Goizeko lauetan zerura begira jartzen denak ilargi eklipse osoa ikusi ahal izango du, hodeiek galarazten ez badute behintzat. Ilargi eklipsea 51 minutuz ikusi ahal izango da Euskal Herrian, nahiz eta mundua zeharkatzen bost ordu eta 42 minutu iraungo dituen.
Lurra eguzkiaren eta ilargiaren erdian tartekatzen denean gertatzen da ilargi eklipsea. Hirurak ilaran egonda, lurraren itzalaren atzean gelditzen da ilargia eta, ondorioz, ilundu egiten da. Hainbat segundoz, kolore gorrixka izango du, baina ez da begientzako arriskutsua. Horregatik, edonork ikusteko modukoa da eta behatzaileek ez dute babes berezirik beharko. Lau aldi ditu eklipseak, baina adituek ohartarazi dute, goizaldean lainoak badaude, zaila izango dela horiek behar bezala aztertzea.
Poloetako hodeiak
Era berean, zerua oskarbi egonez gero, Euskal Herrian kolore urdineko poloetako hodeiak ere egongo dira ilunabarrean. Fenomeno meteorologiko hori, eklipsearen antzera, ikusgarria dela diote adituek. Euskal Herrian hodei horiek ez dira ohikoak, sortzeko tenperatura baxua behar dutenez, normalean ipar eta hego poloetan egoten baitira. Zientzialariek jakinarazi dutenez, poloko hodeiak nitratoaren eta uraren arteko nahasketaren ondorioz sortzen dira, atmosferaren goialdean, zero azpitik 80 gradu baino beheragoko tenperaturan. Espiral eta koma itxura izan ohi dute askotan. Arratsaldeko zazpiak laurden gutxiagotan hasita, ordu erdian izango da horiek ikusteko aukera.