzizkoa da". Hau da, bibliotekek irakurzaletasuna sustatzeaz gain, idazleei mesede egiten dietela uste du Calvok: "Bibliotekan ezagutu eta gustatu zaizkidan idazleen liburuak errazago erosiko ditut liburu dendan".

'Iraingarria' liburuzainentzat
Horretaz guztiaz gain, Biblioteken Legeak (2007) aplikagarri egiten duen kanona liburuzainentzat "iraingarria" dela uste du Calvok: "Museo batera zoazenean koadro bakoitza ikusteagatik ordaindu behar izatea bezain iraingarria da, eta, gainera, sekulako paradoxa planteatzen du liburuzainontzat: zenbat eta hobeto lan egin, orduan eta gehiago ordaindu beharko dugu". Ez zaio arrazoirik falta: zenbat eta mailegu gehiago, orduan eta handiagoa izango baita bibliotekak CEDRO elkarte pribatuari –SGAEren filiala– ordaindu beharko dion diru kopurua.
Calvok argi utzi gura izan du kanonak helburu ekonomikoei bakarrik erantzuten diela: "Ekonomia Ministeriotik datorren zuzentaraua da, Kultura Ministeriotik etorri beharrean", jakinarazi du.

Eta gurean... zer? Debagoieneko biblioteketan ez da oraindik kanona aplikatu, baina 'mamua' hor dago

Debagoieneko udal biblioteketan ez da kanona aplikatzen. Oraingoz, behintzat. Eskoriatza, Aramaio, Elgeta, Antzuola eta Leintz Gatzagan ezin da mailegu bakoitzeko ordainketarik ezarri, 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten herriak direlako. Hala zehazten du 2007ko Liburutegien Legeak. Hortaz, Arrasateko, Bergarako, Aretxabaletako eta Oñatiko udal liburutegiak dira kanonaren mehatxupean daudenak.

Hala, Asun Agiriano Arrasateko haur eta gazte bibliotekako arduradunak, "mamua" hor dagoela jakinarazi du, eta informaziorik eza nagusi dela dio: "Ez digute inongo kontsultarik egin. Gainera, ez daukagu kanona noiz, nola... aplikatuko den –aplikatzen bada– gaineko informaziorik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak