Kataluniarrak dira gehien bisitatu gaituztenak udan

Mirian Biteri 2008ko ira. 1a, 12:41
Bisitariak ibili dira gora eta behera azkenaldian gurean. Euskal Herri mailan gehien bisitatu gaituztenak gipuzkoarra izan badira, Espainiari dagokionez, kataluniarrak izan dira gure artean gehien izan direnak.

Arrikrutzeko kobak, esaterako, 6.400 lagunek ikusi dituzte. Hilabete onena abuztua izan da, 2.700 bisitekin. Uztailan 1.600 bisitari izan zituzten eta ekainean, 2.100. Aste bukaeran egon da mugimendu gehien. Erreserben jatorriari dagokionez, 653 gipuzkoarrenak izan dira eta 127 kataluniarrenak. “Katalan asko ibili da, bisita asko katalanez egin ditugu”, diote kobako arduradunek. Belgikar eta holandar nahiko ere izan da.

Oñatiko turismo bulegokoek, berriz, kontsultetan beherakada "nabarmena" igarri dutela diote, "bereziki euskal herritarren eta espainiarren artean". Esan dute, baina, atzerritar asko izan dela herrian. Abuztuko lehenengo hamabostaldia ona izan dela eta hilabete osoan bisitetan 837 lagun izan dituztela ere diote.

Arantzazun oraindik ez dute datu zehatzik. Baina, azaldu dutenez, jende asko igo da, bereziki abuztuko azken astean. Hala ere, igarri dute dendako salmentak txikiagoak izan direla aurten.

Bergaran, Gaztela-Leongoak

Bergaran ere ez dute daturik. Baina, turismo bulegokoek esan dutenez, abuztuan jendea egon da herriko kaleetan. Gainontzeko herrietan gertatzen den bezala, kataluniarrak gehienak. Aurten, gainera, Gaztela-Leongo jende asko hurbildu dela diote. Atzerritarrei dagokionez, bisitari gehienak frantsesak izan dira; Belgikako eta Holandako turistak ere iritsi izan dira gurean. Frantsesez eta ingelesez eman dituzte hainbat bisita. Egunotan bisitekin dihardute; herriko eta ingurukoendako gehienak.Urriaren 5era arte luzatuko dira horiek.

Aurten, gainera, udal turismoko bulegoan banatzen den promozio materiala berriztatzea adostu du Udalak. Zehazki, eskuorri turistiko berria, txartel postal sorta eta udal turismo bulegoaren poltsa banatu da bisitarien artean.

Gatzagan ere gustura daude izandako bisitekin. Mugimendua egon dela diote Labidekoek. Gatzaren museoan izandakoak bereziki katalanak izan direla aipatu dute. Gaineratu dute egunotan oraindik bisitariak daudela herrian.

Ostatuetan, denetarik

Landetxeen eta ostatuetan denetarik izan da. Bergarako Lamaño-Etxeberriko Maite Aristegik pozik dago, egun batzuetan landetxea beteta izan baduela: "Baina kosta egin zaigu, beherakada igarri dugu gehienbat deietan. Kataluniakoak eta Valentziakoak izan dira gurean; eta aurten, frantses gutxi". Aristegik dio bezeroak kexatu egin direla, jateko toki askorik ez dutelako izan: "Kezkatzeko eta kontuan hartzekoa da hori". Eskoriatzako Azkoaga-Enean, bestalde, pozik daude. Hotela %70era egon dela eta oso lanpetuta ibili direla jakinarazi dute.

Jatetxeetan ere denetarik egon da. Asko itxita egon badira ere, bakar batzuk zabalik egon dira. Tartean, Oñatiko Zelai Zabal. Hango arduradun Alberto Elortzak dio “tradizioz” duela jatetxea irekita eta gehienak “betiko bezeroak” direla. Mugimendu larregi ez duela izan esan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak