Italiako zaborraren kudeaketaz ikastera

Iker Barandiaran 2010ko eka. 7a, 11:09

Ibarreko udaletako ordezkaritza bat Italian da egunotan hondakinen kudeaketan Milan eta Turin inguruko herrietan dituzten esperientziak ezagutzen. Talde zabalago baten barruan joan dira Italiara, San Marko Mankomunitateko ordezkariekin batera, hain justu ere.

Ibarreko ordezkari asko

Arrasateko eta Eskoriatzako gobernu taldeetako kide Oihana Aranburu eta Dorleta Lezeta eta Antzuolako zinegotzi Dina Mujika (EAJ) eta Francisco Morcillo (PSE-EE) daude han, baita udal langile eta gaztetxeetako ordezkari bat ere. Alderdi politiko gehienak ordezkatuta daude.

Usurbilen, Hernanin eta Oiartzunen atez-ateko sistemaren bidez jasotzen dituzte hondakinak. Debagoienean, ostera, irekita dago hondakinen kudeaketaren gaineko eztabaida. Zenbait alkatek eta Mankomunitateko Ingurumen Saileko buru Pedro Lasagabasterrek atez-ateko sistemaren aldeko apustua egiten dute. Ibarreko beste zenbait arduradun eta alderdik ez dute hain garbi, eta bada bosgarren edukiontzia (hondakin organikoendako) hobesten duenik ere.

Egunotan hondakinen kudeaketari dagozkien beste hainbat kontu eta azpiegitura ezagutzeko aukera izango dute; adibidez, herritarrei sortzen duten zabor kopuruaren araberako tasak kobratzeko moduak eta hondakin organikoak tratatzeko konpostaje plantak. Eta inguruko hainbat entitaterekin bilerak egingo dituzte.

"Etorri gara ikastera atez-ateko sistemak nola funtzionatzen duen hemen", dio Dina Mujika, Antzuolako EAJko zinegotziak. Horri hau gehitzen dio Arrasateko Oihana Aranburuk: "Italian aitzindariak dira atez-atekoan, eta erakutsi nahi dugu Euskal Herrian ere badaudela erraustegia ez beste aukera batzuk eta ongi funtzionatzen duela atez-atekoak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak