Iruña-Veleiako idatziak benetakotzat hartu ditu Elexpuruk

Iker Barandiaran 2009ko mai. 14a, 19:06
Bergarako filologo Juan Martin Elexpuruk txosten zabala idatzi du Iruña-Veleiako aurkikuntzen gainean. Elexpuruk aurkitutako hitz eta esaldiak aztertu ditu bakarrik; hau da, euskara bakarrik hartu du aintzat. Hala ere, arkeologia, latinera eta bestelako alorrak beste aditu batzuek aztertu dituzte; eta guztiak, Elexpuru barne, koordinatuta daude. Bere ikerketaren berri emateko bloga egin du Goiena.net-en eta bertan duzue Elexpururen lana ezagutu eta eztabaidatzeko aukera.

Urtarriletik, lanean

Iruña-Veleiako aztarnategia itxi eta horren ardura zeukan enpresa bota zutenetik inork ez du zalantzan jarri han aurkitutakoa. Hori da Elexpururen kezka nagusiena. Hala, urtarrilean Alava.net webgunean aurkikuntzen gaineko argazkiak eta aldekoen eta kontrakoen txostenak argitaratu zituztenean, buru-belarri jarri zen Elexpuru aurkikuntzan agertutako euskarazko hitz eta esaldiak aztertzen.

Hori guztia aztertuta, Elexpuruk uste du idatzi horiek benetakoak direla, eta "oso zalantza gutxirekin", gainera: "Bizitza arrunteko gauzak agertzen dira, koloreak, komunitate kristiano bat egon zenaren aztarnak...".

Egiaztatze lan eskasa 

Are gehiago, Elexpuruk uste du aurkikuntzen hasierako emaitzak ezeztatu zituen batzorde zientifikoak oso argumentu "arinak" erabili zituela: "Ez dakit zergatik, baina ez dute askorik ikertu; euren argudioak bertan behera bota daitezke erraz".

Uberako filologoak euskarazko 170 bat hitz aurkitu ditu hango zeramika eta bestelakoetan: "Hainbat errepikatuta daude; hortaz 70 bat-edo izango dira desberdinak; eta guztira, 15 bat esaldi. Kristo osteko II, III. eta IV. mendeetako halako aurkikuntza egitea oso-oso garrantzitsua da, orain arte euskarazko lehenengo esaldiak X. mendean kokatzen ziren-eta".

Aztarnategia zabaltzea gura dute, Iruña-Veleia "euskal Ponpeya izan daitekeelako".

Bloga Goiena.net-en

Landutako txostena gaur eseki du sarean: goiena.net/blogak/elexpuru . Helburua da interaktibitatea eta eztabaida sortzea, "inork ez duelako Iruñea-Veleiaren gainean berba egiten; badirudi estalita eta ahaztuta dagoela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak