Kanpokoak ere bai, baina Euskal Herritar ugari hurbildu da Aste Santuan Debagoienera

Miren Arregi Amasorrain 2009ko api. 12a, 21:22
Turistarik ez da falta, baina beste urte batzuekin alderatuz, kopuruan asko egin duela behera esan daiteke. Gure herrietan, dena den, kaleak hutsik daude. Taberna eta denda asko itxita, eta kalean bizitza falta da. Horrek esan gura du, batzuk kanpora atera direla, eta beste batzuk egun bateko irteerak egiteko aprobetxatu dutela. Guztiak du balio, oporrak gustura pasatzeko helburuan. Dena den, horretan jarduten direnek esandakoaren arabera, esan daiteke jaitsi egin dela aurten gurera etorri direnek kopurua. Oñatiko Turismo bulegoan esan digute, esaterako, asko jaitsi dela aurten Oñati ikustera etorri diren turisten kopurua. Baina, horren kontra, Gatzagako Gatzaren museoan normaltasuna izan da nagusi eta egunero eta uneoro izan dute jendea bertan. Arrikrutzen, bestalde, eguraldi txarrak mesede egin die eta egunotan, jende mordoak egin du Arrikrutz aldera. Euriak, gainera, erreka aktibatu du, eta horrek, balio erantsia ematen dio kobazuloari.

Gure herriak hutsik, dendak eta tabernak itxita... horrela daude Debagoieneko herriak egunotan, eta horrek ez du esan gura jende guztia kanpora atera denik, bai ordea, hori egin ezean, egun osoko irteerak egin dituela.

Turisten kopuruak behera egin duela, horretan ados daude Gatzagako, Oñatiko eta Arantzazuko Turismo Bulegoetako arduradunak. Hala ere, turistarik ez da falta izan, nahiz eta ez den beste urte batzuetan bezain beste ibili.

Arantzazu da, agian, beherakada handiena igarri duena. Eguen santutik, gutxi izan dira Arantzazun egin diren bisita gidatuak, baina, jendea ibili, ibili da. Izan ere, egubakoitzean, eguraldi ona aprobetxatuz, jende mordoa igo zen Arantzazu eta Urbia aldera. Gaur, igandea, eta atzo, bestetik, Arantzazun aurreikusita zeuden bisita gidatuak bertan behera gelditu dira, izan ere, badirudi, eguraldi traketsa medio, jendeak nahiago izan duela etxeko goxotasunean gelditu.

Baina, ezin esan turistarik ibili ez denik. Gaur goizean, Gatzagako Gatz Museoan ez da jenderik falta izan. Gainera, Gatzaren Museoko arduradun Aitziber Gorosabelek dio, bisita kopuruak gehitu egin direla esatera ausartuko litzatekeela; hori bai, bisita bakoitzeko jende kopurua, jaitsi egin dela, eta orokorrean ez dagoela mugimendu gehiegi ere gaineratu du. Gehienak Euskal Herrikoak direla, baina, Teruel, Katalunia edota Madrila aldetik ere jendea etorri dela esan digu. Gaur, gatzaren museoa bisitatzen ikusi dugun taldea, Larrabetzuko taldea zen. Aste Santuan hemen gelditu, eta egunero irteeraren bat egitea pentsatu dutenak. Sabino de Bilbao da horietako bat: "Normalean Pirinio aldera egiten dugu Aste Santuan. Aurten, baina, arazotxo batzuk tarteko, hemen gelditzea erabaki dugu. Aste Santu hau, Euskal Herriko txokoak ezagutzeko aprobetxatu dugu, eta gaur Gatzagara etorri gara. Mendizalea naiz eta aspalditik ezagutzen dut Debagoiena. Gaur, herriko jatetxe batetan bazkalduko dugu".

Eta Oñatin, turista profilaren beste alderdia ikusi ahal izan dugu. Alegia, kanpotarrak, Debagoienean. Kataluniatik etorritako 28 laguneko talde batekin egin dugu topo Unibertsitatea eta San Migel parrokia bisitatzen ari zirela. Remedios Navarrok eman digu ikusitakoaren berri: " Oso polita da. Duela 20 urte izan nitzen hemen eta esan dezaket, asko aldatu dela, eta onera. Unibertsitatea eta parrokia ikusi ditugu eta benetan ikusgarriak dira. Bergaran eta Arrasaten ere izan gara eta gustatu zaigu bailara".

Arrikrutzen berriz, bisita ugari

Turismoari dagokionean, orokorrean, Aste Santuko eguraldi petralak onik egin ez badu ere, Oñatiko Arrikrutz koban mesede egin du euriak. Hain zuzen ere, erreka aktibatu du horrek, eta turistentzat ikusgarri gelditu da. Gainera, kobazulo barruan berdin du kanpoko eguraldiak, eta horrek jende mordoa ekarri du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak