Askok iragarri zuten Europako Legebiltzarrerako Hauteskundeek ez zutela jendearen interesik piztu, eta ondorioz parte-hartzea beste hauteskunde batzuetan baino baxuagoa izango zela. Hauteskunde eguneko orduak aurrera joan ahala, iragarpen horiek betetzen joan dira.
Beste batzuetan ohikoak izaten diren ilarak urriak izan dira, eta irudi kuriosoak ere utzi ditu zenbait kasutan: Bergaran, esaterako, Aranzadi Ikastolan Goiena Telebistako kameralari batek hainbat minutu itxaron behar izan ditu norbait botoa ematera joan arte; eta Labegaraietako hautes-lekuan, ertzainek egunkaria irakurtzeko tartea izan dute. Batzuek gerta zitekeena ikusita, hainbat egunkari eroan dituzte mahaira; horixe egin du esaterako, Arrasateko Uarkapen egon zen kontu-hartzaile batek.
Mahaikoak, aspertuta
Oñatin, adibidez, Txiki Txoko haur eskolako hautes-lekuko mahai baten, %20ak bakarrik eman dute botoa arratsaldeko hiruretarako. Bergaran, Aranzadin, arratsaldeko seietan hauteskunde-mahai gehienetan parte-hartzea %40a baino txikiagoa izan da. ''Ia bi ordutan, 23 boto bakarrik jaso ditugu'' adierazi du mahaian egotea tokatu zitzaion batek."Hitz batean esateko, aspertuta gaude'' gaineratu du beste batek.
Lasaitasuna eta kexa
Ertzantzaren eta herri ezberdinetako udaltzainen esanetan, ez da aparteko istilu edo arazorik egon hauteskunde egun guztian zehar. Gauza bera jakinarazi dute San Prudentzioko Gurutze Gorrikoek ere.
Bergaran egon den Iniziatiba Internazionalista alderdiko kontu-hartzaile batek, bestalde, salatu gura izan du, eskatu arren, bere alderdikoei ez dizkietela erroldarik eman; eta horrek zaildu egiten duela ikuskatzaile lana.