Jarraipen desberdina izan zuen greba deialdiak atzo Arrasaten

Maider Arregi 2008ko mai. 9a, 11:12
Erdialdea Erdiguneko denda eta taberna guztiak itxita egon ziren; han igarri zen gehien grebaren eragina. Hainbat lantegitan, emaitza ez zen loteslea, eta langile askok lanera joatea erabaki zuten. Goizean, piketeak egon ziren erdialdean Ertzaintza joan zen, eta hogei bat lagun identifikatu zituen.

Mankomunitatean batzarra egin zuten eguaztenean egoera aztertzeko; gaur, prentsaurrekoa eta kontzentrazioa egingo dute Kulturaten.
Atzoko deituta zegoen greba orokorrak jarraipen ezberdina izan zuen Arrasateko lantegietan eta taberna eta denda txikietan. Herritar talde handi batek deitu zuen greba orokorra atzorako Arrasaten. Ino Galparsoro alkateari babesa eman eta haren espetxeratzea salatzea izan zen grebaren helburua.
07:30erako, piketeak zeuden Arrasateko erdialdean. Han zeuden herritarrek jakinarazi zutenez, Ertzaintza joan zen eurak zeuden tokira eta jarrera probokatzailea erakutsi zuten. Gainera, 33 pertsona identifikatu zituzten. Gaineratu dute pertsona bati salaketa ipini ziotela, eta deklaratzera deituko dutela esan ziotela. Ertzaintzak adierazi zuen ez zela arazorik egon goiz partean, ezta manifestazioan ere. Hala ere, piketeetan zeudenei identifikatzeko eskatu zieten; 20 pertsona ingururi.

Erdialdean, dena itxita

Esan bezala, greba deialdiak erantzun ezberdina izan zuen lantegietan eta merkatu txikian. Arrasateko erdialdeko denda eta taberna ia guztiak itxi egin zituzten. Erdialdean nabaritu egin zen grebak izan zuen eragina. Hiper Eroski itxita egon zen, eta baita udal zerbitzu guztiak ere. Lantegietan, ordea, erantzuna bestelakoa izan zen. Hainbat lantegik bat egin zuten deiarekin; hala ere, lantegi askotan ez zen loteslea izan emaitza. Hala, langile asko lanera joan zen. Ez zuten deialdiarekin bat egin, besteak beste, Fagor Elektratresnek, Fagor Elektragailuek, Fagor Elektronikak, Fagor Ederlanek eta Automationek, Euskadiko Kutxak eta Ikerlanek. Beste egun batzuetan egoten den joan etorria ikusi zen atzo ere lantegi inguruetan.

Mankomunitatean eragina

Bestalde, Galparsororen atxiloketak eragina izan du Debagoieneko Mankomunitatean ere. Gogoratu Arrasateko alkatea  Mankomunitateko lehendakaria ere badela.
Debagoieneko Mankomunitatean batzarra egin zuten eguaztenean. Aho batez onartu zuten Gobernu junta osatzen duten kideek Eskoriatzako alkate eta Mankomunitateko lehendakariorde Pedro Lasagabasterrek aurkeztutako proposamena. Onartutako adierazpenean eskatzen da Galparsoro berehala askatzea, pertsona gisa dagokion askatasuna, eta udal eta Mankomunitateko zereginak eta jarduna berreskura ditzan. Adierazpenak esaten du bozetan herriak aukeratu zuen alkatea atxilotu dutela "inolako arrazoirik gabe" eta "zentzugabea eta bidegabea" dela.
Pedro Lasagabasterrek esan du Mankomunitatean ez dela aldaketarik egongo. "Nik lehendakariorde bezala bete behar batzuk izango ditut, baina Inok jarraituko du lehendakari karguan", dio Lasagabasterrek. Honen berri emateko, gaur, 10:00etan, prentsaurrekoa emango dute Kulturaten. Ondoren, kontzentrazioa egingo dute Mankomunitatea lehendakariarekin, Ino askatu lelopean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak