Kooperatibek lan egiteak eragin handia izan zuen greban

Leire Kortabarria 2009ko mai. 22a, 15:54
Egueneko greba orokor deialdiak erantzun desberdina izan zuen sektorearen arabera. Oro har, gehiengoa izan ziren lana normal egin zuten jarduerak. ELA, LAB, ESK, STEE, EHNE eta Hiru sindikatuen ordezkariak “pozik” azaldu ziren, baina onartu zuten kooperatibek pisu handia izan zutela

Deialdiak apenas izan zuen arrakastarik kooperatibetan –Fagor eta Ulma taldeek eta Euskadiko Kutxak, adibidez, lan egin zuten, eta gainerako gehientsuenek ere bai–, eta enpresetan ere, askok lan egitea erabaki zuten. Beste batzuetan, bozketarik ez zen egon edo bozketa ez zen loteslea izan; horietako gehienetan, langile gehienak agertu ziren lanera. Hortaz, greba ez zuten jarraitu, besteak beste, Bergarako Mayc-en, Soralucen, Metagran eta Lazpiurren; Arrasateko Gelman, JMAn, Asmobin eta Joman; Antzuolako Goizper eta Matz-Errekan; Elgetako Sisteco, Elkoro eta Tapenen;eta Oñatiko Nemesio Zubian eta Betiken. Langile gehienak lanera joan ziren Aretxabaletako CVLn, Bergarako Tavexen, Arrasateko Gelman edo Eskoriatzako Tesan. Jarraipena irregularra izan zen Polmetasan eta Union Cerrajeran.

Jarraipen handia izan zen Oñatin, eta greba egin zuten Hijos de Juan de Garay, Cegasa, Zahor, Staedler eta Chinchurreta enpresetako langileek. Greba egin zuten beste enpresa esanguratsu batzuk hauek izan ziren: Arrasateko Lasa eta Moldcam; Bergarako Torunsa eta TTT; Eskoriatzako Zubia Pateak; Antzuolako Elay eta Balzers-Elay; eta Elgetako Recyde.
Itxita egon ziren Bergarako eta Aretxabaletako komertzio gehienak, eta Arrasateko Ibai-Arte elkarteak ere bat egin zuen deialdiarekin, 18:30ean ixtea erabakita; hala ere, egun osoz itxita egon ziren hainbat komertzio. Sindikatu deitzaileek onartu zuten jarraipena “irregularra” izan zela, baina “egoera ekonomikoa kontuan hartuta, merkatari txikiek egin duten ahalegina eskertzen dugu”, esan zuten sindikatu deitzaileek.
Mankomunitateko langileek greba egin zuten, eta baita udal gehienetakoek ere, Eskoriatzakoak eta Arrasatekoak izan ezik; azken horretan, gehienek grebaren alde bozkatu zuten arren, erabakia ez zen loteslea, eta Biztanleen Arreta Zerbitzua, adibidez, zabalik egon zen.

Hezkuntzan, denetarik egon zen: ez zuten grebarik egin, besteak beste, MUko irakasleek, Arrasate, Bergara eta Oñatiko herri eskolek, Arizmendi eta Txantxiku ikastolek; greba egin zuten AEK-k, Arrasate eta Bergarako udal euskaltegiek, Aranzadi ikastolak, Mariaren Lagundiak, Ipintza institutuak, Huhezik…

Eskualde Ospitaleko, Aretxabaletako anbulatorioko eta Eskoriatzako anbulatorioko langileek lan egin zuten; Bergarako eta Oñatiko anbulatorioetan zerbitzu minimoak zituzten, eta mediku batzuk lanera joan ziren.

Garraioa izan zen eragin handienetariko sektore bat; Eusko Jaurlaritzaren esanetan, %50ek egin zuen greba. Pesak zerbitzu minimoak eman zituen.

Agerraldi jendetsua

Sindikatu antolatzaileek baloratu zuten Oñatin grebak izan zuen jarraipen “ia erabatekoa”, eta Euskal Herrian “oso erantzun ona” izan zuela esan zuten. Bailaran, “kooperatiben pisu handia” aipatu zuten grebaren erantzun irregularra azaltzeko, baina “pozik” azaldu ziren. Arrasaten, 18:30ean agerraldi jendetsua egin zuten, eta han izan ziren, sindikatuez gain, hainbat ordezkari politiko eta gizarte eragile asko.

Confebask-ek esan zuen greba “izugarrizko porrota” izan zela, %11-12ko jarraipenarekin. Lopez lehendakariak esan zuen grebak ez zeukala motiborik, “politikoak bakarrik”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak